argia.eus
INPRIMATU
Akebom Hadush Tesfay
Irati Sarasua Arabaolaza @iratisarasua 2013ko maiatzaren 07a

“Wukro-n (Etiopia iparraldean) jaio nintzen arren urte gutxiren buruan aitak herrixka batean zuen lursailera joan ginen bizitzera. Aita nekazaria da, baina hamahiru urte gaixo daramatza, ia ezin du lanik egin eta amaren egoera ere ez da lan egiteko modukoa. Eskolan hasi nintzen kirola egiten, duela bi urte lasterketetan parte hartzeari ekin nion, atletismoko talde batean hartu ninduten eta horregatik, Tirhasek bezalaxe, bizimodu hobexeagoa dut. Arazoa da korrika saioetan egindako lan onak ez dakarrela etxeko egoera hobetzerik. Nork daki, erritmo ona hartu eta hobetzen hasiz gero, agian familiari laguntzea lortuko dugu egunen batean. Donostian bizitako guztia asko eskertzen dugu. Hona etorri izanak konfiantza pixka bat eman digu, jendeak egin digun harrera izugarria izan baita”.