Bederatzi urtez aritu zen Mark Kennedy Britainia Handiko militante ekologista sutsuenen artean poliziarentzako eta konpainia pribatuentzako zakur lanean, hanka sartze ttiki batek agerian utzi duen arte. Zergatik eta zertarako? Antza denez, ingurumenaren aldeko ekintzak burutzen dituzten taldeak terrorista arriskutsutzat dauzkate.
Iazko apirilean 114 ekintzaileri eraso zieten polizia ingelesek Ratcliffe-on-Soar herriko eskolan, bertako zentral termikoa asaltatzeko prestakuntzetan ari zirela. Egoitza publikoan baimenik gabe sartzeagatik auziperatu zituzten hogei; sei espetxean egon dira geroztik ikatzezko zentrala matxuratu nahi zutelakoan... harik eta duela hamabost egun demostratu zen arte tartean polizia infiltratu bat zebilela. Defentsak argudiatu zuen polizia aritu zela legez kontrako azioa burutu zedin xaxaka.
Mark Kennedyren izena madarikatuko dute ingurumenari eta ekologiari lotutako gatazketan murgildurik dabiltzan ekintzaileek. Mendebalde aberatseko gatazken berri nahi duenak, berriz, analisiak osatzeko behar diren hari muturrak aurkituko ditu sasi-ekologista ustelaren istorioan.
Honela laburbildu zuen albistea Daily Telegraphek: “Mark Kennedy eko-zomorroia agerian geratzeak azaldu du infiltratuta ari diren polizien kontrolik eza, eta susmoak piztu ditu aktibisten artean”.
Kennedy 30 urte zituela eta hiriburuko polizian ari, National Public Order Intelligence Unit (NPOIU) sailak begiz jo zuen ezkutuko lanetarako. NPOIU ei da Erresuma Batuko polizia sekretuaren barruan “ekintzaile berdeak” pertsegitzeko lanean ari dena. Kennedyk txima luzeak utzi zituen, Stone abizen berria eman zioten, infiltraziorako prestaketa lanak egin eta 2003an azaldu zen Yorkshire eskualdeko kanpaleku batean, ekintzan murgiltzeko irrikaz.
Komunikabideek literatura franko sortu dute pajaroaren kontura. Beti lanerako pronto zegoela, beste inor baino ausartago jokatzen zuela, oso eskuzabala zela bere diruarekin, horrelako azioetarako primeran datorren furgoneta handi batean mugitzen zela... eta hori guztia gutxi bazen, gizon ederra zela. Hitz batez esanda, alfa ar bat zela: sekulako arrakasta emakumeekin.
Britainia Handiko ekintza askotan hartu omen zuen parte, tartean Gleneagles-en 2005ean G8aren bilkura zela-eta antolatutakoetan. Europan barrena ere ibilia zen, Alemanian, Islandian, Irlandan, Holandan, Espainian... Horrelako agentearekin pagotxa zeukaten polizia buruek, informazio iturri aparta.
2009ko apirilean gertatu zen aipatu dugun Rattcliffe-on-Soarrekoa, ziento bat militante indargabetu zituztela zentral elektriko bat saboteatzera zihoazenean. Kennedy izan zen ihes egin zutenetako bat, gero inguruko pub batean burkide burumakurrei birra bana pagatu ziena. Handik laster Kennedyk polizia lana utzi omen zuen, ez ordea espioitza, freelance moduan segitu baitzuen salatari. Daily Mailek publikatu du E.ON energi multinazionalak pagatuta aritu zela.
Urrian erori zen, mozoloa legez, benetako pasaportea agirian laga zuenean eta orduan berarekin zebilen neskalagunak ikusi. Hondoa jo omen zuen, egindakoak aitortu eta ekologisten artean mozorrotutako cop gehiagoren berri eman. Penitentzia gisa, lehen saldutako kideen aldeko lekuko izatea eskaini zuen.
Gero Ingalaterratik ezkutatu zen. Agidanean, Estatu Batuetan dabil.
Polizia infiltratua hurbiletik ezagutu zuen Emily Apple ekintzaileak bere egonezina azaldu du The Guardian egunkariari igorri idatzi batean: “Badakigu gure mugimenduak behin eta berriro zulatzen dituztela; kontua ez da ea gertatzen ote den, kontua da nor den salataria”.
Appleren iritzian, horrelako zomorroiek polizia buruei informazioa emateaz gain mugimendua ezegonkortzea bilatzen dute. Hasteko, filtrazioengatiko paranoiak kalte handiak eragiten dituelako taldeetan. Baina hauen estrategia eta taktiketan ere eragin dezakete.
Kasu bat aipatu du Emily Applek. Duela urte pare bat Bradford hirian ekintza zuzeneko taldeak ari omen ziren eztabaidan, zer egin han English Defence League ultraeskuindarrak antolatu zuen bilera hondatzeko. Militante askok hiriaren erdigunean egin nahi zuten indar erakustaldia, baina Kennedyk proposatu zuen legez kontrako ekintza nabarmenagoak egitea, autoak hondatzea. “Kennedyk primerako modua aurkitu zuen azioari dagokionez bera ausart azaltzeko, eta aldi berean jendea erdigunetik urrun atxikitzeko”. Justu poliziak nahi zuena, antza.
Emily Applek beste batzuekin www.fitwatch.org webgunea animatzen du, ekintzaileei aholkuak eta informazioak eskainiz poliziaren taktika eta estrategiez. Fitwatchen azaldu berri dute beste infiltratu baten izena, Lynn Watson, haren istorioa kontatuz. “Militanteok segitzen badugu kalean indartzen, poliziak zulatu eta nahastu nahiko ditu talderik nabarmenenak, nola edo hala. Hala ere, Kennedy aferak erakutsi du ekintzaileen elkartasun sarea sendoa dela. Kalteak nozitu dituztenak zaindu eta laguntzeko gai izan gara: horretan eusten badiogu, indartsu izango gara aurrerantzean ere”.
Bestelako lezio gehiago badu polizia mozorrotuarenak. Madrilgo El Paísek Londresen duen berriemaile Walter Oppenheimer-ek azpimarratu du Mark Kennedyk informazioa pasatzen zion taldea, balizko estremistei jarraipena egiten diena, Association of Chiefs Police Officers (ACPO) elkartea dela. “Itxurak arren, ACPO erakunde pribatua da, Ingalaterra, Gales eta Ipar Irlandako polizietako ofizialek osatua; hori dela eta informazio askatasuna babesten duten legeak ez dio eragiten, eta barne dokumentuak plazaratzeko obligaziorik ez dauka”. Alegia, munduan armadak bezala polizi lanak ere pribatizatu direla herritarron oharkabean.
Red Pepper aldizkari ezkertiarraren blogetakok batean, albisteaz luze idatzi du Tilly Gifford ekintzaileak. Hegazkintzako industriari eta aireportuen handitzeari aurre egin nahi dien Plane Stupid mugimenduaren sustatzaileetakoa da.
Giffordek salatu du berrikitan BBC katean polizia buru batek aitortu duela lasai ederrean ingurumenaren aldeko ekintza taldeetan infiltratuta daudela, ez bakarrik poliziak, baita segurtasun konpainia pribatuetakoak ere. Hain zuzen, informazioa ateratzeaz gain, talde horiek izorratzeko.
Plane Stupid gertuagotik kontrolatzeko Gifford berari bi gizon joan zitzaizkion iazko martxoan, Aberdeeneko aireportua itxi nahian zebiltzanean, dirua eskainiz. Amarruaz ohartuta, Gifford eta beste kideek lortu zuten bi tipoak filmatu eta haien irudiak zabaltzea, baina inork ez zien sekula argitu zeinentzako ari ziren informazio bila.
“Ikerketa osoa behar dugu, ez politikoek eta ez poliziek egina, epaile baten aurrean burutua baizik. Ohar gaitezen polizien eta finantza interes handien arteko loturez: erasotzen ditugun negozioek ingurumenarentzako dauzkaten ondorioak badirela haiekin irabazten dituzten diru pilak bezain izugarriak”.
Arizona
Aktoreak: Aitziber Garmendia eta Jon Plazaola..
NOIZ: urtarrilaren 26an.
NON: Berrizko Kultur Etxean. plazan.
-------------------------------------------
Arizona eta Mexiko banatzen dituen muga zaintzera abiatu da Idahotik Margaret (Aitziber Garmendia) eta George (Jon... [+]
'Tristan und Isolde' opera
Bilbao Orkestra Sinfonikoa. Zuzendaria: Erik Nielsen.
Bilboko Operaren Abesbatza. Zuzendaria: Boris Dujin.
Eszena zuzendaria: Allex Aguilera.
Bakarlariak: R. Nicholls, G. Hughes Jones, M. Mimika, E. Silins, C. Daza, D. Barcellona, J... [+]
Usurbilgo Atxega Jauregian, urtarrilaren 31n, hedabideetako, kulturgintzako eta erakunde publikoetako ehun lagun inguru bilduko dira. Bazkariaren ondoren, 16:00etan egingo da sari banaketa. Antton Mendizabalek egingo dituen azken garaikurrak jasoko dituzte saridunek... [+]
Prozesu onkologikoetarako tresnak lantzen ditu Paula Barrio yoga onkologikoko irakasleak: “Gorputzarekin eta lesionatutako zonaldearekin konektatzen dugu”.
Zestoan (Gipuzkoa), 2024ko irailaz geroztik, baliabide ekonomiko urriko haur eta gazteak bost kultur eta kirol ekintzen artean bat aukeratu, eta horretan doan aritu daitezke. Udalak dirulaguntzen araudia berritu du, haurren aisialdia eskubide bat dela argudiatuta. Aldaketarako... [+]
Lehen itzulitik bigarrenera, auzapezgotzara jauzi egin zuen Ramuntxo Labat-Aramendi abertzalearen zerrendak. Erdiespena "xinaurri lanari esker" egin zela uste du Labat-Aramendik. Ahetzen zerrendak bozen %44,39 lortu zuen urtarrilaren 12an eginiko behin betiko bozketan... [+]
Modu horretan, euskara eta euskal kultura hiriaren bihotzera eraman duen proiektuari egonkortasuna eta sendotasuna emanen diote.
Ehundaka langile elkartu ostegunean Bilbon egin den giza katean “Lan baldintzak hobetu, hemen eta orain erabakita” lelopean.
52 urteko altsasuar bat hil da ostegunean Arbizun lan istripua izan ostean, Nafarroako Foruzaingoak jakinarazi duenez. Urtea hasi zenetik Euskal Herrian lan istripu batean hildako laugarren langilea da. Ezbeharra herriko erdigunean dagoen etxebizitza bat zaharberritzeko lanetan... [+]
Ikasturtea hasi denetik hirugarren greba eguna izan da ostegunekoa Nafarroako Hezkuntza Publikoan eta goizeko mobilizazioen ondoren, LAB, Steilas, ELA eta CCOO –protestaren deitzaileak– pozik agertu dira. Euri jasak eta hotzak lagundu ditu etengabe irakasleak... [+]
Urtarrilaren 30 honetan abian jarri du Israelek Jerusalem ekialderako UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoaren debekua. Urtarrilaren 15ean adosturiko su-etenari segi, bahituen eta presoen hirugarren trukea dute ostegun honetan.
Joaquin Beltran eta Alberto Sololuze gogoratzeko eta hondamendiaren erantzukizunak eskatzeko elkarretaratzea egingo dute igandean Zaldibarko Eitzaga auzoan. Luizia “enpresarien diru goseak” eragin zuela, eta Eusko Jaurlaritzak “ardura txikiena ere ez duela... [+]
EAEko Auzitegi Nagusiaren epaiak ez duela "zirrikiturik utzi" dio SOS Talaimendi plataformak, eta "oraindik merezi duten legezko zehapena jaso ez duten zenbait erabaki arbitrario eta ia delituzko" geratzen direla adierazi du. Besteak beste, Zarauzko Udalak... [+]
Osasun Publikoaren Aldeko Herri Plataformak (OPA) manifestazioak deitu ditu otsailaren 1erako. Mobilizatzeko deia egin dute osasunaren pribatizazioari aurre egiteko, lehen arreta indartzeko, osasun arloko langileen baldintzak hobetzeko, prekaritateari aurre egiteko eta kudeaketa... [+]
Genero-indarkeriaren biktima den emakume bat eta haren bost seme-alabak, horietatik hiru hemezortzi urte beherakoak, etxetik bota nahi izan dituzte ostegunean. Erabakia aurrera eramateko baldintzarik ez zegoela argudiatuta ez dute kaleratzea burutu, baina beste data bat... [+]