Aurten hamabost urte beteko ditu Erraldoien Txokoa kultura guneak. Hamabosgarrena eta, antza denez, azkena. Euskaraz eta euskal kulturaren inguruan Iruñeko Udalak antolaturiko programazioaren egoitza nagusi bilakatu da azken hamar urte luze hauetan. Euskaldun eta euskaltzale askoren bilgune hau desagerturik, euskarazko ekitaldiak hirian zehar hamaika aretotan barreiaturik geldituko direlako susmoa dago.
1996ko maiatzean zabaldu zen gaur egun Erraldoien Txokoa izenaz ezagutzen dugun kultura gunea. Iruñeko Alde Zaharreko Descalzos kalean zegoen Karmeldar Oinutsen komentua izandako eraikina berritu zuten Udalaren Eskola Tailerreko ikasleek, artean zertarako erabiliko zen argi ez zegoela. Valentín Redín, antzerki zuzendari eta egile ezaguna, eta garai hartan Udalaren Kultura Zuzendaria, izango zen toki berriaren etorkizuna erabakiko zuena, neurri handi batean. Udalaren Kultura Arloa hango bulego berrietara eramateaz gain, itxitura mugikorrez estalitako patio zabala prestatu zuen Iruñeko Konpartsako Erraldoi eta Buruhandiak han gordetzeko asmoz. Hortik heldu zaio izena. Inoiz iritsi ez direnak, ordea, kartoizko erraldoiak izan dira, haiek autobus geltokia izan baitute beti gordeleku: 2007ra arte geltoki zaharra, eta orduz geroztik, berria. Halere, ezin esan toki honek tamaina handiko bizilagunik ez duenik: Udaletxearen etxaurretik kendu zituzten harrizko bi herkules handi, apaingarri paratu zituzten txokoan orain dela lau urte.
Lehenbiziko urteetan, CDNko Javier Chorraut alkate eta Joaquin Pascal sozialista kultura zinegotzi zirela, aretoa hiritarren ekimenei irekia egon zen. Hau da, edonork antolaturiko jarduerak egin zitezkeen bertan. 1999an, aldiz, UPNren izenean Yolanda Barcina alkate postura iritsi zelarik, bide hori moztuta gelditu zen. Hortik aurrera Udalak berak antolaturiko programazioek baino ez zuten izanen tokia areto honetan. Horrela, eta poliki-poliki, Euskara Zerbitzutik bideraturiko kultura jarduerak nagusitzen joan ziren bai patioko eszenatokian, baita lehen solairuko hitzaldi aretoan ere.
2009an erabilpen berria onartu zuten: azken agur zibilen bilkurak bertan egitea erabaki zuen Udalak, baina denbora tarte honetan soilik bitan erabili izan da zeregin horretarako. Horietako bat Pablo Antoñana idazlearen agur ekitaldia izan zen.
Erraldoien Txokoaren balizko desagerpenaren arrazoi nagusia Descalzos kalearen beste muturrean bilatu behar da. Han kokatua dagoen Nafarroako Museoa handitzeko proiektua abian da. Joan den urtean Nafarroako Gobernuak eta Iruñeko Udalak protokolo bat sinatu zuten museo honetan Arte Garaikide areto berria zabaltzeko. Era honetara hasiko dira gauzatzen duela bi urte Juan Ramón Corpas Kultura kontseilariak Legebiltzarrean aurkeztu zuen Arte Garaikidearen Sustatze eta Garatze Plan Orokorra. Plan horrek proposatzen du 5.000 metro koadroko eta hiru solairuko eraikin berria egitea egungo museoaren aldamenean.
Mercedes Jover, Nafarroako Museoko zuzendari berriak azaldu duenez, oraindik hausnarrean ari dira gai horren inguruan, baina “aukera paregabea izanen da museoak dituen arte garaikide lan garrantzitsuenak erakusteko”. Zuzendariaren ustez proiektua oso egokia da kokapena ezin hobea delako, Iruñeko bihotz-bihotzean.
Arte Garaikideari buruz, Nafarroako Museoari maiz egiten zaion kritika da aldi baterako erakusketak urriak direla eta bilduma iraunkorrak zendutako artisten lanak soilik biltzen dituela. Mercedes Jover zuzendariak argitu du irizpide hori duela zenbait urte onartu zela “toki faltarengatik, hain zuzen ere”.
Gizartearen eta bereziki artisten aldetik zalantza eta kezka asko plazaratu dira aspaldi Arte Garaikidearen inguruan. Iñaki Arzoz, artista eta ikerlariak Nafarroan “hogei urteko atzerapena” daramagula dio. Era berean, plangintza berriaren inguruan zuhur ageri da: “Hemen Arte Garaikidearentzako areto sare bat osatzeaz hitz egiten da, baina konektatzeko nodoak falta dira”.
Artista eta talde askok eratutako Artearen Plataformak joan den abuztuan eginiko diagnostikoaren arabera, Nafarroan egitura falta nabaria da. Arlo pribatuan 2009an sei galeria desagertu ziren, haien artean beteranoena, Pintzel, eta gazteena, Reciclarte. Gaur egun, bat baino ez da gelditzen artearen eremu honetan lanean: Moisés Pérez de Albéniz. Alor publikoan ez dago Arte Garaikidearentzako gune propiorik eta deskoordinazioa da nagusi.
Artegile hauek adierazi dutenez, kultura-etxeetan egiten diren ekimenek bertako sortzaileen lana dute oinarri nagusiki eta udal aretoetako arte garaikide erakusketek, “dibulgatiboekin” txandakatu beharra izaten dute. Bestalde, Oteiza museoa, aitzindaria izan zitekeen gune garrantzitsua, Jorge Oteizaren lanari eta garaiari mugatuta gelditu da; eta Uharteko Arte Garaikide Zentro berria hutsik dago. Zentro hau orain berriki Nafarroako Gobernuaren eskuetara heldu da, Uharteko Udalak ezin zuelako kudeatu. Urte gutxian aldaketa ugari eta sakon izan ditu eta orain birdefinizio unean dago, zuzendari berri baten zain. Iruñerriko Uharten berean Buldain Fundazioaren museoa ere badago, hau ere bere kabuz lanean.
Nafarroako Museoarena ez da, halere, orain bidean dagoen arte mota honi loturiko gune berri bakarra. Opuseko Nafarroako Unibertsitatea bere museoa zabaltzekotan da, Huarte familia dirudunak haiei emandako arte bilduma hartuko duena.
Aurreikusia dagoen egitasmoaren arabera, Museoaren aldamenean eraikin berria egin ahal izateko beharrezkoa da bertan dagoen haur eskola tokiz aldatzea. Nuestra Señora de los Ángeles haur eskola, Nafarroako Gobernuarena, Alde Zaharrean dagoen bakarra da.
Gaur egungo patioa haur txikientzako eskola bihurtzeak ez dirudi lan erraza, begi bistan, bederen.
Alfredo Hoyuelos, Nafarroako Unibertsitateko irakasle eta 0-3 Hezkuntzaren Aldeko Nafarroako plataformako kideak azpimarratu duenez, legea argia da eta eskakizun tekniko zehatzak bete behar dira haur eskolak antolatzerakoan. Honez gain, Iruñean haur eskola publiko gehiago behar direla azpimarratu du. “Publikoak eta kudeaketa publikoa dutenak”, zehaztu du. Euskararen presentzia ere handitu beharko zen, argi eta garbi. Egun hamahiru udal haur eskola publiko daude hirian 1.111 ikaslerekin ikasturte honetan, eta beste bost Nafarroako Gobernuko Gizarte Ongizate Sailaren menpe, 332 ikaslerekin. Horietarik hiruk, berrienek, gaztelania-ingelesa eredua eskaintzen dute eta soilik bik euskarazko irakaskuntza. Bi horiek, gainera, auzo berean, Txantrean, daude kokaturik. Desoreka handia alde guztietatik. Erraldoien Txokoan kokatuko den eskolak zer hizkuntza-eredu eskainiko duen ez da ezagutzera eman orain arte, baina azken urte hauetan ingelesaren aldeko Udalaren apustua agerikoa da.
Neguan aterpean, berogailuen arrimora, eta udan, gaineko manparak irekirik, izarren azpian, azken hamarkada honetan aunitz dira Erraldoien Txokoan gozatu ahal izan ditugun hitzaldi, kantaldi eta antzerki saioak (ikus orrialde honetako koadroa). Udalaren Euskara Atalak antolatutako ekimen hauen antolaketan, hainbatetan, beste zenbait erakundek ere esku hartu izan dute, Nafarroako Ateneoak edota Bertsolarien Lagunak elkarteak, besteak beste.
Hemendik aurrera programazio horiekin zer gertatuko den ezin jakin. Hiriko auzo desberdinetan Udala zabaltzen ari den Civivox izeneko guneen sarean euskara erabat bazterturik dago, Iñaki Azkona, Udaleko euskara teknikariak behin baino gehiagotan salatu duenez. Urtetan emeki-emeki mamituz joan diren kultur bide hauek ezabatuko al dira, egoitza fisikorik gabe?
Domino fitxa ilara honetan erortzen azkena euskararen inguruko programazioarena izanen da, antza denez.
Atzera begira jarrita, zalantza sortzen da, Descalzos kaleko eraikina azkenean ez ote den benetan erabili erraldoiei ostatu emateko. Hona hemen, urteek utzitako kultur uzta oparoa.
Jardunaldi eta zikloak: “Behe Nafarroara hurbilpen saioa kulturaren bidetik”, “Euskara euskaroen garaian”, “Euskara eta hizkuntza erromantzeak”, “Arteaz gozatu eta ulertzeko”, “Euskal literatura”, “Iruñea historian zehar”, “Done Jakue Bidea Nafarroan”, “Lauaxeta, jaiotzatik 100 urte”, “Kixote, 400 urte”, “Pío Baroja: 50 urte”, “Alexander Tapia Perurenari buruzko zikloa”, “Joan Perez de Lazarragari buruzko zikloa”, “Humboldt, Menendez Pidal eta Arturo Campionen inguruan: ernazimendua eta nazio identitate berrien sorrera”.
Hitzaldiak: Kepa Altonaga, Antton Luku, Jose Angel Irigaray, Koldo Izagirre, Castillo Suarez, Pello Salaburu, Jokin Muñoz, Jon Maia, Txomin Peillen, Joxemiel Bidador, Aingeru Epaltza, Roldan Jimeno, Anjel Lertxundi, Kirmen Uribe, Mª Jose Olaziregi, Bixente Serrano Izko, Caroline Phillips, Andoni Egaña, Jose Ignazio Ansorena, Iñaki Perurena, Miguel Ángel Lotina, José Mª Satrustegi, Juan San Martin, Maialen Lujanbio.
Musikariak: Ruper Ordorika, Pier Paul Berzaitz, Rafa Rueda, Maddi Oihenart, Petti, Josetxo Goia-Aribe, Jabier Muguruza, Mikel Markez, Kerobia, Joseba Irazoki, Karidadeko Benta, Maialen Errotabehere, Antton Valverde…
Irungo tren geltokian, Aduanaren eraikinaren atzealdean dagoen Pequeña Velocidad pabiloiak zutik jarraituko du, 1936ko gerraosteko giltzapetze-sistema beldurgarriaren lekuko gisa, talde memorialisten borrrokaren ondorioz. Pabiloia frankistek erabili zuten 1936tik 1942ra,... [+]
EHUko Errektoretza Taldeak ARGIAra igorritako oharrean zehaztu duenez, Filologia Hispanikoko irakaslearen aurkako salaketen "berri izan zuen unetik abian da protokoloak zehazten duen prozedura". Denuncias Euskal Herria Instagrameko kontuan bost salaketa anonimo... [+]
Erretzailea ez izan arren tabakoaren kea jarraikortasunez irensteak ekar ditzaken osasun arazoak ikertu ditu Bartzelonako Osasun Globaleko Institutuak, eta frogatu du arrasto arriskutsuak uzten dituela haurren DNAn.
Kurtso hasieran, 2024ko irailean EHUko Bizkaiko campusean lan-zuzenbidea irakasten zuen irakasle faxista baten berri eman zuten ikasleek. Beste irakasle bat salatu berri dute, oraingoan EHUko Arabako campusean Farmazia Fakultatean, sare sozialetan mezu eta ideia erreakzionarioak... [+]
"Hamasek gure bahituak larunbat eguerdia baino lehen itzultzen ez baditu, su-etena amaitu egingo da eta armadak gogor borrokatuko du Hamas garaitu arte", adierazi du Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk, talde palestinarrak preso trukea behin-behinean... [+]
Irailaren 9ra gibelatu dute Kanboko kontseiluan gertatu kalapiten harira, hiru auzipetuen epaiketa. 2024eko apirilean Kanboko kontseilu denboran Marienia ez hunki kolektiboko kideek burutu zuten ekintzan, Christian Devèze auzapeza erori zen bultzada batean. Hautetsien... [+]
Otsailaren 10 eta 11n ehun bat estatuburu elkartu dira Parisen, Adimen Artifizialaren sektoreko ordezkariekin batera, AAri buruzko laugarren gailurraren kari. Abiadura handian garatzen ari den teknologia horri buruzko kezkak eta galderak entzun badira ere, ez zen horientzako... [+]
Oinarrizko maia komunitateko U Yich Lu’um [Lurraren fruitu] organizazioko kide da, eta hizkuntza biziberritzea helburu duen Yúnyum erakundekoa. Bestalde, antropologoa da, hezkuntza prozesuen bideratzaile, eta emakumearen eskubideen aldeko aktibista eta militante... [+]
Silogismo baten argumentuak hiru proposizio ditu, eta horietatik azkena nahitaez ondorioztatzen da beste bietatik. Logika deduktibo horrekin aztertu daiteke, nire aburuz, Nafarroan gertatzen ari den Aroztegiako gatazka sozioekologiko luze eta traumatikoa.
Tesia: Baztango... [+]
Poloniar ikerlari talde batek Sevillako Italica aztarnategiko Txorien Etxea aztertu du, eta eraikinaren zoruko mosaikoak erromatar garaiko hegazti-bilduma xeheena dela ondorioztatu du.
Txorien etxean 33 hegazti daude mosaikoetan xehetasun handiz irudikatuta. Beste... [+]
Berriki landu ditut klasean Etxahun Barkoxeren kobla eder eta hunkigarriak. Gaizo gizona! “Edertasunez praube” sortu zelako hasi zitzaizkion etxeko nahigabeak, baina hamazazpi urtetan zen pulunpaka sartu zorigaitzaren itsasoan, maite zuen Marie Rospide doterik gabeko... [+]
Elkarrizketa berritu dugu fakultateko idazkaritzan, auskalogarrenez: urruti daude, euren matrikula egiteko, ikasleak bakarrik etortzen ziren garaiak. Aspaldixko aldatu zen joera, eta gurasoek –nabarmenago amek– gero eta paper aktiboagoa hartzen dute seme-alaben... [+]
Gure lurraldeetan eta bizitzetan sortzen diren behar, desio eta ekimenen inguruan gero eta gehiago entzuten dugu harreman eta proiektu publiko-komunitarioak landu beharraz, eta pozgarria da benetan, merkaturik gabeko gizarte antolaketarako ezinbesteko eredua baita. Baina... [+]