argia.eus
INPRIMATU
Ez zaitzala estresak jan

Jabier Agirre 2011ko otsailaren 09a
drmikewellness.org

Estresa oso hitz arrunta eta ohikoa da gure inguruan. Gaur egun bizi dugun eguneroko erritmo azkarra dela-eta, biztanleen %84k aitortzen du bere bizitzan pasatu duela estres-aldiren bat edo gehiago. Gizonezkoen kasuan %28k diote gertakari horiek aldian behin errepikatzen direla; kezkagarriagoa da emakumeen %40 inguruk bere egoera naturaltzat definitzen dituztela estres-egoerak.


Estresa gorputzaren erreakzio fisikoa da, arriskutsutzat hartzen dituen egoeren aurrean gure organismoak ematen duen erantzuna. Erantzun horrek erreakzionatzen, erabakiak hartzen, aurrera egiten eta abar laguntzen digu neurri batean. Baina epe laburrerako onuragarriak diren egoera horiek denboran zehar mantentzeak esfortzu handiegia dakar gorputzarentzat eta baita adimenarentzat ere. Osasun arazoak agertuko dira orduan, larritasun-maila diferentekoak: infekzioak gehitu egiten dira, sistema immunologikoak ez duelako modu eraginkorrean erantzuten; bihotzeko arazoak –miokardioko infartua, esaterako– izateko arriskua areagotu egiten da; insomnioa edo migrainak agertzen dira; baita ere depresiorako joera, urdail-hesteetako arazoak, larruazalekoak, buru-soiltasuna eta abar.


Estresaren arrazoiak ugariak eta era askotarikoak dira, lan, diru nahiz familiako arazoekin lotua egon daitekeelako. Garrantzitsuena estresa garaiz detektatzea da, eta egoera horri erremedioa ahalik eta lasterren jartzea. Horretarako hainbat bide proposa daitezke:

- Ariketa fisikoa. Irtenbide egokia da, arazoa “ahaztu” eta adimena kezka horretatik deskonektatzeko modua ematen duelako. Igeriketa, aerobic-a edo dantza bera terapia eraberritzaile bikainak izan daitezke.

- Elikadura. Begi-bistakoa da urduritasun-aldi batean estimulatzaileak (kafea, alkohola, janari koipetsuak...) saihestea dela gomendiorik onena. Eta, aldiz, erlaxatzaile naturalak kontsumitzea komeni da: platanoa, brokolia, arbendolak edo gari-ernamuina. Baita infusio lasaitzaileak ere, noski.

- Nola erlaxatu. Erlaxazio eta meditazio-teknikak egokiak dira garai horietan, espezialisten eskutik ikasi eta praktikatuz gero.

- Terapia psikologikoa. Botikak baino eraginkorragoa da estresa kontrolatzeko, egoerei aurre egin eta horiek maneiatzeko tresnak eskaintzen dizkiolako gaixoari.