argia.eus
INPRIMATU
Aspaldiko

Joxemari Ostolaza 2011ko otsailaren 08a

Ezagunekin topo egin nuen joan zeneko igandean. Telebistarik gabeko futbola ikustea maite dut. Zelai berean, asteburuan, sei zazpi partida jokatzen diren herriko taldeak jarraitzean, garai bateko ezagunak ikusteko parada izaten dut. Ez dira gutxi, holakoetan ikusitako jokalari ohiak. Eta iragan igandean, orain hogeita hamar bat urte ikusi gabeko hiru topatu nituen zelaiko kantinan. Lehen kolpean ezagutu nituenez beraiengana zuzendu nintzen, zerbitzariak “hor daukazu zurea” esaten zidan bitartean. “No sabía que supieses el vasco” bota zidan gazteenak, jokalari gisa ezagutu izan nuena, garai hartan maisutza ikasten zuena. “Zuekin ez zen posible, guztiak erdaldunak zineten”. “Tartean euskaldunak baziren, halakoa eta holakoa” argitu zidan. Nondik hasiko nintzaion esplikatzen bera nuela akorduan, euskara entzun orduko aurpegia zimurtzen zitzaiola, ikasketetan bere ezgauza euskarari eragozteko inongo lotsarik ez zuena. Irakaskuntzan jarraitzen du. Agian, euskara ikas zezan bereziki urteak eman dituenetakoa da, azterketak oso gogorrak eta gaindiezinak direla esaten duenetakoa, ni bezalako baten aurrean “claro tú tuviste la suerte de aprenderlo en casa” esateko gauza badena. Badakit non ari den maisutzan, gureek zapalduko ez duten ikastetxean.