argia.eus
INPRIMATU
Biderkatuak eta handituak
Ana Urkiza 2011ko otsailaren 02a
Mundialak eta hauteskundeak lau urtetik behin bizi ditugu, bai –aurreratu beharrik gertatzen ez denean, hauteskundeen kasuan–. Gogoratzen dut, Naranjitoren garaian –hamarkadak iraun zituela lirudike–, elkarri kromoak aldatuz igarotzen genituela jolasaldi osoak. Lau urteren buruan holako edo halako futbolaria izatea amesten genuela edo zutela mutilik gehienek. Lau urte, orduan, asko baitzen. Ez genekien urte tarte horrek zer suposatzen zuen eta, beraz, lau urteren buruan gauza handiak egitekoak ginen! Ametsak ziren, haurtzaroak zilegitutako ametsak!

Hauteskundeetan proposatzen zaizkigunak ere bai, horiek ere ametsak izan ohi dira. Errealagoak edo ez errealagoak diren sinestea, irakurlearen esku utziko.

Beñatek dioen bezala, mundialean bezala, oraingo hauteskundeetan ere, txapeldungaiak, faboritoak, garaileak, jarraitzaileak, berritzaileak, joko zikinean arituko direnak... agertuko eta errepikatuko dira.

Lehen hurbilketa batean egindako inkesten arabera, langabezia da, gaur egun, Espainiar Estatuko biztanleriaren lehenbiziko kezka. Gutxitan bezala, ETAren terrorismoarekiko ardura bigarren edo hirugarren maila batean gelditu da –su-etenaren aurretik egindako inkestetan ere–. Langabeziari aurre egingo dion taldea edo alderdiaren bila arituak gara dagoeneko. Ez dakit inkesta honetan gurasoek edo gazteek –ala biek– parte hartu zuten. Eta gazteak aipatzen ditut –19tik 25 bitartekoak nagusiki–, duela hilabete batzuk Bilbon, Donostian eta Gasteizen Gazteak eta hedabideak izenburupean egindako Work Kafeetan, ondorio bitxi batzuetara heldu ginelako: hedabideek gazteriaren alde makurrena ematen dutela jakitera. Beste era batera esanda, albiste ezkorrak baizik ez direla eskaintzen: salbuespenak; bitxikeriak. Eta, orokortzerakoan, gazteria “zerbait arraro, ulergaitz eta deserosotzat” jotzen duena, horrek dakarren gaztearen irudi kaskarraren gaineko eraginarekin.

Ezagutu ditugu, baita, “ni-ni” bezalako programak, gazteen mundu marginal bati buruz egindakoak. Edo, beste aldean, arrakasta lortu dutenak ditugu ikusgai. Batez ere, kirolaren praktikan izar eta ezagun bilakatu direnak edo ditugunak. Gaztea, beraz, bi mutur oso bereizitan kokatzen dugu: edo hedabideetako izarren artean, edota hedabideetako ghettoetan zokoratzen erakutsi digutena.
Azken egunotan, ostera, ni-ni edo ez-ez belaunaldiko gazteen egoerari buruzko erreportaje bat baino gehiago argitaratu da –idatzizko medioetan, batez ere– eta, noski, horiekin batera, belaunaldi berean bai-bai esaten eta egiten dutenetaz. Harrigarriak iruditu zaizkit datuak. Ni-ni-ak baino bai-bai-ak zenbat gehiago diren baieztatu ahal izateaz –Euskal Autonomia Erkidegoan, bederen– baino areago, bai-bai dioten horiek lau urteko epealdi hauetan jartzen duten itxaropena zein urria den konturatzean.
Belaunaldi nagusiak beti entzun ditugu berrietaz gaizki esaka. Nagusiak bere garaia ederresten duelako eta berria gutxiago ezagutzen eta ulertzen. Konturatu gabe, ordea, belaunaldi berriak, gazteak, aurrekoen edizioen kopia biderkatuak eta handituak edo hedatuak direla.

Oraingoan, badirudi, zerbait aldatzen ari dela. Hauteskundeak datozen seinale?