argia.eus
INPRIMATU
Ray Bradburyren profezia egia bihurtu nahi dute Italian
Gorka Bereziartua Mitxelena @gorka_bm 2011ko urtarrilaren 25
Ray Bradburyren profezia  egia bihurtu nahi dute Italian
Ray Bradburyren profezia egia bihurtu nahi dute Italian
Liburuak erretzen hasteko puntuan daude Veneziako probintzian. Brasilek Cesare Battisti ezkerreko militante eta idazlearen estradizioa ukatu izanak eman die agintariei behar zuten aitzakia: Veneziako kultura kontseilariak, Raffaele Speranzonek (atzo neo-faxista, gaur Berlusconiren kide), bi neurri proposatu ditu, biak ere idazle zerrenda luze baten kontrakoak. Horien aurka joateko arrazoiak? 2004an Battisti kartzelatik atera zezaten eskatu zutela. Speranzonek bi gauza agindu ditu: 1) Veneziako biblioteketatik egile horien liburuak ken ditzatela eta 2) debekatu dezatela haiekin antolatutako edozein ekitaldi (i.e. hitzaldiak, tertuliak…).

Albisteak Ray Bradburyren Fahrenheit 451 nobelaren spin-off baterako materiala dirudi, baina ez, benetan ari da gertatzen. Debekatutako idazleen artean, Wu Ming kolektiboa (lehen Luther Blissett; haien Q nobelaz zer edo zer idatzi genuen euskaratu zutenean, ikus 2.219. zenbakia), Massimo Carlotto (nobela beltzak idazten ditu eta bera ere jazarri zuen “justizia” italiarrak), Giorgio Agamben filosofoa, Laura Grimaldi, Daniel Pennac… Zerrenda luzea da, liburutegiak hustu beharko lituzkete denen kontra hasiz gero. Eta beharbada hori da nahi dutena.

Ez dira, noski, Italian bakarrik gertatzen horrelakoak. Urrutirago joan gabe, Basauriko alkateak (Loly de Juan, PSE-EE) joan den azaroan Xabier Makazagaren Manual del torturador español herriko liburutegitik erretiratzeko agindu zuen, PPren eskaerari jarraituz. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako liburutegi publiko guztietatik ken zezatela ere eskatu zuen PPk. Blanca Urgell kultura sailburuak baretu behar izan zuen traganarrua, adierazpen askatasuna erregulatzea ez dela liburutegi publikoen betebeharra adieraziz.

Speranzonek ideia berriak eman dizkie, lehen ere artaziak erabiltzen abilak izan direnei. Prestatzen joatea izango da onena, ez baitute denbora asko beharko kanpaina berriei ekiteko (eta PPk Lopezen gobernuari organo intimoak pixka bat estutzea nahikoa izan daiteke, liburuekin egindako barbakoa itzelak ikusten hasteko).