argia.eus
INPRIMATU
PISAren neurriak
Arantxa Urbe 2011ko urtarrilaren 25
Iritsi dira PISA txostenaren 2009ko emaitzak eta gertatu da lurrikara hezkuntzan. Proba horretan, ELGEko (Ekonomi Lankidetza eta Garapeneko Erakundea) 45 herrialdetako 4. DBHko ikasleek parte hartu zuten.

Gehienontzat, PISA probaren alderdi ezagunena, seguruenik, emaitzen sailkapen zerrenda famatua izango da. Hala ere, ikasleak irakurketan, matematikan eta zientzietan duten maila ebaluatzeaz gain, proba horrek ere ebaluatzen ditu hezkuntzan esku hartzen duten beste hainbat alderdi.

Aukera bat litzateke PISA gutxiesten saiatzea. Arrazoiak topatzea ez da zaila. Kanpo neurketa den heinean, haren interesgarritasunaren alde egingo dugu, ordea. Izan ere, proba horrek ikasleen errendimendua neurtzeaz gain, ikasleen ikaskuntza-irakaskuntza prozesuan eragiten duten baldintzen gaineko azterketa egin nahi baitu. Eta horretan da, batez ere, interesgarria, gure ustez. Azterketa hori zehaztasun zientifikoz eginez gero, lortutako informazioari esker hezkuntza prozesuaren hobekuntzan –hitzaren zentzu zabalenean–lagunduko liguketen urratsak eman ahal izango genituzke.

Gaude PISA proben emaitzak baloratzerakoan jendartea ikasleei begira jarri dela ia erabat, ikaskuntza-irakaskuntza prozesuan parte diren beste aldeak bazter utzirik. Batzuek esan dute, baina, gure heziguneetan irakasteko modua memoristikoa eta teorikoa dela kasurik gehienetan –gure garaietan bezala–, eta PISAren aztertzeko modua gehiago kokatzen dela tauletatik, datuetatik eta grafikoetatik abiatuz problemen ebazpenean. Estilo desberdintasun horrek ez ote du inolako eraginik emaitzetan?

Antza, emaitzetan gora egin duten herrialdeetan gehiago arduratzen dira irakasteko era hobetzeaz eta ez hainbeste edukiak aldatzeaz. Gainera, udalak parte hartzen duen beste gobernu eredu batekin eta zentroen autonomia maila handiagoa duten testuinguru batean emaitzak hobetuko liratekeela diote analista adituek. Kontuan izatekoa, ezbairik gabe!

Zer jendarte mota nahi dugu eta nola eta zein helbururekin hezi nahi ditugu bertako kideak? Erantzun diezaiogun galdera horiei eta sakondu dezagun helburu horiek zintzoki beteko dituen Hezkuntza Sisteman. Norabidea eta bidea garbi izanik, probetxugarriagoak eta aberatsagoak gertatuko zaizkigu PISA eta gisako beste kanpo neurketak. Helburua baino, lan tresna baliotsuak izango dira orduan: neurrian salduak eta neurrian erosiak!