argia.eus
INPRIMATU
Pentsioak, gazte langabeak eta bazterketa soziala

Juan Mari Arregi 2011ko urtarrilaren 25a

Aste honetan, Hego Euskal Herrian greba orokorra deitu dute Espainiako Gobernuak egin nahi duen pentsio sistemaren erreformaren kontra, bai eta euskal erkidego eta foru administrazioen murrizketa sozialen kontra ere. Euskal gehiengo sindikalak, ELA, LAB, STEE-EILAS, EHNE eta HIRUk, urtarrilaren 27an greba orokorra egiteko deia luzatu du. Ondoren, dei horrekin bat egin dute ESK-k, CNT-k, CGT-k eta beste kolektibo sozial batzuek. Politikaren arloan Ezker Abertzaleak, EAk, Aralarrek eta Alternatibak babestu dute. Hegoaldean sukurtsalak dituzten CCOO eta UGT espainiar sindikatuek Gobernuarekin eta patronalarekin negoziatzen segitzen dute, eta oraingoz, inolako greba orokorrik deitzea edo babestea baztertu dute.

Greba orokorra egiteko arrazoirik baldin badago, arrazoi gehiago dute gaur lanik gabe eta lehenengo lanpostua lortu ezinik dauden gazteek, bai eta hauek lan merkatura sartzeko elkartasunez borrokan ari direnek ere –familia, lagunak, herriak, auzoak...–. Pentsioen erreformak kalte egingo die hurrengo urteetan jubilatu behar direnei. Autonomoei gehiago eragingo die, garraiolariei adibidez; sektore horrentzat akabera izango da, egoera katastrofikoa jasaten ari baita. Eta 60 urterekin jubilatzeko euren aldarrikapen historikoa ez da kontuan izango. Dena den, gaur lanik gabe dauden edo 30 urterekin lehen lanpostua lortu ezinean dabiltzan gazteek dute etorkizuna ilunen. Espainiako Estatuan gazteen langabezia tasa %40 da, Europako altuena. Nola jubilatuko dira gutxienez 15etik 20ra urte bitarteko pentsio kotizazio minimoa behar bada? Nola lor dezakete pentsio minimo bat gutxienez 40 urte baino gehiagoko kotizazioa eskatuko bada? Espainiako Gobernuak, EAJren laguntzaz egin nahi duen pentsioen erreformak, pobrezia eta bazterketa sozialera jaurtiko ditu ezinbestean.