argia.eus
INPRIMATU
Gure Alhambrak
Pili Yoldi 2011ko urtarrilaren 25a
Nork esan dezake Alhambra berea duela? Granadarrek ere ezin dute esan berena denik, beren hirian egonda ere, gizon-emakume guztien ondarea delako. Eta ez bakarrik Munduko Ondasunaren parte eta bitxi kuttuna izateagatik, bere balorea kalkulaezina delako baizik.

Nafarroako Aldude aldeko Antzeri Pagadia ez da arabiarra, ezta harri edo adreiluzko jauregia ere: Erroibarkoa da, zuhaitzez, orbelaz eta habiaz eraikita dagoen paradisua dugu. XIII. mendean, Alhambra jauregia eraiki zenean, Antzeri Pagadiak jadanik bazeraman zenbait urte Pirinio aldean, isil-isilik, lur azpiko altxorra eraikitzen, oihanpea aberasten, ehunka pago etengabe zeruraino hazten.

Aldude taldeak eta SEO Birdlifek (Espainiako Ornitologia Elkartea) piztu dute alarma gorria: Europak eta Nafarroako Gobernuak LIC eta ZEC izendatutako zona da, hots, Europar Batasunerako Interesgunea eta Kontserbazioko Gune Berezia, beste arrazoi askoren artean, desagertzeko arriskuan dagoen okil gibelnabarra habitat berezi honetan dagoelako.

Arazoaren beste aldean MAGNA izeneko multinazionala dago, magnesita aurkitu baitu pagadiaren bihotzean eta aurten hasi nahi du ateratzen, Zilbeti herritik kilometro eta erdira kokatuko omen duen meategitik. Babestutako zonen debekuak eta arazoak saihesteko, Nafarroako Gobernuak, kontzejuak eta udalak MAGNArekin akordioa sinatu zuten pasa den apirilean, edozein oposiziori aurre egiteko. Aurretik, Baztango Erdiz izeneko parajean beste magnesita harrobi bat aurkitu zuten, baina baztandarrenean topatu zituzten ezetza eta arazoak ez omen dituzte Erroibarren aurkitu. Berrogeita hamar biztanle duen herrixkarekin errez jarri dira ados. Orain badator Ingurumenaren gaineko eraginari buruzko aldeko txostena, badator beste errepide berria egiteko proiektua eta bidean daude beste bedeinkapen guztiak.

Auzitegitan eta Europan behar diren salaketa guztiak jartzeko prest daude ekologistak, prozedura, legeria eta nazioarteko akordioen haustura argudiatuz. Aldekoek, aldiz, babestutako glaziar garaiko txori bat industria bateko lanpostuen kontra jarriz laburbildu nahi dute arazoa.

Kontzeju batek ba al du eskubiderik herritar guztien ondare babestua horrela saltzeko? Denon aberastasuna den monumentu erraldoia hondatu gabe, ez al dago beste modurik Zilbetiren zorrei aurre egiteko? Ez al dago beste tokirik harrobia martxan jartzeko? MAGNAren mesederako egin behar den errepide berriaren hamar milioi eurorekin, ezin da beste zerbait asmatu bertakoen bizimodua hobetzeko? Eta Alhambraren azpian magnesita balitz?