argia.eus
INPRIMATU
Egipto makillajeak batuta
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2011ko urtarrilaren 25a
Narmer faraoiaren paleta 64 zentimetro luze eta 45 zentimetro zabal da.
Narmer faraoiaren paleta 64 zentimetro luze eta 45 zentimetro zabal da.www.egyptian-gods.org
Egipto, K. a. 3050. Antzinako Egiptoko lehen faraoi Narmerrek egiptoar lurraldeak batu eta I. Dinastia fundatu zuen. Batasun horren xehetasunak eguneroko objektu soil batean, paleta kosmetiko batean jasota iritsi dira guregana.

Paletaren gainaldean Narmer gudu zelaia ikuskatzen ageri da, parean, bi ilaratan paratuta, burua moztutako etsai multzoa duela. Faraoiaren segizioko kideek hainbat probintziatako estandarteak daramatzate, eta behean Narmer ikus daiteke berriz, hazpegi asiarreko arerioa zapaltzen ari den zezen bihurtua.

Atzealdean, faraoiak giza itxura du eta Horus jainkoaren azpian belauniko dagoen etsaiari kolpeka ari da. Horusen eta etsaiaren artean Niloren deltaren sinbolo bat dago, lurralde hura jainkoaren eta, beraz, faraoiaren menpe zegoela adierazteko. Behealdean faraoiak aurrez mendean hartutako bi gizaki agertzen dira. Atzealdeko arerio horiek guztia ile luze kizkurra eta bizarra dute; egiptoar ikonografian libiarren ezaugarriak dira horiek.

Baina paletaren mezu guztiak ez daude gudu aferei lotuta. Gainaldean Narmerrek “koroa gorria” delakoa darama; Behe Egiptoko koroa, alegia. Azpialdean faraoiak beste forma bat duen koroa du buruan, “koroa zuria” deitua, Goi Egipto mendean zuela adierazten duena. Batasun mezu hori gainaldeko irudi nagusiak indartzen du; lepo luze eta bihurriak elkar gurutzatuta dituzten bi felino ageri dira. Irudi horren alegoria garbia da: bi erresumak, Goi eta Behe Egipto, errege bakar baten mendean, Narmer faraoiaren mendean daude. Eta, hain zuzen, horixe da paletaren zatirik erabilgarriena, lepoek eratzen duten zirkulua erabiltzen baitzuten makillaje hautsak nahasteko.

Horrenbestez, historiako inperiorik iraunkorrena abiatu zen eta historiako une gailen hura makillajeari lotutako objektu banal batean jaso zuten.