argia.eus
INPRIMATU
27ko greba, XX. mendeko borroken ispilu

Xabier Letona Biteri @xletona 2011ko urtarrilaren 26a
Greba orokorreko manifestaldi bat
Greba orokorreko manifestaldi batJ.M. / Argazki Press

EGUNGO PENTSIO SISTEMA publikoa ezin da mantendu, populazioaren zahartzearen ondorioz gero eta langile gutxiagok gero eta jubilatu gehiago mantendu beharko duelako. Eta beraz, pentsio funts pribatuez osatu behar da egungo pentsio sistema publikoa”.
Hau da Espainiako Gobernuak 2011ko pentsioen erreforma bultzatzeko erabiltzen duen argudio nagusia. Baieztapen honek badu bere egia zatia: populazioaren zahartzearen ondorioz, pentsiodunen multzoa handitu egingo da. Beraz, suposatzekoa da etorkizun hurbil eta ertainean gaur egun baino diru gehiago beharko dela pentsiodun multzo horri erantzuteko. Hor bada arazo bat eta gizarteak pentsatu beharko du nola aurre egin horri.

Baina artikulu hasierako baieztapenak badu bere gezurra: arazo horri aurre egiteko ezinbestekoa dela pentsio sistema publikoa txikitzea eta pentsio sistema pribatuak handitzea. Hori ez da egia, baina egia absolutu gisa saldu nahi digute XX. mendeko 70.eko hamarkadako olatu neoliberalen gainean datozenek.

Egia benetakoa zera da: une honetan Espainiako gizarte segurantzak ez duela finantzazio arazorik, nahiz eta 90eko hamarkadatik aurrera etengabe esaten zitzaigun pentsio sistema publikoa sostenga ezina zela. Aberatsen ekonomistek era guztietako aurreikuspenak egin dituzte: 2001erako gizarte segurantza defizitean sartuko zela, gero 2005erako, gero 2010erako... Orain, arazoak 2027an izango ei dira, edo beranduenez 2040an.

Eta aurreikuspenak bete ez badira, funtsean bi arrazoirengatik izan da. Batetik, denbora horretan produktibitateak ere gora egin duelako eta horren ondorioz Barne Produktu Gordinak; eta bestetik, kotizatzaile kopuruak ere gora egin duelako, batez ere emakumezkoak eta immigranteak lan merkatuan kopuru handitan sartu izanaren ondorioz.

Etorkizunean ere pentsatzekoa da produktibitateak gora egingo duela eta egungo joerekin jarraituta, emakumeek ere jarraituko dutela lan merkatura orain baino gehiago iristen. Espainiako emakumezkoen joera da Europako Batasuneko datuetara hurbiltzea eta oraindik ere Espainia Europa baino zortzi puntu atzerago dago emakumezkoen lan merkaturatzean.

Orain arte, beraz, pentsio sistema publikoen hondoratzeaz egin diren aurreikuspen neoliberalek porrot egin badute, zergatik asmatu behar dute etorkizunean? Arrazoizkoagoa da pentsatzea datu eta hausnarketok beraien norabidea inposatzeko erabiltzen dituztela.

Eta pentsiodunentzat egokiena ote da? Bistan da ezetz, bestela galdetu haiei. Oraingoan gainera, aipatutako argudioez gain, denek onartzen dute finantza merkatuen presioa. Edonola ere, gutxiengo honek aski indar du bere gezurra gizartean zabaltzeko eta bere eredua inposatzeko. Eta gehiengo kaltetuak ezintasun nabarmena du egoerari aurre egiteko.

Pentsio publikoak ahuldu ahala, pentsio funts pribatuak handituko dira, eta hauek nagusiki bankuek kudeatzen dituzte. Nola izan sinesgarritasunik txikiena hauengan oraindik ere haiek ekarritako krisiaren muinean bizi garenean? Nola fidatu gobernuekin, finantza sektorea kontrolatu beharraz hainbeste aritu, eta orain bankuak kontrolatzeko neurriak baino pentsioen bidez hauei diru kopuru itzelak bideratuko dizkietenean?

Ez da erraza kontraesan multzo horietan murgiltzea eta pentsatzea egoerari buelta eman dakiokeela. Ez da samurra irenstea zergatik irabazi behar duen beti diruak, eta zergatik ezin diren gailendu zentzua, banaketa eta elkartasuna moduko balioak.

Eta erantzunik bada, horiek informaziotik, ikuspegi historikotik eta kontzientziatik datoz. Hamarkadetako kontua da neoliberalismoaren bultzada hau, krisitik krisira areagotzen dena, ongizatearen estatua desegiteko ahaleginean ari dena, Estatua bere adierazpen txikienera eraman nahi duena. Baina erasoaldia bada, hori da XIX. mende bukaeran eta XX.enean langileek eta populazio eremu zabalenek eskubide horien aldeko indar metaketa handia egin zutelako eta kapitala negoziatzera behartu zutelako.

Eta etorkizuna justizia sozialaren ispiluan ikusten dugunontzat, 27ko greba orokorrak ikuspegi historiko horren itzalean hartzen du bere benetako zentzua.