"Berriro gitarra hartu eta lubakira jaisteko gogoz nago"

  • Gitarrak berriro diotsa: erabil nazazu.
mikel markez
Mikel MarkezDani Blanco
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Zure alaba zaharrenak orain duen adinarekin hasi zinen jendaurrean kantatzen.


Bai, eta arraroa egiten zait, batez ere, ikusten dudalako gure kezkak oso bestelakoak zirela: guk Gustavo Adolfo Bécquerren Rimas y leyendas irakurtzen genuen eta aho-zabalik geratzen ginen, eta El Quijote... Eta euskaraz, ba, begira, Pako Aristiren Kcappo eta Txillardegiren Leturiaren egunkari ezkutua... Existentzialismoaz hitz egiten genuen, bertsoak idazten genituen... Eta halakorik ez dut ikusten gaur eguneko gazteengan, gehiago txunditzen ditu ikus-entzunezkoak, inpaktoak. Bakoitzak bere garaiari dagokion bezala bizi behar du, baina ez dira hainbeste urte pasa, eta guk genituen kezka estetikoak ez dira  orain gizartean gailentzen direnak. Halere, gizakiak betitik izan dituen kezkek berdinak izaten jarraitzen dute, maitasunaren beharra, gizartean norberak duen lekua... Horien inguruan kantatzen jarraituko dugu, bai guk eta berdin orain kantak egiten hasten diren gazteek ere. Esango nuke ia-ia ez dagoela beste gairik.

16 urterekin hasi zinen jendaurrean jotzen, 18rekin grabatu zenuen lehen maketa, 20rekin lehen diskoa, 23rekin izan zenuen lehen haurra… Bizitzeko presa?


Oso denbora gutxian gauza asko egin nituela sentitzen dut. 15 urtetik 30 arte gauza asko egin nituen oso denbora gutxian. Gero, 30etik 40ra askoz gutxiago egin ditut, edo modu pausatuagoan behintzat. Momentu bakoitza topera bizi izan nuela sentitzen dut, eta momentu bakoitzak ase egin ninduela. 1990-91-92 urteetan 200 kantaldi egin nituen urtean, etengabeak izan ziren agerpen publikoak. Gerra zen. Batetik bestera ibili nintzen eta soziologiako ikastaro trinko bat egin nuen: jende asko ezagutu nuen, oso diferentea, kantatu nuen Zuberoako Altzain edo Irurin, Bizkaiko Muskizen, Nafarroako Berroetan... Joaten nintzen leku bakoitzean jendea zain neukan, kantatzen nuen eta parrandara eramaten ninduten, eta gosaltzera, eta norbaiten etxera lotara... Maitasun handia jaso nuen. Hori askotan egin nuen oso denbora gutxian. Eta 23 urterako, batetik, parrandaz eta alkoholaz eta martxa hartaz nekatzen hasia nengoen eta haur bat izatea egokia iruditu zitzaidan momentu hartan. Ez zitzaidan iruditzen ezer mozten zuenik, alderantziz, ia-ia salbatu egin ninduela esan dezaket. Bestela, autodestrukziorantz joango nintzen! Eta orain, aldiz, berriro garai haietara itzultzeko gogoa sentitzen dut, haurrak koxkortu dira, nik 40 urte egingo ditut urrian, bizi izan dut etapa bat eta badaukat gogoa berriro gitarra hartu eta lubakira jaisteko.


Zure kanturik ezagunenak 16-17 urterekin idatzitako haiek dira. Nola daramazu hori?


Bi aurpegi ditu. Batetik, badirudi kanta haiek itzal egiten diotela gerora egiten duzun guztiari. Pentsa dezakezu, aizu, geroztik egin ditut kanta hobeak edo helduagoak, eta jendeak ez ditu baloratzen. Batzuetan kanta haiek beste lan guztiari itzal egiten diotela senti dezakezu, eta amorratu mundu guztiak Zure begiek eskatzen dizulako. Baina hori oso pentsamendu egoista dela uste dut, geure zilborretik abiatzen delako: beste guztiek nik egiten dudana nik nahi dudan bezala baloratzea nahi dut, halako zerbait. Baina kanta batzuk zuk gaur egiten duzuna baino inportanteagoak badira... esaten den bezala, izorrai! Gaur egun kantak gu baino inportanteagoak direla sentitzen dut. Gu iragankorragoak garela gure kantak baino, eta ez dugula haien gainetik jartzerik. Nor gara gu kanta batek itzal egiten digula esateko? Beraz, marmarrean aritu beharrean kanta inportante gehiago egiten saiatu behar ginateke, eta egin dezatela beren bidea. Juan Karlos Perezek ere gauza bera kontatzen du Lau teilaturekin, azkenean kokoteraino bukatu zuela. Ez baita beste kanta batzuei itzal egiten diela bakarrik, pertsonalki ere ez da erraza 16-17 urterekin idatzi zenuen hura defendatzea; agian, dagoeneko ez zara harekin identifikatzen, baina egoistak ez bagara distantzia hartu behar dugu kantekiko. Nik distantzia luzetik jotzen ditut nire zenbait kanta, osotasun bat balira bezala, dagoeneko ez dut hitzez hitz entzuten kantak esaten duena, ez dut pentsatzen ados nagoen ala ez, kanta pack bat bezala entzuten dut, osotasun bat bezala, kolore bat bezala. Bere horretan hartzen duzu kanta, eta kolore hori kantatzen duzu. Nik ez nioke eskurik sartuko kanta zahar bati, ez du zentzurik. Jakina, oraingo perspektibatik beste kanta bat egingo nukeen, baina ez da hori kontua: inportantea kanta baita, ez jendeari nik orain zer egingo nukeen azaltzea.


Euskal Rock Erradikalaren garaiak bete-betean harrapatu zintuen. Eragin zizun mugimendu hark?


Izugarri eragin zidan. Hasi eta buka kanta ditzaket abesti haiek: “escupe siempre que puedas, escupe con acierto, en todos los lugares que pisan los modernos. Escupe siempre que puedas, si no vete a la mierda...” tatuatuta daukat. La Polla Records, Escorbuto, Hertzainak, Cicatriz... Horiek denak izan ziren biberoiarekin batera hartu nituenak, Benito Lertxundi, Silvio Rodriguez, Atahualpa Yupanqui edo Concierto Rococó para violonchelo y orquesta bezala. Gure etxean, suertez, denetik entzun izan da: anaia batek bat, beste anaiak bestea, gurasoek bestea... Belakia izan naiz, baina rock erradikala zurrupatu nuen izugarri. Errenteriakoa naiz! Hango alamedan poteatzen nuen, nire bizitza soziala han zegoen, nola ez zidan eragingo?


Zuk, ordea, kantautoreen bideari eutsi zenion. Zergatik?


Garai hartan sortu nezakeen rock talde bat ere, izan zitekeen, baina ez zen izan. Agian, gitarra elektrikoa ikasten hasi izan banintz, seguru asko, estetika horrek bestera eramango nindukeen, baina gure etxean gitarra española bat zegoen, eta harekin hasi nintzen 15 urterekin. Ez zen hautu kontzientea izan, beti gertatzen den bezala, inguruak eta momentu batean egindako aukerek bide batetik eramaten zaituzte. Gure etxean gitarra elektriko bat eta anplifikadore bat egon izan balira rock talde bat egingo nuen, baina gitarra española bat zegoen. Eta niri asko gustatzen zitzaidan Silvio Rodriguezen estetika hori, eta ateratzen nituen Xabier Leteren  Langile baten seme... Eta kanta horiekin ikasi nuen nik. Benito Lertxundiren Atarratzerekin ikasi nuen sol maior, do maior eta re maior jotzen.


Zure erreferentzia musikalak Ez Dok Amairun baino gehiago kantautore hegoamerikarretan ez ote dauden...


Ez Dok Amairuk eragin dit nire kultura berekoak direlako, nire hizkuntza berean kantatzen dutelako. Ez Dok Amairu eskola bat izan zen, oraindik agortu gabe dagoena. Benitorekin askotan komentatu dut ni ere, neurri batean, Ez Dok Amairuko parte sentitzen naizela, Ez Dok Amairu ez baitzen momentu bat eta talde konkretu bat bakarrik izan, geroztik etorri garen guztiok ere haiek sortu zuten bidetik goaz. Haiek egon izan ez balira guk orain ez genuke egiten duguna egingo. Kuban ere La Nueva Trova esaten zitzaien Silvio eta hauei, eta ondoren egon zen La Novisima Trova, eta gero... Belaunaldi berriak ildo berean kokatu dira, eta nire kasuan ere hala sentitzen naiz. Hauek, alde batetik, herri kantak landu zituzten; bestetik, poeta garaikideen testuak musikatu zituzten: Artzerenak, Arestirenak... Eta Ez Dok Amairukoek jorratu zuten hirugarren bidea esperimentazioarena izan zen: gauza bereziak egin zituzten, emankizun arraroak, txalaparta ilunpetatik atera zuten. Geroztik etorri garen guztiok hori dena modu natural xamarrean uztartu dugu gure kantagintzan. Kanpora begiratuz gero, hori ez da hain arrunta. Esaterako, Joaquín Sabinak bere kantak soilik kantatzen ditu, ez ditu herri kantak kantatzen. Kanpoan, ildoak askoz ere bereiziagoak izaten dira, kultura egin batetik abiatzen direlako, noski. Espezializazioa askoz ere handiagoa da, baina guk nahasketa egin dugu, denok, geroztik etorri garen guztiok. Eta musika kubatarrak, venezuelarrak, argentinarrak... berriz, ezkerreko giro soziala ekartzen zuten. Estetika bat, mundu ikuskera bat, munduan eta kantagintzan kokatzeko era bat: kantagintza zertarako, nola, zergatik... Horrekin asko identifikatu nintzen, eta identifikatzen naiz, oraindik ere.

Kantautore prestigiodunenak Ez Dok Amairuko haiek dira oraindik ere, hilak eta biziak. Ondorengo belaunaldietakook nola kokatzen zarete kantagintzan?


Nahiz eta gazte zenbaitek gu ez gaituen ezagutu ere egiten, gure kanta batzuk ezagutzen dituzte, eta hori da inportanteena. Transmisioan lan handia dago egiteko. Baina oraingo gazteek guk baino are zailago dute, CDaren eta soporte fonografikoaren zabalkunderako zailtasun handiak daude. Gazte batek bere lana ezagutarazteko zailtasun handiagoak ditu gaur guk gure garaian izan genituenak baino. Nik lehenengo diskoa 91n egin nuen, eta urte hartan euskaraz hamar disko aterako ziren gehienez. Oihartzun handiagoa zeukan disko bakoitzak, eta orduko tiradak milaka alekoak izaten ziren, jakina zelako hori salduko zela. Baina zailtzen joan da. Adibidez, azken kantu txapelketan izan nintzen ikusle, eta Hernaniko Josune Marinek irabazi zuen. Neska hori nik bere adina neukanean bezala ikusten dut: kantak egiten, gitarrarekin bere sentimenduak azaltzen. Baina badakit askoz zailago izango duela gaur egun bide egitea. Berak disko bat ateratzen badu, berearekin batera 100 disko gehiago aterako dira, eta, nola egin lekutxo bat? Guk zortea dugu, izentxoa badugu eta egiten dugunak gutxieneko oihartzuna izaten du beti. Baina zerbait artikulatu behar litzateke kantagintza berria sustatzeko, behar baititugu euskal kantari berriak. Guretzat ere aldatu dira garaiak, eta disko bakoitza selektibitatea da. 90eko hamarkadan goia jo izanak ez du esan nahi orain edo hemendik hamar urtera kantak egitetik eta kantatzetik bizi ahalko garenik. Gu beti gaude selektibitatea egiten, hori da tokatu zaigun errealitatea, eta horrek jarrarazi behar dizkigu pilak. Egiten dugun disko bakoitza ezin da disko erratu bat izan, hor jarraitu ahal izateko aldiro egin behar ditugu gauzak ongi. Baina niri asko laguntzen dit bizpairu kanta izugarri ezagun izateak belaunaldi berrietara iristeko. Beraz, alde horretatik gu egoera pribilegiatuan gaude, baina ezin dugu lo hartu.


 “Hasi nintzenetik seigarren diskora arte ia kasik etenik gabe jardun izan dut. Momentu batean nire burua galduta ikusi nuen. Ez nekien zergatik, norentzat, nola ari nintzen kantuan”. Zer gertatu zen?


Nekea izan zen. 99an ez nuen gehiago jendearen aurrera ateratzeko gogorik. Sentitzen nuen ez neukala zeresanik, arnasik gabe sentitzen nintzen. Eta pentsatu nuen utzi egingo nuela, denboraldi baterako, berriz indartu arte, eta beharrezkoa bazen, betiko. Baina ez nuen eszenatokira igo eta jendeari gauzak esateko gogorik sentitzen. Galduta sentitu nintzen. Ez nekien norentzat, ez nekien zergatik, ez nekien nola... Zentzu guztietan izan nuen krisia. Bospasei urte igaro nituen kontzerturik eman gabe, eta berriro etorri zitzaidan kantuak egiteko gogoa, berriz hasi nintzen, Pako Aristirekin emanaldi berri bat prestatu nuen, eta hor berreskuratu nuen puntua eta gustua, eta orain onen-onenean nago, indarrez eta gogoz beteta. Dena izan zen nekearen ondorio, jendearen aurrean etengabe egoteak sortzen duen nekearen eta leku guztietara joatearen nekearen ondorio. Baina pixka bat suspertu naizen hontan berriz ere gogo biziz nago.


Noiz sortu zen Pako Aristi eta bien arteko sinbiosia?


Pako horrela ezagutu nuen, zu bezala elkarrizketa bat egitera etorrita. Aurreneko maketa kaleratu berria nintzen ni, hamazazpi urte nituen, eta Pakok El Diario Vascorako elkarrizketak egiten zituen orduan, handik etorri zen. Nik ordurako irakurriak nituen bere liburuak, eta nire idazle gogokoenetakoa elkarrizketa egitera etortzea zerbait handia zen. Hala ezagutu genuen elkar, eta geroztik mila lekutan izan gara elkarrekin, bidaiatu egiten dugu Argentinara, Venezuelara, Kubara... 200 emanalditik gora egin ditugu elkarrekin. Adiskide minak gara gaur egun.

Maitasun kantetatik kanta erotikoetara eta handik kritika sozialera pasa zinela esan daiteke. Noiz hasi zen zure abestietan barne mundua errealitate sozialarekin nahasten?


Hasieratik bazen kezka, baina 18 urterekin balantza barne mundura okertzen zen. Pixka bat asentatzean, burua lige-kontuetatik pixka bat apartatzean begirada zabaldu nuen eta beste kezka batzuk gailendu zitzaizkidan. Ze ligatzea oso inportantea izan da niretzat! Gure kanten bidez ligatu dugu, eta ez dut gezurrik esango, helburuetako bat zen. Badakigu bulkada sexualak gure bizitzan izan duen eta daukan garrantzia eta, 18 urterekin, zer egingo duzu ba! Orduan helburuetako bat zen eta laguntzen zuten maitasun kantek, baina gero bizitzak beste leku batzuetatik eramaten zaitu eta errealitate sozialak pisu handiagoa hartzen du. Ironikoki edo karikatura eginda, gizon serio bilakatzeak halako gauzak ditu.

Mundu erromantiko eta sozialari mundu espirituala ere batzen zaio, beraz, zure baitan.


Ni ez naiz inoiz elizara joan izan, ez naiz erlijio zalea, ez dut erlijioetan sinesten, baina sinesten dut espirituan, gure haragia traszenditzen duen zerbaitetan. Denok bat garela sentitzen dut, uste dut ni bat naizela kalean dabilen zakurrarekin, zurekin edo munduaren beste puntan dagoen eskimal batekin. Eta zergatik sentitzen naizen bat? Ba, badagoelako, nire ustez, gure gainetik dagoen inteligentzia, arima, energia... Nahi duzun bezala deitu, baina bada zerbait lotzen gaituena. Mundu honetan bueltaka gabiltzala uste dut, orain euskal kantari formarekin eta hurrena, auskalo, baina hemen bueltaka ari gara, ikasten.

Aldian behin afaltzeko batzen omen zarete Benito lertxundi, Pako Aristi eta hiruok. Afari horiek zenbat dute erromantikotik, sozialetik eta espiritualetik?


Gauza askotaz aritzen gara afari horietan. Asko hitz egiten dugu euskal gatazkaz, gure  euskal mundu honen aterabide eta sarbideei buruz; erlijioari eta transzendentziari buruz, eta batzuetan kartak botatzen dizkiet; sexuari buruz; arteari eta sorkuntzari buruz. Baina gauza ludikoei buruz ere aritzen gara, ez pentsa. Berdin hitz egiten dugu futbolaz edo arraunaz.


Orain zertan ari zara?


Kanta berriak sortzen ari naiz eta ezeren okerrik ez bada, aurtengo udazkenerako disko berria egin nahi dut gitarra eta ahotsarekin soilik. Eta hortxe ari naiz, kanta mordoska bat dauzkat, ekainera arte gehiago egin nahi nituzke, eta diskoa irailean edo urrian aterako dut, 40ak betetzearekin batera. Eta ondoren aritu egin nahi dut, berriro gitarrarekin bakarrik, kantautore moduan, inongo ezkuturik gabe, lubakian, eta horretan ariko naiz 2011 amaieran eta 2012 osoan.
Nortasun agiria
Mikel Markez 1971ko urriaren 4an sortu zen Errenterian. Hamabost urterekin hasi zen gitarra jotzen eta lehen kantuak egiten, jendaurreko saioak eskainiz. 1989an grabatu zuen lehen maketa, 1991n lehen diskoa (...eta etorri egin zait...) eta ordutik, beste zazpi disko eta zuzeneko hainbat ikuskizun sortu ditu Pako Aristi idazlearekin batera. Kantaldietan bakarrik ez, uhinetan ere entzun dugu haren ahotsa, Herri Irratian esatari aritu baita hamasei urtez, baina, batzuetan, isildu eta Taroteko kartei begira jartzen da, haiek hitz egin diezaioten.
Mikel Markezen Tarota
“Betidanik izan naiz mundu horren zalea. Beti jarraitu izan ditut errealitate paraleloei buruzko irratsaioak, erregresioei buruzko Weissen liburuak, Carlos Castanedaren liburuak... Baina muturra sartzen orain bospasei urte hasi nintzen: Tarotaren inguruko ikastaro batzuk egin nituen, erregresio batzuk ere bai. Geroztik hor ditut kartak, eta tarteka lagunei botatzen dizkiet, lagun minei bakarrik. Uste dut badudala intuizio pixka bat, eta normalean asmatzen dut”.

Azkenak
Emisio gutxiko eremua behin-behinean etetea erabaki du Euskal Hirigune Elkargoak

Frantziako legebiltzarrean Errepublikanoek eta Batasun Nazionalekoek egindako zuzenketen harira dator erabakia. Zuzenketak onartu dituzte, eta, beraz, Euskal Hirigune Elkargoak emisio gutxiko eremua ezartzeko gastu ekonomikorik ez egitea erabaki du.


Birundaren aldeko manifestazioa egin dute Donostiako Parte Zaharrean barrena

Pasa den asteko "kaleratze ilegala" salatu dute hainbat herritarrek, ostiral arratsaldean.


Euskal Herriko II. Ekotopaketak egin dituzte asteburuan, garaiko erronkez eztabaidatzeko

Jauzi Ekosizialeko kideek antolatzen duten bigarren edizioa da. Euskal Herriko trantsizio ekosozialak "inoiz baino premia handiagoa" duela adierazi dute, "datozen aldaketa sakonen aurrean trantsizio justua nahi bada".


2025-03-31 | Ahotsa.info
Burlatako Gazte Asanbladak gaztetxearekin jarraitzeko akordioa iragarri du Udalarekin

Manifestazio jendetsu batek herriko kaleak zeharkatu ditu, Poliziaren gehiegizko dispositibo batek zainduta, gazteek kudeatutako guneen defentsan eta Gaztetxeak erasoen aurrean defendatzeko. Manifestazioaren amaieran, publiko egin dute iragarpena.


Bost urterako inhabilitatu dute Marine Le Pen, Europako Parlamentuko funtsak desbideratzeagatik

Parisko Auzitegi Korrekzionalaren arabera, 2,9 milioi euro desbideratu zituen Frantziako RN Batasun Nazionalak 2004 eta 2016 artean. Le Penez gain, alderdiko beste 24 kide ere errudun jo dituzte. Helegitea aurkeztuta ere, RNko buruzagia ezingo da aurkeztu 2027ko Frantziako... [+]


BDZk CAFi exijitu dio Israelekin harremanak mozteko, igandeko manifestazioetan

Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan egin dituzte manifestazioak. Israelek Palestinan egin duen eta aurrera daraman genozidioarekin kolaboratzen duten enpresei laguntza publikoa emateri uzteko eskatu diete Nafarroako Gobernuari eta Eusko Jaurlaritzari.


STEILASek eta LABek jakinarazi dute Hezkuntza Sailak bertan behera utzi duela gaurko deituta zuten bilera teknikoa

Hezkuntza Sailak EITBri azaldu dioenez, ikastetxe bakoitzean izan beharreko baliabideak batzar teknikoetan negoziatu partez, mahai negoziatzailean landu beharko lituzkete. Bihar eta etzi greba egingo dute EAEko ikastetxe publikoetako irakasleek.


Armen lobbyek (Euskal Herrikoak barne) gerrara eraman nahi gaituzte

Joan den ekainaren amaieran bukatu genuen Conversión de la industria militar en Euskal Herria para no fabricar más guerras (Armagintza industriaren moldaketa Euskal Herrian, gerra gehiago ez sortzeko) liburuaren lehenengo zatiak Gerra badatorrela! du izenburu, bertan... [+]


2025-03-31 | ARGIA
Iruña-Veleia afera argitzea eta ondarea ez suntsitzea eskatu dute Gasteizen

Iruña-Veleia auzia “behin betiko” argitzea eskatu dute martxoaren 30ean, Gasteizen egindako manifestazioan. Iruña-Veleia argitu, ez suntsitu plataformak aztarnategian egindako “txikizioak” salatu ditu eta Arabako Foru Aldundiaren ardura... [+]


2025-03-31 | Gedar
Etxebizitza-arloko arrazakeria salatu eta apirilaren 5ean mobilizatzera deitu dute hainbat kolektibok

Etxebizitza eskuratzeko orduan pertsona arrazializatuek eta migratzaileek jasaten duten bazterketa sistematikoa salatu dute Gasteizen, agerraldi baten bidez. Apirilaren 5ean Donostiara bertaratzera deitu dute, etxebizitza-eskubide unibertsalaren alde.


2025-03-31 | Usurbilgo Noaua
Zaintza eredua eraldatzeko ahalegin betean segitzen du Usurbilek

Usurbil herri zaintzaileagoa izateko lankidetzan ari diren herrikide, eragile eta erakundeen talde argazkia duzue albiste honi atxikitakoa. Larunbatean Sutegin egindako "Usurbil, herri zaintzailea" izeneko ekitaldian atera genuen. Norabide horretan herri hau egiten ari... [+]


Aitor Esteban EAJko presidente berriak batasunerako deia egin du alderdiaren IX. Batzar Nagusian

Kargua "ohore handiz, erantzukizunez eta apaltasunez" hartuko duela adierazi du Atano III.a pilotalekuan, 1.800 lagunen aurrean. Aberri Batzarrak Euskadi Buru Batzar berria osatuko duten zortzi kideak ere hautatu ditu.


GALek eraildako Xabier Galdeano oroitu dute Algortan 40. urteurrenean

Egin egunkariko zuzendaritzako kide eta langilea Donibane Lohizunen erail bazuten ere, Algorta jaioterrian egin diote oroimen ekitaldia, igande eguerdian. Bertaratutako lagun zein senitartekoek presente izan dute estatuaren indarkeriak hil zuela.


analisia |
Save the Children, saldu bonbak (II)

Historia errepikatzen dela idatzi zuen Marxek, “lehenik tragedia gisa, gero fartsa moduan”. Armagintzaren eta militarismoaren inguruan errepikapen hutsa ez, espiralean goraka doan buklea ari gara bizitzen, fartsatik asko duena, eta tragedian amaitzeko gero eta aukera... [+]


Eguneraketa berriak daude