Mafia da krisi eta balore gabeko garaiotan salba gaitzakeen bakarra?
Mafiak ez zaitu salbatuko, mafiak familia bakarrik dauka buruan eta mafiak ez du krisirik jasaten. Baina, Mafia entzuteak krisia jasaten lagunduko digu.
“Berriro jaioko” bazinete, musika egingo zenukete? Konpentsatzen al du?
Askotan oso gazi-gozoa da musikaren mundua, lan asko eta poztasun gutxi ematen duena. Gure seme-alabei ez dut uste bizimodu hau gomendatuko geniekeenik, askoz hobe mafioso izatea.
“Bat bateko ideiek ez dute tokirik nire mundu mugatu honetan”. Esperientzia, abantaila baino, oztopoa da?
Esperientziak beti aberasten gaitu, baina esperientzia dugunoi batzuetan ilusioa falta izaten zaigu. Musikaren munduan ere, askotan ezjakintasunak originaltasunera eraman zaitzake eta esperientziak errepikapenera.
Durangaldeko zer desertuk inspiratzen zaituzte? Soinuan eta hitzetan horren erreferentzia garbiak ageri dira...
Goienkaletik Plateruenera dagoen bidea da gure desertua. Neguko larunbat hotzetan, gaueko ordu txikietan gure hankak Plateruen plazarako bidea hartzen dutenean. Tragorik gabeko minutu horietan, gure barneko basamortuetan bakardadean aurkitzen garenean, orduan etortzen zaizkigu inspiraziorik sakonenak.
Zeren bila jo zenuten Nick Litwinengana?
Seiurteren azken diskoa berak masterizatu zuen eta emaitzarekin oso pozik geratu ginen. Gainera masterizazioa ezjakintasunez inguraturiko prozesu gatazkatsua da. Beraz, garantiazko norbaiten laguntza nahi genuen.
Estoldetan-ekin lan egitea etxean bezala aritzea da?
Musika dagoen egoera kontuan izanda, proiektuak aurrera eramateko era bat besterik ez da autoprodukzioa. Estoldetan diskoetxea Elortzatarrok sortu genuen gure familia eta lagunon artean sortzen ziren proiektuak aurrera ateratzen laguntzeko asmoarekin. Badakizu, Mafiak beti familian egiten du lan.