Zergatik abesten dute ingelesez euskal musika taldeek? (gaztelaniaz edo frantsesez aritzea beste baterako utziko dugu). Berako Sexty Sexers, Bilbo Ezkerraldeko Ama Say eta Elgoibar eta Azpeitiko Jon & Sugramas taldeei eskatu diegu iritzia eta haien bidaia musikal-linguistikoa kontatu digute. Sexty Sexerseko Mikel Larratxek oharra egin digu hedabideoi: kazetariok musika taldeak koarentenan jartzen omen ditugu ingelesez abesten badute eta eusko labela eman euskaraz ari badira. Kantuen letrei, aldiz, arreta gutxi jartzen omen diegu.
Jon & Sugramas: “Estilo batzuk hizkuntza bati lotuta daude”
Jon Gurrutxaga (zutik) Jon & Sugramas rock blues taldeko kantaria eta letragilea da, Arima Beltzan aritua. Orduan euskaraz egin zuen lan, eta orain, Jon & Sugramas izeneko azken diskoan, lehen aldiz, ingelesez egin dute. Txikia zenean ez zekien ingelesez, baina Beatles taldea ikaragarri gustatzen zitzaion. Ingeles britainiarra bere erara ahoskatzen zuen eta gogotik abestu. Orain ingelesa badaki eta hizkuntza horretan lan egiteko gogoa ase du. Ingelesez sortu eta abestearen arrazoiak gora eta behera, hiru ideia azpimarratu ditugu: ingelesez abestea ohitura bihurtzea, fonetika, eta atzerrian aukerak izatea. Gurrutxagak lehenengo biak nabarmendu ditu eta hirugarrena, hain zuzen, hirugarren mailan utzi du. Kantariak musikaren %95 ingelesez entzuten du, gustatzen zaizkion musika estiloak (rock klasikoa, rock bluesa, bluesa...) hala sortzen baitira. Oso ohituta dago hizkuntza horretara, ingelesa ez da arrotza berarentzat. Ohitura batetik, eta belarrira nola egiten duen, bestetik. “Euskaraz sinesgarria egin daiteke rocka eta rock bluesa, eta uste dut lortu genuela hori Arima Beltzarekin. Baina jendeak esaten dizu belarrira hobeto egiten duela ingelesak. Agian kakotx artean esan beharko nuke esaldi hori, esan nahi dut ez dela gauza bera trikitia euskaraz ala japonieraz entzutea. Trikitia beste zer edo zerekin nahastuta euskaraz egitea gauza bat da, eta beste bat rock bluesa, rock klasikoa euskaraz egitea”. Pragan, esate baterako, jazz pop talde bat entzun zuen ingelesez eta txekieraz, eta azken hizkuntza horretan gustura entzun zituen abestiak. Aldiz, Gurrutxagak rock bluesa (berak lantzen duen estiloa) frantsesez entzun du eta ez zaio gustatu; “estilo batzuk hizkuntza bati lotuta daude, ingelesez izan behar dute”. Horrekin ez du esan nahi euskaraz egin ezin denik, baina adibidez, kanpora joateko zailagoa litzateke. Hara, ingelesez abestearen arrazoien artean Gurrutxagak azkenerako utzitakoa. Garbi dauka atzerrira begira egotea baino abestiak ondo egitea garrantzitsuagoa dela. Alabaina, kanpoan ingelesa ez den hizkuntzan arituta arretarik ez dizutela ipiniko dio Gurrutxagak: “Ingalaterran bluesa frantsesez egiten baduzu, igoal hanka egingo dizute, eta Alemanian ingelesez egiten baduzu, bada, ulertuko zaituzte. Ingelesarekin mundu guztian ibil zaitezke”.
Sexty Sexers. “Ingelesa ADNan daramagu”
Taldeko letragileak, Mikel Larratxek (eskuinetik aurrena), esan digu euskaldun musikariak izanda ingelesez zergatik egiten duten galdetuz gero talde guztiek gauza bera erantzungo digutela: musika estilo horren %95 ingelesez entzuten dutela. “Horrek izugarri markatzen du, musika mota bat fonetika edo hots batzuekin lotuta geratzen da. Ingelesa hor gelditzen da, ADNan daramagu”. Horren adibidea da kontatu digun bitxikeria: Bartzelonan bi taldek jo zuten euskaraz, bata Sexty Sexers. Biak entzun eta gero entzule bat hurbildu zitzaion Larratxeri eta galdetu zion ea zergatik abestu zuen ingelesez.
Taldeak musika ibilbidea euskaraz egin du gehienbat azken diskora arte. HeroMantra lanean berriz, inoiz baino ingeles gehiago erabili dute. Larratxek ederki azaldu digu ingeleserako pausoa nola izan den. Bidaia linguistikoa instintiboa izan omen da. Abestia egiten ari direla, letra sortzeke dagoela, entseguan esanahirik gabeko soinuak eta oihuak erabiltzen dituzte, ingelesezkoak denak. Larratxeren lana izaten da esanahirik gabeko oihu horiek euskarazko letra zentzudun bihurtzea. Bada, azken diskoan, euskarara beharrean ingelesera egin dute jauzi. Larratxeren ustez, belarrira ondo egiteko hizkuntza guztiek ez dituzte ezaugarri berdinak, eta adibidez gaztelaniak, euskararekin alderatuta, ez omen du belarrira ondo egiten beraien musika estiloan, alegia, rock & rollean. Hizkuntza batek edo besteak belarrira ondo egiteaz ari gara, baina ingelesak ez al ditu atzerrirako ateak irekitzen? “Arrakasta izango ote duzun ildotik hizkuntza bat edo beste aukeratzea ez da ohikoa, horrelako hoztasunarekin aritzea ez da logikoa”.
Gauza bat da ingelesez abestea erabakitzea eta bestea ingeles maila. Nola moldatzen dira euskal musika taldeak sarri hirugarren hizkuntza duten horretan? “Rock & rolla ez da inoiz literaturaren paradigma izugarria izan, ez du eskatzen hizkuntza maila izugarria”. Eta mezuaren garrantziaz edo garrantzi ezaz aritu gara. Larratxek, adibidez, Bob Dylanen Donostiako kontzertua gogoratu du; zenbat jende hondartzan eta zenbatek ulertuko ote zuen kantatutakoa. “Gerta liteke taldeak ingelesez abestea eta bateria joleak ingelesa ez jakitea”.
Ama Say: “Joko fonetikoa gure marka da"
Bilbo Ezkerraldeko talde honen hizkuntz bilakaera, gutxi asko, Sexty Sexers taldearen alderantzizkoa izan da. Ingelesez hasi ziren abesten eta gero euskarari heldu diote, kantu berean nahasten dituzte bi hizkuntzak. Euskara, taldeko Gontzal eta Ibon Bilbao anaiak euskaldundu ondoren iritsi da. Gontzal Bilbaok (ezkerretik bigarrena, eta taldeko letragileetako bat) adierazi digunez, musikan euskarara jauzi egitearen “errua” Karlos Alonso taldekide ohiarena da. Hark animatu zituen anaiak euskara ikastera eta gero probak egiten hasi ziren, “ingelesaren eta euskararen artean joko fonetikoa egitea zen helburua”. Fonetika zen beraz garrantzitsuena? galdetu diogu: “Mezua oso-oso garrantzitsua da guretzat, hitzak, alegia”. Ezin bata bestearen gainetik jarri hortaz. Bilbaok joko fonetikoa dioenean, ez da ari bi hizkuntzetara mugatzeaz, euskaraz eta ingelesaz gain, frantsesezko eta gaztelaniazko hitzak ere erabiltzen baitituzte, “eta txinera erabiltzea ere gerta liteke”. Bilbaoren ustez, bi hizkuntzak nahastea berezia da, “joko fonetiko hori gure kutsua da, gure marka”.
Ezin esan Ama Sayk ingelesa darabilenik preseski atzerrian aritzeko, ingelesez hasi eta gero euskararako bidea egin baitute: “Ingelesa ez dugu horretarako erabili, guk nahi duguna egiten dugu”.