argia.eus
INPRIMATU
Ilunetan babestutako piztia, harribitxia
  • Mursego ::Bi (2)

    Bidehuts

    iraupena ::49´46´´

    prezioa ::10€

Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2011ko urtarrilaren 11
Mursego
Maite Arroitajauregi eibartarrak Anari, Lisabö, Ibon Rodriguez (Eten) eta bestelakoekin txeloa jo izan du, baina Mursego proiektu pertsonal bezain bereziarekin buru-belarri dabil. Ia oharkabean hasi zen berak idatzitako piezak erakusten, eta ordutik ez da gelditu. Honako hau bigarren lana du. Txeloa jotzeko era ohiko eta ezohikoak uztartzen ditu; eta bestelako instrumentuak ere jolaskide ditu: casio teklatua, marakak, txirula… Baita loop edo errepikapenak egiten dituen aparailu bat ere. Azken horrekin, pertsona bakarrak kanta baten hasieratik abiatuta orkestratxo bat sortu eta batzeko aukera duela erakusten digu. Diskoan malenkonia, umorea, pop-a, ukitu arabiarra eta Gainsbourgen pareko xuxurlak batzen ditu modu entretenigarri eta askean.

www.myspace.com/mursego
Musikak nire lekuan mantentzen nau, zentzua daukan zerbait egiten ari naizela sentitzen dut

Zuk, loop-ak eginda, do it yourself (zuk zeuk egizu) argiena errealitate bihurtzen duzu?


Bakarrik lan egiteko tresna egokia da eta, gainera, konposatzeko orduan aukera asko ematen dizkizu. Dena den, niretzat DIY-a haratago dago, jarrera izan behar du. Norbere burua autogestionatzea ez da erraza; ni neu hainbeste urteren bueltan oraindik ere horretan nabil.

Musika jolasa al da zuretzat?


Momentu honetan beharra da, euskarri bat; musika egiteak eta jotzeak nire lekuan mantentzen nau, benetan zentzua daukan zerbait egiten ari naizela sentitzen dut.

Txeloa, casioa, loop-ak, theremina… Bada baztertzen duzun instrumenturik?


Tronpeta, tronpa, tronboia, steel gitarra, arpa eta bateria joko nituzke, ez dakit ordea.


Zure emanaldiak oso didaktikoak iruditzen zaizkit; abestiak nola eraikitzen dituzun ikus-entzun daiteke. Ados zaude?


Ez dut uste hori didaktikoa denik. Horrela egin behar izaten dut beste aukerarik ez daukadalako. Dena den, jende askok esan dit zuzenekoa interesgarriagoa dela justu horrexegatik.

Hain exkaxak al gara sukaldean? Errezetak belarrira abestu behar izateko premia daukagu?


Sukaldari trebez inguratuta nago, atunzale amorratua naiz eta ondo jatea plazera da niretzat… Nola ez diot bada abesti bat egingo sukalde errezeta bati? Belarrira abesteko badago abesti egokiagorik…


Mursego pertsona bakarrak osatuko du beti? Saguzaharrak hobeto moldatzen dira bakarrik?


Hau proiektu pertsonala da, nire-nirea, nahiz eta batzuetan faltan botatzen dudan norbait ondoan izatea: hurrengo kontzertuetan guest starringak izango dira. Saguzaharrak taldean bizi dira, ez legoke denontzat nahiko kobazulo bestela.


Erlojurik ez duzu inoiz erabiltzen?


Bai, lo ere erlojuarekin egiten dut, langilerion “rolex”-a daukat, casio bat. Txeloa jotzeko kentzen dut, zaratarik ez egiteko.