I Azkeneko argi printzen indar falta nabaritzen hasterako, Biarritzen tragedia nagusi zen. Nahiz bizirik irten nintzen nahigabea ez da hiltzen… Nahiz bizirik irten nintzen ez dut segi nahi bizitzen! |
II Neguan hotz, udan bero, hondartzara pozez ero hurreratzen ginenero disfrutatzen nuen gero! Orain hobe igandero hain bakarrik ez banengo… Orain hobe igandero iganderik ez balego… |
||
III Ez dut ahazten, ohi bezela, etxerantza gentozela, behin pasata lehen tunela istripua jazo zela. Bizitza zein den krudela, familia hil nuela! Bizitza zein den krudela, ni bizirik nagoela! |
IV Iratzarri arte guziz, begetalen eran biziz, urtebete bat desgraziz pasa nuen penei eutsiz… Orain diot hainbat aldiz, hobe zendu izan banintz… Orain diot hainbat aldiz, koman egon nahi dut berriz! |
||
V Tetraplegiak arazorik ekarri dit nahiz osorik egon, zeren ez dut lorik, ez hankarik, ez besorik… Laguntza nork emango dit, erizainen bat edo bik? Laguntza nork emango dit, ez badut nahi halakorik… |
VI Orain ahalik eta maizen jasandako zorigaitzen mina, nola ez den ahitzen, saiatu ohi naiz garaitzen. Baina zaila zait epaitzen garai ona ze garai zen… Baina zaila zait epaitzen pertsona bat ote naizen… |
||
VII Izan harro edo umil, gizakiak drama hurbil du, patuak modu purtzil mingarrian badarabil. Ezin banaiz bizi trankil legedia zertan dabil? Ezin banaiz bizi trankil nahierara nahi nuke hil! |
VIII Eutanasia kontzeptura hurbiltzeak barne-guda eragiten badu, duda etorri ohi da burura… Nork ulertu behar du ba sufritzen ez duen hura? Nork ulertu behar du ba bizitzea den tortura. |