argia.eus
INPRIMATU
Anne Frank errusiarra
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2011ko urtarrilaren 11
Anne Frank
San Petersburgo, 1941-1944. Alemaniarrek garai hartan Leningrad zeritzon hiria setiatu zuten eta blokeoak 872 egun iraun zuen. Tarte horretan milioitik gora pertsona hil ziren hirian, %90 goseak jota.

Tatiana Savitxeva haurra, familia txirokoa izaki, hamar urte zituela hasi zen sobietar armadarentzat lanean: lubakiak zulatzen, barrikadak prestatzen eta teilatuak zaintzen, etsaiak su-bonbak jaurtitzen zituenean lehenbailehen itzaltzeko. Egun batez, Nina ahizpa lanera joan eta ez zen itzuli. Senitartekoek hilda zegoela pentsatu zuten eta amak Ninaren ohar-liburuxka bat eman zion Tatianari, ahizpa nagusiagoa gogoan izan zezan.

1941eko abenduaren 28an, minak muntatzeko fabrikatik bueltan, Zhenia ahizpa hotzak hil zuen eta orduan erabili zuen lehenengoz Tatianak beste ahizparen liburuxka. Guztira bederatzi orritxo erabiliko zituen hauxe idazteko:

1. Zhenia 1941eko abenduaren 28an hil zen, 12:30ean.
2. Amona 1942ko urtarrilaren 25ean hil zen, arratsaldeko 3:00etan.
3. Leka 1942ko martxoaren 17an hil zen, goizaldeko 5:00etan.
4. Osaba Vasia 1942ko apirilaren 13an hil zen, gauerdia eta bi ordu geroago.
5. Osaba Lesha 1942ko maiatzaren 10ean, arratsaldeko 4:00etan.
6. Ama 1942ko maiatzaren 13an, goizeko 7:30ean.
7. Savitxevtarrak hil egin dira.
8. Denak hil dira.
9. Tanya besterik ez da geratu.

Tatiana 1942ko abuztuan erreskatatu zuten beste 140 haurrekin batera, eta Krasni Bor herriko ospitalera eraman zuten osa zedin. Baina ikusmena galduta eta elikadura urritasunari aurre egin ezinda, hesteetako tuberkulosiak jota hil zen 1944ko uztailaren lehenean, 14 urte zituela.

Akaso Leningradeko biztanle askok xehetasunez beteriko egunkari luzeagoak idatziko zituzten, Amsterdameko “atzeko” etxean Anne Frankek egin bezala. Baina nazien setioaren negu gogorretan, altzariekin batera, liburuak ere erre zituzten berotasun pixka bat lortzearren. Tatiana Savitxevak errusieraz idatzitako 60 hitzak ez zituzten inoiz argitaratu. Baina Nurembergeko epaiketetan froga gisa erabili zituzten.