argia.eus
INPRIMATU
Tantai edo motz
Jakoba Errekondo 2011ko urtarrilaren 04a
enborrak
www.solucionpolitica.com

Ekaingo zuloko aldarean zaldiak gurtzen zituen ehiztariak edo Praileaitzeko azti sakratuak ezagutu zituzten baso ikaragarriak nolakoak ote ziren? Haizeak kamustutako mendietako haitz gorriak eta itsasoko uhinek zorroztutako labarrak besterik bistan uzten ez zituen lurraldearen soingaineko dotorea izango zen bai. Hosto itsaso eta hosto zeru. Era guztietako zuhaitzak elkarren altzoan, bukaerarik gabeko segidan bata bestea aldamenekoaren babes itzal abaro.

Gero suak, aizkorak, arpanak, trontzak eta motozerrak etorri ziren eta akabo gure baso naturalak. Euskal Herri osoan ba ote da kulturalki, gizakiok ukitu gabeko lur-muttur bakarren bat? Nekez topatuko dugu. Nik behinik behin ez dut ezagutzen. Gure baso guztiak kulturalak dira, geuk landatutakoak, geuk eraitsitakoak, birlandatutakoak, bakandutakoak, inausitakoak, erretakoak...

Basoaren garai bateko garrantziaren neurria azaltzen du lan hauen tamaina ikaragarriak. Gutxienez azken 2.000 urteetako ekonomiaren oinarria basoa izan da: su-egurra, ikatza, bazka, fruituak, inaurkina, eraikuntza, ontzigintza, itsasontzigintza eta ibaiontzigintza... Energia, jaki eta materialetarako iturri izan da basoa. Diru iturri. Eta diruak dirua erakartzen omen du, odola erakartzen du. Borroka. Eta gizarteak borroka onargarria egin behar du, arautua, gure zurikeriaren neurrietara mugatua.

Borroka latzak izan ziren XVI-XVII. mendeetan. Basoaren emari nagusia zen zurak elkarren aurkako bi diru iturri zituen: ikatza eta itsasontziak. Industria indartsuena zen burdingintzarako energia zen ikatza eta erraz berritzen ziren baso adartsuak behar zituen, txarak eta zuhaitz motz edo mugarrotuen basoak. Ontzioletan, aldiz, zuhaitz lizarrak edo tantaiak behar ziren. Buruz buru, bekoz beko, adarbegiz adarbegi, motz edo tantai erabat kontrajarriak.