Hamaika etxe huts, hamaika etxegabe

  • Azken hilabeteetan, Europako zenbait herrialde erreskatatu dituztela ikusi dugu, hala nola Grezia eta Irlanda. Eta badirudi 2011n beste herrialde batzuk ere erreskatatuko dituztela. Portugal, Espainia, Belgika eta Italia izan daitezke herrialde horiek, besteak beste.
    Zer da herrialde bat erreskatatzea eta zer ondorio ditu?

irlandaren kiebra
Amaia Alvarez Berastegi
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.

Nelson (izena faltsua da) orain dela hiru hilabete joan zen Irlandara, lan bila, Tigre Zeltaren mirariaren atzetik. Dublinera ailegatu eta hilabete batera, ordea, Nazioarteko Diru Funtsa (NDF) eta Europako Batasuna irla erreskatatu beharrean zeudela entzun zuen. Ez zuen gertatzen zena ondo ulertu, baina ez zuen halakorik espero. Bosniarra da eta 26 urte ditu. Ingelesez nola edo hala moldatzen dela-eta harro zen orain dela lau hilabete, zorionekoa sentitzen zen Dublinera joan ahal izateagatik.

Bizimodu oparoa espero zuen Nelsonek Irlandan. Ez zuen inolaz ere kalean eske ibiliko zenik pentsatu. Bazekien gauzak ez zirela samurrak izanen, baina ez zuen imajinatu ere egin Dublingo Grafton kaleko Burger King-aren ondoan diru eske egonen zenik. Irlandako azken 25 urtetako negurik hotzenean eta oinutsik. Familiari ez dio egia esan, lan bila ari dela esan die eta lagun baten etxean egiten duela lo. “Dena azkarregi joan da”.

Kalean eske zazpi ordu egon ondoren, gaua Pearse Street kaleko ostatu publikoan igarotzen du: “Hori guztia, egunero zortzi euro baino gutxiago jasotzeko”. Aterpeak gainezka dauden arren, gauetan etxegabeak kalean ikustea oso arrunta da Dublinen. Askok nahiago dute kalea ostatuak baino, droga eta istilu anitz izaten baitira aterpeetan. Homeless agentziak azaroko gau batean egindako bilaketan 70 pertsona aurkitu zituen kalean, aurreko urtean data berean baino 20 gehiago. Eta, osotara, Dublingo metropoli guneak milioi eta erdi biztanle inguru besterik ez ditu. Ikerketa horren arabera, irlandar etxegabeen kopurua %20 handitu zen iaz 2009 urtearekiko. Halere, oro har, Bosniatik, Errumaniatik eta Poloniatik joandakoak dira gehienak. Boom ekonomikoarekin liluraturik ailegatutakoak guztiak.

Urte luze honetan Irlandak kiebra egin du. Finantza sistemak porrot egin eta adreiluaren burbuilak eztanda egin du. Hori dela eta, 100.000 etxebizitza daude gaur egun hutsik. Horietako asko obra amaitu gabe ere bai. Egoerak paradoxa ugari ikusarazi ditu: etxe fantasmak edonon izanik ere, irlako hiriburuan 70 bat lagunek egiten dute lo egunero kalean.

Bosniar gaztearen kasua hamaika bider ikusten ahal da Dublingo kaleetan. Bost metro bakoitzeko daude eskaleak. Bereziki kutxazain automatikoen alboan, kafea edateko kartoizko edalontzietan txanponen soinua noiz entzungo zain. Ilara amaigabeak ikusten ahal dira hiriguneko bankuetan; Grafton eta O’Connell giro biziko kale nagusietan, bereziki. Eguberri sasoia izanik, jendeak etenik gabe ateratzen du dirua Bank of Ireland edo Allied Irish Bank-etako kutxazainetatik. Eta, hain justu, banku horien zorrak eragin du irlaren crack-a.


Dublinen eskaleen fenomenoa berria ez bada ere, azken urtean eta batik bat azken bi hilabeteetan ikaragarri handitu da. Halaxe dio Dublingo misio kristauak hiriko zentroan duen Light House etxeko koordinatzaile Rocheanne Noble hegoafrikarrak: “Azken bi hilabetetan hogei bat aurpegi berri ikusi ditut gurean, izugarria da, eta hemendik aurrera geroz eta gehiago espero ditugu”.
Pobreziarekin batera, karitatea ere handitu egin da Irlandan. Katolizismoari indartsu lotuta izateagatik-edo, beste herrialde batzuetan baino ohitura handiagoa dute limosnak emateko. Eskaleez aparte, Focus Ireland edo Simon Communities erakundeetako boluntarioak kale guztietan daude diru eske. Baina elkarte horiek ezin diote arazoari aurre egin, Nobleren irudiko. “Jendeak laguntzen du, bai, baina ez da aski. Orain, gainera, krisiak mundu guztia kolpatu du. Beraiek jateko ez badute, nola eman behar dute dirua etxegabeentzako? Gobernuak arazoa errotik konpondu beharko luke, baina oraingoz diru laguntza gehiago eman beharko lieke eskaleak hartzen dituzten etxeei”.


Klase ertainaren desagertzea

Izan ere, etxegabeak ez dira Irlandako finantza krisia jasaten duten bakarrak. Kaleetan dirua eskatzen dieten horiei ere etorkizun latza datorkie. Klase ertain zabala du Irlandak, 1990eko hamarkadako neoliberalismoak ekarri zuen ekonomiaren indartzearekin batera sendotutako klasea. Eta multzo hori izanen da preseski bankuen erreskatea gehien sufrituko duena. Horrela deritzo dio Michael Senelli dublindarrak: “90eko hamarkada baino lehen gure egoera ekonomikoa zinez latza zen. Azken 20 urteetan ondo bizitzea lortu dugu, Irlanda ziztu bizian hazi zen. Zoriontasun horrek, baina, gutxi iraun digu”.

Klase ertain hori dagoeneko desagertu dela uste du batek baino gehiagok. “Azken urtean langabezia handitu da (gaur egun %14,1 da tasa) eta orain arte izan ditugun luxu txikiak jadanik kendu ditugu. Nik, adibidez, orain dela lau bat hilabete saldu nuen autoa. Autoa edukitzea luxu bat bilakatuko da aurki”, gehitu du Sean Smith 30 urteko dublindarrak.

Izan ere, datozen lau urtetan, Europako Batasunak eta NDFk utzitako dirua ordaintzeko, Irlandak murrizketa publiko latzak eta zerga igoera handiak eginen ditu. Austeritate plana deitu dutena aplikatuko du. Hala, nazioarteko erakundeen esanetara eskatutako erreskatearen ordainketa garesti aterako zaio Irlandari. Hasteko, 85.000 milioi euroak lortzeko, Irlandako Parlamentuak (Dáil Éireann) 6.000 milioiko murrizketa egin du 2011ko aurrekontuetan. Batez ere, gizarte-ongizatea zigortuko dute neurriok, familiek eta langabetuek jasotzen dituzten diru-laguntzak %5 inguru murriztuko baitira. Langabezia eta bizitzaren garestitzea dela eta, datozen lau urteotan 100.000 irlandar ingururen emigrazioa espero da. Guztira, Irlandako Errepublikak lau milioi eta erdi biztanle baino ez ditu.

Orain arte mobilizazio entzutetsu asko egin ez bada ere, geroz eta ozenago entzuten ari dira erreskatearen kontrako ahotsak. Datozen hilabeteetan ikusiko da egoerak atzera bueltarik baduen ala ez. Zaila ikusten dute aditu nahiz politikariek tortilari buelta ematea; halere, San Patrick (martxoak 17) eguna baino lehen eginen diren hauteskundeetan egonen da giltza.

Inkesta ugari ematen ari dira azken asteotan ezagutzera eta, ondorioztatzen ari direnez, bankuen erreskatea irudikatu duten bi gizonak, Brian Cowen lehen ministroa eta Brian Lenihan finantza ministroa, gogor zigortuko dituzte hautesleek. Fiannna Fáil eta Alderdi Berdeak osatutako gobernuari hilabete gutxi batzuk falta zaizkio bukatzeko eta laboristek dituzte boleto guztiak hurrengo gobernua gidatzeko. Laboristek Sinn Feinnekin eta independienteekin koalizioa osatzeko aukera ere mahai gainean dago. Dena delakoa, hauteskunde kanapainaren ardatza finantza erreskatea berriz ere negoziatzeko aukera edukitzea izanen da.

Zer da herrialde bat erreskatatzea Europan?
Politika eta ekonomia arloetako pertsona ospetsuak lau haizetara zabaltzen ari dira 2011. urtean Europan beste erreskate batzuk egingo direla. Besteak beste, Portugal, Espainia, Belgika eta Italia erreskata ditzakete. Irakurleek erreskateak zertan diren jakin dezaten, zenbait galdera egin dizkiogu geure buruari:

ZERGATIK ERRESKATATU BEHAR DA HERRIALDE BAT?


Herrialdeek, funtzionatzeko, nazioarteko merkatuen finantzazioa behar dute. Merkatu horiek interes handiak kobratzen dituzte finantziazio horren trukean. Merkatu horiek susmatzen badute herrialde baten zorra handitu eta haren defizita izugarri igoko dela –alegia, ez duela zorra adostutako epeetan ordaintzerik izango–, alarma sirenak jotzen hasiko dira. Eta herrialde horrekin fidatzen ez direnez, askoz prima handiagoak eskatuko dizkiote, zorra birfinantzatzeko dirua uzteko; esaterako, Irlandari %9 gehiago eskatu zioten. Eta estatu batek ez badu bere zorra birfinantzatzea lortzen, behea joko du.


BEHEA JOTZEN UZTEN AL ZAIE HERRIALDEEI?


Orain arte, ez. Irlandak, Greziak edo erreskatatutako beste herrialderen batek behea jotzen badu, herrialde hori eta bertakoak ez dira kaltetu bakarrak izango. Izan ere, zorra birfinantzatzeko dirurik ez badu lortzen, estatu horrek ezin izango ditu zerbitzu publikoak ordaindu, ez eta hartzekodunei ordaindu ere. Eta gainera, egoera hori inguruko herrialdeetara heda daiteke. Horren ondorioz, herrialde horietako zorraren kostua handitu egingo da. Horixe ari da gertatzen Espainiako Estatuan, Grezia eta Irlandaren erreskateen ondorioz.

NOLA EGITEN DIRA ERRESKATEAK?
Herrialde bat erreskatatzean, bere zorra birfinantzatzeko behar duen finantzazioa ematen zaio. Hau da, ez badu finantzazio hori merkatuetan lortzen, FMIren eta Europar Batasunaren maileguei esker lor dezake. 2010eko apiriletik, 750.000 milioi euroko funtsa dago Euroguneko edozein herrialderen eskura. Zenbateko horretatik, Europako Batzordeak 60.000 milioi euro eman ditu, FMIk 250.000 milioi euro, eta gainerako 440.000 milioi euroak estatu kideen bermedun jaulkipen baten bidez eman dira. Funts horren zenbatekoa handitu egin daiteke, 1,5 bilioi eurora arte, etorkizunean erreskate gehiago egin behar bada.

ZEINEK ORDAINTZEN DITU ERRESKATEAK?


Euroguneko herrialdeek jartzen dute dirua, gerora estutasunean dauden herrialdeei uzteko. Herrialde bakoitzaren ekarpena haren BPGk Eurogunean duen garrantziaren arabera kalkulatzen da. Epe luzean, kostuak nulua izan beharko luke ekarpen hori egiten duten herrialdeentzat. Are gehiago, gerta daiteke mozkinak izatea, mailegu horietatik interesak kobratzen baitira (%5ekoak, gutxienez). Baina herrialde zordunak interes horiek ez ordaintzeko arriskua ere badago, eta horren ondorioz, laguntza ematen duten herrialdeetako defizitak gora egingo luke.

ZER ONDORIO DITU ERRESKATEAK HERRITARRENTZAT?


Erreskatatutako herrialdeek mugatua dute beren subiranotasuna. Hartzekodunen eskuetan daude; hau da, dirua utzi dieten herrialde edo merkatuen eskuetan. Hartzekodunek bermeak eskatuko dizkiote erreskatatutako herrialdeari, utzitako dirua epe jakinetan itzul dezan. Horrenbestez, oso etxeko lan zorrotzak jarriko dizkiote: gastuak murriztera eta zergak gehitzera bultzatuko dute. Eta gainera, egunez egun kontrolatuko dizkiote kontuak. Zorra itzuli ahal izateko, erreskatatutako herrialdeak eskubide eta laguntza sozialak murriztu beharko ditu; besteak beste, lan erreformak egin, enplegu publikoa suntsitu, soldatak izoztu, pentsioak erreformatu eta zergak gehitu beharko ditu. Jakina, beti bezala, langileek eta herri xeheak jasango dituzte ondorio horiek.


ESPAINIAKO ESTATUA ERRESKATATUKO AL DUTE?


Orain arte, nazioarteko foroetan edo hedabideetan ez da aipatu Frantziako Estatuak erreskatea behar duenik. Hala ere, esan izan da Espainiako Estatua, Portugal, Belgika eta Italia izango direla erreskatatuko beharreko hurrengo herrialdeak Europan, eta hori 2011. urteko lehen hilabeteetan gertatuko dela. Espainiako Estatuaren kasuan, kontuan izan behar da 2010. urtearen amaieran Espainiako zor publikoa haren BPGren %70ekoa zela, inguruko herrialdeetakoa baino askoz txikiagoa. Hala ere, hau da larriena: zor orokorra, publikoa eta pribatua –enpresa finantzarioak eta ez-finantzarioak, etxeak…–, 4 bilioi eurokoa da.

Nazioarteko hainbat instantzia ekonomiko eta politikotatik, Espainiako Estatuak erreskatea beharko duela esaten dute. Dena den, zenbait politikarik eta analista ekonomikok ez dute uste Espainia erreskatatu behar denik, baina, haien iritziz, erreforma batzuk egin beharko dira. Esaterako, Angel Laborda analista ekonomikoak El País egunkarian adierazi du: “Espainiak ez du erreskaterik behar, baina erreformak egitea, bai”. Bere buruari galdetzen dio ea “Espainiak bazkideen laguntza behar ote duen, Greziak eta Irlandak bezala, bere betebehar finantzarioei aurre egiterik ez izateagatik”.

Haren iritziz, bi sektoretan da Espainiako zorra handiagoa Eurogunekoa baino: etxeen eta enpresa ez-finantzarioen sektoreetan. Hala ere, eransten duenez, beste bi sektoreek –erakunde finantzarioak eta sektore publikoa– sortzen dute errezelo handiena merkatu finantzarioetan: “Espainiako zorra txikiagoa da Eurogunekoa, Estatu Batuetakoa eta Japoniakoa baino”. Bada beste adierazle garrantzitsu bat: zor publikoaren interes karga. Labordaren ustez, “Espainiari BPGren %1,8 kostatu zitzaion 2009an, portzentajezko puntu bat gutxiago Euroguneari, Estatu Batuei eta Japoniari baino. Hortaz, ez dirudi Espainia egoera finantzario okerragoan dagoenik Eurogune erdialdeko herrialdeak baino”. Haren aburuz, “Krisi ekonomikoa eta epe ertaineko hazkunde itxaropen kaskarrak dira Espainiaren arazoa, inbertitzaileen arabera horrek eragotz baitezake Espainiak bere betebehar finantzarioak betetzea”. Hori dela eta, benetako erreformak egin behar dira, haren iritziz, luzatu gabe, hazkunde potentziala dinamizatzeko. Denborak esango du aurreikuspen horiek zuzenak ala okerrak diren.

Azkenak
2025-03-21 | Iñaki Lasa Nuin
Ezegonkortasuna eta desoreka

Goizean jaiki orduko hasten dira desegokitasunak. Beharbada lotarako erabili duzun lastaira ere ez zen egokiena. Baina, ezin ba idatzi desegoki sentiarazten nauten guztiez. Horregatik, udaberriko ekinozioa –egunaren eta gauaren arteko oreka– dela eta, oraindik ere,... [+]


2025-03-21 | Axier Lopez
‘Pikoletoak’ ere Euskal Herrian euskaraz

Guardia Zibilaren historia bat - Hemendik alde egiteko arrazoiak izenburupean, datorren astean argitaratuko dugun 305. LARRUN aldizkariaren pasarte batzuk dira ondorengoak, erakunde armatuaren sorrera garaietan girotutakoak.


Rosa Zarra Ertzaintzaren pilotakadak hil zuen

Rosa Zarra Ertzaintzaren pilotakada baten ondorioz hil zela da Eusko Jaurlaritzako Poliziaren Biktimen Balorazio Batzordeak atera duen ondorioa, Berria-k jakinarazi duenez. Orain arte, Ertzaintzak beti egin dio uko bertsio horri, eta Rosa Zarra berak zuen gaixotasunaren ondorioz... [+]


Oier Sanjurjo
“D eredua bultzatzen eta ikastolen nortasuna zabaltzen ahaleginduko naiz”

Nafarroako Ikastolen Elkarteak lehendakari berria du. Oier Sanjurjok hartu dio lekukoa Elena Zabaleta Andresenari.  Beste zazpi kide izanen ditu alboan Sanjurjok.


2025-03-21 | ARGIA
Ertzainen %20ak eta udaltzainen %30ak ez dute euskara-eskakizunik azken deialdian

ELA sindikatuak azaldu duenez, azken Lan Eskaintza Publikoaren oinarrien arabera, Ertzaintzarako eskainitako lanpostuen %20ak eta Udaltzaingoaren %30ak ez daukate euskara-eskakizunik. Gasteizen, adibidez, udaltzain-lanpostuen erdietan, 24tan, ez dago euskara-eskakizunik.


Donostiako Birunda gune autogestionatua “ilegalki” hustu dute

Ustez, lokalaren jabetza eskuratu dutenek bidali dituzte sarrailagileak sarraila aldatzera; Ertzaintzak babestuta aritu dira hori egiten. Birundak epaiketa bat irabazi du duela gutxi.


Inoren Ero Ni + Lisabö
Eta eromenaren lorratzetan dantzatu ginen

Inoren Ero Ni + Lisabö
Noiz: martxoaren 14an.
Non: Gasteizko Jimmy Jazz aretoan.

----------------------------------------------------

Izotz-arriskuaren seinalea autoko pantailatxoan. Urkiola, bere mendilerro eta baso. Kontzertuetara bideko ohiko errituala: Inoren... [+]


2025-03-21 | Euskal Irratiak
Iparraldeko euskalgintzak Senpereko Larraldea etxea galduko du

Euskalgintzak Senpereko Larraldea etxea faltan botako du. Uda gabe, Bertsularien lagunak, bertan gelditzen den azken elkarteak, lekuz aldatuko du eta etxea hetsiko dute. Euskararen, euskal kulturaren eta arteen ohantzea izan da Larraldea, urte luzetan Andoni Iturrioz mezenasak... [+]


2025-03-21 | Elhuyar
Autismoak: normaltasuna zabaltzeko aukera bat

Berrogei urte dira Euskal Herrian autismoaren inguruko lehen azterketak eta zerbitzuak hasi zirela. Urte hauetan asko aldatu da autismoaz dakiguna. Uste baino heterogeneoagoa da. Uste baino ohikoagoa. Normalagoa.


Euskal Herriko Filosofia Zaleen Sarea eratzeko prozesua abian da

Txinparta izeneko prozesua Martxoaren 21ean hasiko da eta urte bete iraungo du. "Udaberriaren hasierarekin batera proiektu herritar berri bat" aurkeztu nahi dutela adierazi dute. 


Duero ibaitik gora otsoa berriz ehizatzea onartu du Espainiako Kongresuak

PP, Vox, Junts eta EAJren botoekin Espainiako Kongresuak onartu du otsoa espezie babestuen zerrendatik ateratzea eta, horren ondorioz, berriz ehizatu ahal izango dute Duero ibaitik iparrera.


Burlatako gaztetxearen aldeko protesta amaitutzat eman dute Gazte Asanbladako kideek

Protestak 24 ordu bete dituenean, suhiltzaileak bertaratu dira udaletxera eta kateak moztu dizkiete bi gazteei. Bi kateatuek gaua bertan igarotzea "udaletxearen hautua" izan dela adierazi du Gazte Asanbladak, eta udalaren ordezkariek "ekintza deslegitimatzeko eta bi... [+]


Eguneraketa berriak daude