argia.eus
INPRIMATU
Hotzaren itzala
Juan Ramon Makuso 2011ko urtarrilaren 04a
Hotza dago giroa. Etxeko atzealdeko lorategian zozoak eta birigarroak biluzten ari dira kaki zuhaitzaren azken fruituak; laranja zen lehen, paisaia horren zatia. Orain zuhaitzaren erradiografia adarren hezurdura da, arima bakartiarena bezalakoa. Eta ni horrela nabil. Idazterakoan, nire arima biluztua dago, apar tantak eskuetako larru azalean gordetzen diren bezala, urarekin jostalari ibili ondoren. Negua da beti hotz, nahiz eta eguzki zuriaren izpiak laztantzen duen nire gogoa. Badakit algarak ez duela bere oihartzuna itoko, baina zoriona ematen dit, batez ere, izotzaren gainean oin jostalariak pausoa eman eta gero.

Haurrek egunonak eman dizkidate ziba dantzatzen duten bitartean eta zibaren dantza ikusi eta gero berarekin dantzan hasi naiz; zibaren dantza askatasunaren balleta iruditzen zait, ez baita erraza izango sokatik askatu eta gero horrelako jira-birak egitea. Nire dantza alaia marraztu dut ezpainetan zu musukatzeko, liburua eskuartean duzun bitartean; pentsatzen dut musua azkena izango dela eta horregatik nire maitasuna handitzen doa, lehen aldia, ez baita betea.