argia.eus
INPRIMATU
Hodeien ereintza artifizialak uste baino euri gutxiago eragiten du
Joxerra Aizpurua Sarasola 2011ko urtarrilaren 04a
Beijineko Olinpiar Jokoak egin baino lehen poluzio handia zegoenez, Txinako Gobernuak, eguratsa garbitu nahian, euri artifiziala eragiteko asmoa azaldu zuen. Ez dut inon irakurri ekintza hura arrakastatsua izan zen ala ez, baina Tel Aviv-eko Unibertsitateko (Israel) Pinhas Alpert eta Noham Halfon ikerlariek zalantzan jarri dute munduko hainbat lekutan euri artifiziala sortzeko erabiltzen diren sistemen arrakasta.

Aipatu ikerlariek Galileako itsasoan azken 50 urteotan egindako hodei-ereintza eta lortutako emaitzak aztertu dituzte, eta euren ustez ereintzaren ondoren gertatutako euriteak kasualitatez baino ez dira gertatu. Hain zuzen ere, sei urte iraun zuen epe euritsua, uste zenaren aurka, ez zen izan hodeiak ereitearen ondorioa, zikloi espezifiko batzuena baizik.

Ikerlarien ustez, Galileako itsasoan gertatutakoa munduko toki askotan gerta daiteke: euriteak patroi meteorologiko zehatz batzuen ondoriozkoak izan daitezke, eta ez hodeiak ereitearen emaitza.