argia.eus
INPRIMATU
Traktore-bideak
Joxemari Ostolaza 2010ko abenduaren 22a
Ziruditen Baionarantz zetozenak, AHTren proiektuari aurre eginez, joan zen larunbatean erreketako urak bailiran Lapurdiko hirira egin zutelarik. Marka askotarikoak, ez zuten gutxi luzitu hamabost bat milako jendeen bibakak jasoz, pasareletako modeloena eginez manifestaldiaren burua hartzeko aitzina hartuz bidea irekitzera abiatu zirelarik. Autobuska joan ginen bertara, orain arte inoiz gurutzatu ez dugun herrikide andana lagun. AHTk ez du begirik, itsua da, eta bere bidean –gutiziazko begibakarra zenbaitetan– harrapatzen duen guztia errekara eramaten du.

Eta guzti horretantxe bilduarazi gaitu harrapatuak, errekara egingo gaituenak. Boz-emailez gain, hautetsiak ere aurretik eramanak sentitu dira eta behingoz gurekin bat egin dute hortzak erakusten, orain arte gu gurutzatzean mingaina airera dantzatzen zutenak. Azkar sentitu gara, boteredun. Eta batera, Aquitaine-Euskadi elkarteak merkantzia komertzialentzat trenbideko estrategia aurkeztu du, AHT burutzeko zerabilten argudio azkarrena alboratuz, gurea baieztatuz. Gezurra zela, ez genuela horren beharra, hori gabe bestelako soluziorik bazela. Traktoreek eta autobusek ikasi dute bidea, AHTk ez.