argia.eus
INPRIMATU
Seaskari 2,8 milioi euro
Onintza Irureta Azkune @oirureta 2010ko abenduaren 23a
seaska
Paueko Kontseilu Nagusiak iragarri du 2,8 milioi euroko diru-laguntza emango diola Seaskari eraikin berriak egiteko. Duela gutxi, Argian (2.253. zbk.) Seaskari buruz egin dugun artikuluan, Paxkal Indo Seaskako lehendakariak garbi azaldu zuen aurreikusten zuten itoaldi ekonomikoa. Seaska etengabe ari da eraikinak altxatzen, urtero haur kopuruak gora egiten baitu. Ikastolak jasotzeko Eusko Jaurlaritzako eta Herri Urratseko dirua zuten urtero. Jaurlaritzak urte baterako pentsatua zuena hiru urterako banatu du, eta hori gutxi balitz, PPk eta PSE-EEk adierazi dute EAEz kanpoko eskola pribatuei ez laguntzeko borondatea. Beraz, egoera ekonomikoak estu hartua zuen Seaska, eta Indok azaldu zigunez, kanpaina erraldoia egiteko asmotan ere baziren. Alabaina, Pauetik 2,8 milioi euro jasoko ditu Seaskak eraikinak egiteko. Xalbador kolegioa eraberritzeko 1,3 milioi euro jasoko ditu eta 1,5 milioi euro Seaskaren Kanboko egoitza egiteko. Seaskak datozen bost urteotan 15-18 milioi euro beharko ditu eraikin berriak altxatzeko.
Badirudi Seaskak egindako borroka legala emaitzak ematen hasia dela. Izan ere, Frantziako eskola pribatuen legearen arabera, herriko etxeek, Kontseilu Orokorrak eta Akitaniak ezin ditu eskola pribatuak diruz lagundu eraikin berriak egiteko.