Nolaz ekin zenion Nekazaritza Biologikoaren historiaz tesia egiteari?
Menturaz Rudolf Steiner alemanaren obra gutxi zeneuzkatelako frantseseratuak?
Ez pentsa, Steinerrenak abiatzeko adina obra bageneuzkan. Okerragoa zen Hans Rusch-en kasuan, eta batik bat Hans Müllerren kasuan, biak ere alemanez, eta Suitzako artxiboetara jo behar izan nuen. Albert Howarden kasuan ere salbu eta frantsesera itzulita dagoen “An Agricultural Testament”, ia dena ingelesez dago, Internetez eskuragarria, hori bai. Ingalaterrako artxiboetara ere jo nuen. Masanobu Fukuokaren kasuan, bere bi liburu funtsezkoenak –“Lasto izpi xume baten iraultza” eta “Nekazaritza naturala”- frantsesez eskuragai zeuden.Zure tesian hasieratik nabarmen utzi nahi duzu hau: alde batetik ez zarela biologikoan halako baldintzak betez elikadurak sortzeaz soilik ari baizik eta mugimendu sozial eta, ausartuko nintzateke, politiko batez; eta bestetik, guzti hau herritarrok pentsatzen duguna baino askoz zaharragoa dela. Iruditzen zait gure arteko gehienentzako txokantea gertatuko dela jakitea nekazaritza biologikoaz XX. mende hasierarako ari zirela hizketan batzuek.
Niretzako ere aurkikuntza bat da. Frantzian bertan 1980tik aipatzen da nekazaritza biologikoa, Estatuak ezagutza aitortu dionetik. 1990eko hamarkadan “AB” logoa sortu eta dirulaguntza publikoak zabaldu zirenetik, askoz ezagunagoa da. Aurretik kasik ezezaguna zen, nekazarien artean barregarritzat aipatua ere bai.Zure lanean ikusten da nola “lurrera itzultzeko” mugimendua ere, Frantzian 1968ko maiatzaren ondoren hain famatua egin zen “Retour à la Terre” eta geroztik gure artean ere bere oihartzuna izan duena... hori bera ere aspaldikoa dela. Alemanian, gutxienez XIX. mende bukaerakoa.
Hala da. Ikuspegi frantses batetik, mugimenduok nabarmenak izan ziren Lehen Mundu Gerra garaietan, eta baita lehenago ere, Fourier bat aipatu dezakegu, gizarte industriala edo kapitalismoa edo biak kritikatzen dituzten mugimendu utopikoak, gauzak bestela egitea aldarrikatuz. Mugimendu kooperatiboa eta mutualismoa bezalakoak nekazaritza biologikoaren antzinako sustraiak dira, gutxienik honen osagai sozialetan.Alemanian hori mamitu zen 1910-1920 urteetan, nekazarien eta kontsumitzaileen elkarteekin. Hor aipatu behar da Berlin ondoko
Eden kolonia bejetarianoa. Eden horrena harrigarria da, iadanik Weimarreko errepublikan bazen, nazismoarekin iraun zuen, gerra gero, Alemaniako Errepublika Demokratikoa, denak gainditu eta gaur bizirik dirau.
Bestalde, Nekazaritza Biologikoa aipatzean zu “nekazaritza alternatiboa” dei genezakeen horretaz ari zara, ez “Bio” labela duten produktuak ekoizten dituzten laborariez soilik. Alegia, hor sartzen dituzula kontsumitzaile eta nekazarien arteko elkarteetan ari direnak esate baterako, edo ongarri eta botika kimikoak ahalik eta gehien mugatzen saiatzen direnak, baserri txikiak zutik atxikitzen ahalegintzen direnak... Euskal Herrian ELB eta EHNEko kideek “laborantza iraunkorra” deitzen dutena.
“Biologiko” hitzaren ordezko bat aurkitzekotan, “nekazaritza naturala” ere deitu dezakegu, naturatik ahalik eta hurbilenekoa, natura errespetatzen duena. Minimotako definizio teknikoa gaur egun zera da: ez erabiltzea produktu kimiko sintetikorik. Baina bada ahaleginik gutxieneko hori irizpide sozialez osatzeko, hori labelen arabera joaten da. Howardek hasieran nekazaritza organikoa eta naturala izendatzen zuen, Eden mugimendukoek ere naturala. Gero hasi zen biologikoa aipatzen, baita ere biologiko dinamikoa, Rudolf Steinerrek biodinamikoa deitu zuena, Müllerrek organo-biologikoa deitzen zion. Gaur Europar Batasunak hiru izen ezagutzen dizkio: biologikoa, organikoa eta ekologikoa. Nazioartean IFOAM erakundeak (International Federation of Organic Agriculture Movements) “organic” darabil.Aurkeztu iezazkiguzu nekazaritza biologikoaren lau fundatzaile nagusiak, Albert Howard, Rudolf Steiner, Hans Müller eta Masanobu Fukuoka. Zure idatzian garbi geratzen da zure iritzirako nekazaritza ekologikoaren etorkizunari gehien interesatzen zaizkionak Howard eta Müller direla.
Hasteko, fundatzaileak eta pioneroak aipatzen ditugunez, zilegi da galdetzea: fundatzaileak norentzako eta zergatik? Historia bat idaztean dudarik gabe badira hautu ideologikoak. Hasteko, ni ikuspegi frantses batetik abiatzen naiz. “Grosso modo”, nekazaritza europarrarentzako balio du.
Egia da, laborantzan aritutako edonork ikusten bazaitu baratzean aitzurtu gabe ereiten, ezin du ulertu...
Fundatzaileetan, lauetatik hiru baserritarak dira jatorriz. Hiruek betetzen dute zuk hain inportantetzat aipatzen duzuna: teoria eta praktika loturik eramatea.
Howard, Muller eta Fukuoka, hirurak dira laborari seme eta azken biok gainera berak ere laborari. Steiner trenbidetako langile baten familiakoa zen. Teoria eta praktika, ekonomia eta soziala, lotzeari dagokionez, Howard nabarmena da denen artean. Agronomiari dagokionez, intuiziorik sakonenak izan zituena dudarik gabe Fukuoka.Luze eta zabal deskribatu dituzu Howarden lanak eta ideiak zure tesian. Saia zaitez horiek laburtzen gure irakurleentzako.
Albert Howard [1873-1947} Ingalaterrako Shropshire eskualdeko baserritar baten semea da. Ikasketa oso distiratsuak egin zituen zientzietan, kimika, biologia eta nekazaritzan. Cambridgeko unibertsitatetik pasatu zen. Botaniko postua eman zioten Inperio Britainiarrean eta estreina Antilletara bidali, Barbadosera, eta gero Indiara, urte asko egin zuen Indian.Erromantizismoaren kontu honek Rudolf Steinerrengana garamatza. Steinerrez eta erromantizismoaz luze idatzi duzu. Agian batzuk haserretuko zaizkizu. Zuk diozunez, nekazaritza biologikoan oihartzun handia lortu duen arren, Steiner urte oso laburrez aritua da gai honetan, eta, aldiz, gizon erreferentziala da Antroposofian. Steiner lotzen duzu esoterismoarekin, okultismoarekin...
Rudolf Steiner [Austria, 1861-1925] funtsezkoa da Mendebaldeko kulturaren historian alde askotatik. Alde batetik, teoriko bat zen, unibertsitatean ikasketak egina zen eta diploma zientifikoen jabe. Bestetik, asko aztertu zuen Johann Wolfgang Goetheren lana, haren lan “zientifikoak”, kakotx artean ipinita, koloreei buruzkoak, landareei buruzkoa, eta abar. Filosofian doktore egin zen, batik bat filosofia modernoan interesaturik.Nekazaritza biologikoaren atzean dauden ideia filosofikoen atal honekin, nire irudiko, bigarren liburu bat daukazu. Hain zuzen horretaz da lehen aipatu duzun artikulua, Une histoire de exigences: philosophie et agrobiologie, nireak bezalako haginentzako askoz irakurgai gogorragoa dena...
Bai, idatzi horrekin tesitik aurrera jo dut, nire ikerketa proiektuaren mamian barnatuz. Niretzako, teknikaren alorrean, nekazaritzarena teknologiaren arazoaren osagai bat da. Laborantza teknika da, eta nire ikerketaren helburua da ingeniaritza ekologikoa, hau da, ea nola izango den posible teknologien aitzinamendua naturarekiko begirunez jokatuz. Honetan, nahiko nuke pittin bat aitzinatu. Teknologiak egiten badakigu, baina ez dakiguna da teknologia garbiak egiten. Andeatzen dugu, kutsatzen, alferrik galtzen.Beraz, zure ustez, biodinamikan ereiteko, landatzeko eta abar erabiltzen duten egutegia esoterismoa da...
Egutegiaren kasuan, hilargiaren eraginaz bada liburu bat 2008koa, Aux origines des plantes (Landareen jatorria), Francis Hallé zientzialaria zuzendari duena eta horretan Ernst Zürcher–ek Les plants et la lune: traditions et phénomènes idatzi du, eta azaltzen ditu hilargiaren eraginaz egindako esperientzien emaitzak. Baina biodinamikan ari direnek hilargiaz gain astroak hartzen dituzte kontutan, batzuk, ez bestetzuk. Nik hasi nintzenean pentsatzen nuen “bon, hilargia ikusten da, baina aski urrun da, izarrak askoz hurrunago dira”... Baina Rudolf Steinerrekin arazoa ez dago horretan. Kontua da berak astroak aipatzean ez dela astroez ari, baizik eta astro horiek gobernatzen dituzten izakiez. Hor okultismoan sartu gara erdiz-erdi, Steiner beraren Ezkutukoaren zientzia (La ciencia oculta gaztelaniaz, La Science de l'Occulte frantsesez), irakurri besterik ez dago, honetaz argi eta garbi mintzo da.
Zure iritzia Steinerrekiko nabarmen azaldu duzu. Nekazaritza biologikoaren fundatzaileetan aitzina eginaz, Maria eta Hans Müller oso bestelakoak dira.
Zure liburuan batek harriturik ikusten du orain dela hirurogei urte Suitzako laborariek hango Migros supermerkatuetan bazituztela apal bereziak mozkin biologikoak saltzeko, posta bidezko salmenta ere egiten zutela...
Egia da, oso berezia da. Suitzako parlamentuan elkar aurkitu zuten Hans Müllerrek eta Migroseko zuzendari zen Gottlieb Duttweiler ek. Orduan Suitzako supermekatu kate nagusia zen Migros eta gaur ere hala izanen da. Elkar ulertu zuten eta Europako lehen bio sarea antolatu zuten. Müllerrek dibertsifikatu nahi zuen bai baserrietako produkzioa eta bai mozkinak saltzeko sarea: zuzeneko salmenta, Migros, posta bidez bidaltzea... Beti nekazarien ikuspegitik. Produktibismoarekin joera zegoen Europan laborariari esateko “zu okupa zaitez produzitzeaz, besteok egingo dugu gainerakoa” eta etekinak haien eskuetatik urrun geratzen ziren.
Harrigarria egin zaigu beste hau ere: Müller supermerkatuekin negoziatzen ari zenean, komertzianteek asko baloratzen zutela barazki eta fruitu biologikoek askoz iraupen handiagoa izatea ongarri kimikoz hazitakoek baino.
Horrela da. Kontserbatzeko produktu kimikorik eta hozkailurik artean ezagutzen ez zenez, nabarmen geratzen zen produktu bio batek askoz luzeago irauten duela bestelakoak baino.
Bestalde, Müllerren kasuak erakusten du zein zaila zen nekazarien eta kaletar ezkertiarren arteko elkarlana. Ezker marxistaren, baita Marx beraren, ezinulertua laborariekiko.
Karl Marxek ekonomia liberalaz egiten duen kritika bere neurri osoan hartu beharra dago aintzat, baina Marxen abiapuntua Adam Smith, David Ricardo eta enparauena bera da: lanaren banaketa, industrializazioa, eskalako ekonomia, aurrerapen soziala makinak eta industriak dakartela, nekazariak lurretik aldegitea gizartean aurrera egiteko modutzat ikusten da, eta laborari munduaren ikuspegi aski karikaturazkoa. Baserritarrek ez dute inoiz politikarik egiten, zaku barruan dauden patatak legez dira, ez dira koordinatuko, ez dute elkar hartuko. Marxentzako baserritarrak aurrerapenaren hondakinak dira. Istilu asko etorri da hortik. Errusiako historian ikusi da, laboraria ez dute ikusi batere aurrerakoi. Marx industriazko ekoizpenean zentratzen da, etekinean, eta nekazaritzak ez du diru askorik irabaztarazten. Howardek behin baino gehiagotan esango du, laborantzaren gainean eraikitako fortunarik handienak ezin zaizkie alderatu industriako fortunei.
Marx obreroei mintzo da. Gaztetan Hegelek markatu zuen, izpirituaren idealista batek. Errealismo enpirikotik urrun gaude. Ondorioz, sozialisten ondarea obreroek eta burgesiak markatuta dago, oso gutxi nekazariek; hauek gehiago lotzen ziren notableekin, katolikoekin, eta ezkerra borrokan zegoen eliza katolikoaren kontra. Müller sozialistekin ondo ez moldatzea ez da harrigarria, beraz.
Baina gaur ere berdintsu da, ezkerrekoak izan edo eskuinekoak, politikariek esaten dituzte gauzak nekazaritzaz baina gero esanak legetara pasaraztea besterik da. Hemen, Frantzian, esaten da Rocard laborariekiko sinpatikoagoa zela beste gehienak baino, baina haren garaian ez da besteekin baino askoz lege gehiago berritu. Mitterrandekin dezepzio handi bat nozitu zuten nekazariek.
Masanobu Fukuoka da laborantza biologikoaren fundatzaileetan laugarrena. Orijinalena alde askotatik.
Fukuoka (Japonia, 1913-2008) azken urteotan egin da ezagunagoa. Hautatu dut munduan lortu duen oihartzunagatik eta ekialdetarra delako. Ekialdeko kulturako partaide da, hori aldarrikatzen du eta horrek mugatzen du, ez baitu eduki Ekialdeko nekazaritzaz gogoeta egiteko askatasun handiagoa hango kulturaz aritzeko eduki duena baino. Fukuokak badu pasarte bat idatzia, niretzako arras argigarria egin duen ibilbideaz: dio hautua egiten hasita ikuspegi eboluzionistaren eta budistaren artean, berak budista aukeratzen duela.
Fukuokaren Lasto izpi baten iraultza irakurri nuenean, beste askorentzako bezala niretzako ere errebelazio bat izan zen maila intelektualean. Ikuspegi ezberdina dauka eta aldi berean oso sendoa, baina gainea xumetasunez idatzita dago. Noski, pentsakera oriental horretara ohitu behar duzu, aklimatatu, forma eta hutsunea, eta beste. Ez gaude horretara ohituta, gure kategoriak izakia, substantzia eta horrelakoetan mugitzen dira. Beste ikuspegi bat, beste kultura bat. Fukuoka funtsezkora doa eta aldi berean gauza iraultzaileak proposatzen ditu.
Fukuoka mikrobiologian diplomatua zegoen, landareen patologietan. Laboratorioetan lan egina zen, Eiichi Kurosawa profesorearekin lan egin zuen, 1926an hazkuntzaren hormona bejetala deskubritu zuenarekin. Aduanetako laborategietan aritu zen Bigarren Mundu Gerran. Eta halako batean nazkatu egin zen, krisi existentzial bat eduki zuen. Nekazaritzaz hasi zen galdezka. Gurasoek etxaldea zeukaten. Mendebaldeko zientziari kritika egiteko budismoan aurkitu zuen bidea. Galdezka eta bilaka hasi zen, esperimentatzen. Fukuokaren esperimentatze bidea zen gehiegizkoa kentzen ahalegintzea, hau eliminatu eta gero bestea. Nik “discrétion technologique” deitu diot horri, gauzak naturak egiten dituen bezala egiten saiatzea. “Eta arbolok inausiko ez banitu?”, “Eta lurra goldatuko ez banu?”, “Eta soroak ureztatzeari uko eginez gero?”...
Horretan taoismoaz ere ari da, ez egiteaz, ez eragiteaz, “Wu-Wei” famatua...
Horra, Fukuokak bereari “ez-eraginezko laborantza” ere deitzen dio. Prefosta, ez egitea baino askoz gehiago da, ez da alferkeria, hori baino askoz finagoa da. Natura basa anitz behatuko du, eta saiatuko da aplikatzen ez-eragiteko printzipioak familiako lurretan. Aitak landatu mandarinondoak inausi gabe utziko ditu eta sekulako porrota jasan. Mandarinondo berri gazteekin hasi behar izan zuen, berak “nekazaritza basa” ere deitzen zion hura esperimentatzeko.
Gaixotasunekin berdin, Fukuokak esperimentatu nahi du nola moldatzen diren landareak inguru basati batean, gaixotasunak ea nola erakartzen dituen haren kontrako parasito eta predatzaileak ere. Gaur nekazari askok egiten diete borroka biologikoa gaixotasunei, edo kalkulatzen dute ea ez ote zaien gehiago komeni uztaren halako portzentaia galtzea dena kutsatzea baino.
Arroz soroak ureztatzea ere kritikatu zuen. Historia aztertuz ohartu zen antzina Japonian ez zela ureztatzen orain bezala, eta Fukuokak arroza eta hirusta nahasian ereiten zituenez, urtaro jakin batean ureztatzea egiten zuen hirustak ximeldu edo ahuldu arte. Ez jorratzeaz berdin. Edo laboreak lastoz estaltzeaz. Eta konpostik ez erabiltzeaz.
Haustura handia dirudi nekazaritza biologikoaren ikurretakoa den konposta auzitan jartzea...
Konpostatzea ere kritikatzen du Fukuokak. Berak kritikatzen ditu nekazaritza kimikoa eta tradiziozkoa, halako laborantza budiko bat bilatuz: antzinateko nekazaritza, kasik edenikoa [Edendarra, Bibliak aipatzen duen paradisuari dagokiona], simaurketarik beharko ez lukeena, bere burua fertilizatzeko gai litzatekeena. Autofertilitatea aldarrikatzen du, lurra hondatzen ez bada gai dela bere burua oparo atxikitzeko. Areago: naturari bakean uzten bazaio, biziak gain hartzen diola mineralari, desertutik inguru jori bat sortzen duela. Eta egia da hala ikusten ditugula abandonatutako zelai eta soroak pixkanaka lehenik sasiz eta gero basoz janzten. Niretzako biziaren dinamika oso inportantea da, hortik jo beharko genuke nekazaritzan, elkarrekin lantzeko laborantza eta basogintza. Hori egin daiteke modu ekologiko eta produktibo batean, Michel Griffon bezalako egile batzuek “intentsifikazio ekologikoa” deitzen dutena lortzeko.
Fukuokak paso egiten die simaurrari eta konpostari, aitzitik, proposatzen du soroa egitea humus erreserba dagoen lekuan, edo zuhaitzak aldatzea tartean, hauek lurra ontzen dutelako. Agroforesteriak egin duen bidea ezaguna da. Eta eduki duen beste ideia desertuak berdearaztekoa da, haietan haziak ereinez. Bai eskuz edo makinaz buztinezko bolatxoak egin erein nahi diren zuhaitzen haziekin baina baita haiekin batera erne behar duten beste hainbat landarerenarekin ere, sastraka, belarki eta beste. Buztinezko pikor horiek eskuz bezala hekazkinetatik ereitea proposatu zuen Fukuokak, munduan basamortuek egin duten aitzinamenduari aurre egiteko. [‘Nando-Dengo’ teknika famatua]
Agronomiaren inguruko ahalegin teoriko eta praktiko horrez gain, Fukuokak alderdi sozialetik ere badu zer esana. Zure ikerlanean kontatu duzu haserretu zela bere produktuak garestiegi saltzen zituzten komertzianteekin.
Honetan ere printzipio xumeei jarraitzen zitzaien: nik besteek baino lan gutxiago egiten badut eta horretan besteek baino gutxiago gastatzen, nire baratzeko fruituak merkeago saldu beharko lirateke. Fukuoka prest zegoen gutxiago kobratzeko, onartzen zuen, profeta bat zen, diruak ez zioin axola. Egun batean ohartu zen hirian bere fruituak uste baino garestiago saltzen zituztela, eta haserretu egin zen. Erantzun zioten: “Bai, baina merke jartzen baditugu, jendeak usteko du hain onak ez direla, ez ditugu salduko”. Fukuokak ez zuen eztabaidatu nahi izan, fruituak horrela saltzeari utzi zion.
Zer pentsatua ematen dizu. “Bio denentzako” esaten bada, segun eta nola egiten duzun lan agian posible litzateke horretara hurbiltzea. Baina ez da hori komertzioan oinarritu gizartearen iritzia, saltzaileek prezio altuagoak nahi dituzte, marjenak handitzea. Adam Smithengan ere badago nekazariak kontsumo gizartearentzako interesgarriak ez direnaren ideia hori, kontsumitzeko libertatea daukatelako, gauzak beren gisan produzitzen dituztelako. Adam Smithen helburua merkatari gizarte bat osatzea zen, denek denei saldu eta erosi behar diotenekoa, horrek egingo duelakoan etekina, lanaren banaketa dela medio. Aldiz, autogestioaren ikuspegitik komertzioak bigarren mailan egon behar du, nekazarien munduan zegoen gisan.
Gero, Japonian laborarien artean ugaritzen ikusi zituen makinen kritika ere egin du Fukuokak. Dio errazegi kalkulatu dituztela traktoreen abantailak, denbora irabaztea eta abar, eta ez dituztela kontutan hartu bestelakoak, herriko bizi soziala, poemak edo haikuak egitera joateko zeukaten astia... Ahalik eta gutxien mekanizatutako nekazaritza defendatu du.
Beste orijinalitate bat Fukuokarena: nekazari izatea da gizaki moduan osatzera iristeko bide espirituala. Horrelakorik ez duzu aurkituko Steiner, Howard edo Müllerrengan, hauentzako bizimodu bat da, gizakia ez da laboraritzara mugatzen, badira beste gauzak bilatzeko, nekazari izatea ez da destinu bat, aldiz Fukuokak halako zerbait defendatu du.
Aldiz, bere mistikotasun guztiarekin, Fukuoka ohartzen da zuk liburuan zorrotz aztertu duzun fenomeno ekonomiko batez: mende luzez nekazariek jasan behar izan omen dituzten “guraizeez”.
Beste fundatzaileek ere sentitu dute baina Fukuokak zehazki idatzi du horretaz. Nekazari asko ohartuko ziren, nahiz eta formulatzen jakin ez. Dena dela, ez ahaztu hil berria dela, gizon jantzia zen, telebistan azaldu da, agronomoak heldu zaizkio, atzerrira bidaiak egin ditu... Espiritualitate batez bizi den arren aktualitatea ezagutzen du. Indian izan da bere metodoa segitzen duten laborariei aholkuak ematen. Ramon Magsaysay saria eman zioten, Asiako Nobel saritzat jotzen dena...
Esplika iezaguzu zer den “guraizeen” fenomeno hori, tesian aipatzen dituzun les ciseaux horiek.
Irudika ditzagun guraizeak irekita, heldulekua gora: beko aldeko aho zorrotzak dira laborantzako mozkinen prezioak, baserrietatik ateratzen diren produktu elaboratugabeenak... Preziook beheranzko joera dute historian zehar eta orain ere. Aldiz, guraizeen goiko aldeak, zure hatzen helduleku edo begiek industriako produktuen prezioak irudikatzen dituzte, beti eta garestiago. Guraizeen eragin hori dela eta, inguru industrialean murgiltzen den nekazaritza traktoreen prezioengatik, ongarri kimikoenengatik, petroleoa, eraikin berriak... zenbat eta menpekoago den kanpotik baserrira ekarritako produktu industrialekiko, orduan eta neke handiagoak ditu etekinak lortzeko. Guraizearen bi erdien artean itota bizi da laboraria.
Fukuokak ondo ezagutzen du fenomeno hori, baserritarra zorretan itota, eta zorrei aurre egiteko zor handiagoetan murgiltzen... urtxintxa danbolin-kaiolan lasterka bizi den modu bertsuan irudikatu du nekazaria Fukuokak. Guraizeen fenomenoa ezaguna da gaur egun, baina oso gutxik dakite hori oso aspaldikoa dela.
Egia da harrigarri egiten dela zure liburuan irakurtzea nola zegoen hirietako azoka antolatuta baserritarrei prezioak jaitsiarazi eta kaletarren haserreak baretzeko. Nola iritsi zara informazio hori biltzera?
Guraizeen fenomenoa ezagutarazi zidan Raymond Delatouche-k La chrétienté médiévale. Un modèle de développement liburuan. Erdi Aroko gizartea deskribatzen du berak, artisauak, merkatariak, industria, kultura, politika... Erosi behar duzu liburu hori.
Raymon Delatouche [1906-2002] laboraria zen, agronomoa eta artxibozaina, paleografia menderatzen zuena. Ekonomia ikasi zuen. Raymond Delatouchek nekazaritza bera eta komertzializazio katea ezagutzen zituen ondo. Yoplait jogurt markaren sortzaileetan egon zen. Lan handia egin zuen nekazaritzaren historiaz. Hala, poliziaren XVII. mendeko agiri batean aurkitu zuen zergatik eta nola sortu zuten Pariseko azoka nagusia, “Les Halles de Paris” deituak, gaurko azoka zentrala diren eta 10 milioi biztanleren elikadura kontrolatzen duen Rungis delakoaren arbasoa. Antzinako haren ildo berean funtzionatzen dute gaurko azoka nagusiek. Chicagoko burtsak eta beste gehienek.
Gauza da X. edo XII. menderako Parisek 200.000 biztanle bazituela. Hiri handi bat, baina gainera oso zabala, ez zegoen 10 solairuko eraikinik. Garai hartan ez zen kamioirik, ez zen hozkailurik, eta janariak kontserbatzeko gatza zegoen. Gatzetan ez izatekotan, hirian jan beharreko animaliek bizirik eta oinez etorri behar zuten. Burgesen etxe aberatsek hiltegia zuten. Arazoa zen sarritan ez zela aski janari iristen hiritar guztiak elikatzeko. Nekazariak autokontsumoan bizi ziren, etxerako ekoizten zuten, eta beharrak ase ondorengo soberakina zeramaten saltzera, zergak pagatzeko, janzkiak erosteko eta beste. Hirian, aldiz, nahikoa janari ez bazen istiluak gertatzen ziren.
Hiria oso zabala izanik, oinez ekarritako aziendak eta gainerako mozkinak gehien bat hiriaren kanpoaldean saltzen ziren. Gutxiegi iristen ziren zentro aldera... baina agintearen gune nagusiak erdigunean zeuden. Istiluek jauregiak eta agintea meatxatzen zituzten. Ondorioz, aginte zentralak moztu zuen nekazaritzako produktuak saltzeko libertatea, azoka edo merkatuentzako araudi oso zorrotzak ezarrita. Horra nola sortu zen “le marché à l’horloge” deitua.
Azaldu ezazu zer zen erlojupeko salmenta hori...
Hasteko azokak hiriko gune estrategikoetan kokatu zituzten. Baina gainera, laborariak derrigortu zituzten salmentak egitera egun jakinetan eta ordu jakinetan. Azoka orduetan inguruko komertzioek itxita egon behar zuten, haietan saltzaileek bildu eta prezioak elkarrekin hitzartu ez zitzaten. Eta nekazariek azokan saldu gabekoa ostera etxeratzea oztopatzeko “le quart d’heure du pauvre” asmatu zuten, soberakinak kasik oparitzera behartuz.
Neurri horiekin alde batetik hirietako biztanleen elikatzea bermatzen zuten, eta beste aldetik eskaintza azokan kontzentratuz salgaien ugaritasun derrigortu horrengatik prezioak jaitsiarazi egiten ziren. Hau da, Pariseko biztanleak elikatu eta gainera merke. Erromatarren panem et cirences haien izpirituan segitzen dugu hemen.
Sistema horretan nekazariak irabazteko ezer ez zeukan, merkeago saltzera behartzen zuten. Baina iraultza industriala arte horrek ez zion gehiegi eragiten, beharrezkoak ez zituen soberakinekin jokatzen zuen, jolastzat-edo hartu zezakeen, ezagutzen duzu azokako anbiantza sinpatiko hori. Baina nekazariak dirua beharko duenean etxaldea mugiarazteko, orduan hasi da arrangura galantak izaten.
Sistema horrekin suntsiarazi da nekazari jendea, prezio industrialei aurre ezin eginez. Horra guraizeen fenomenoaren jatorria, ez ekonomikoa sorreran, politikoa edo poliziala, herritarrak elikatzekoa liskarrik sortu ez dezaten, gaur gertatzen den bezalatsu jendearen elikadura merkea izatea bilatzen duena. Gaur Frantziako familia baten aurrekontuaren %15-17 hartzen omen du elikadurak; aldiz, Bigarren Mundu Gerraren ondoren %45-47. Zer pentsatua ematen du. Nekazarien interesak ez ziren batere kontutan hartuak izan hasieratik afera honetan.
Nekazaritza ekologikoaren fundatzaileen historian beste ardatza fertilitatea da, emankortasuna.
Laborantza naturarekiko harmonian aritzea, nire iduriko, krisi ekologikoa konpontzen saiatzearen parekoa da. Teknikaz gogoeta egiteko alor eredugarria iruditzen zait. Rusch-en liburu bat Lurzoruaren emankortasuna da. Steinerren ideiak biodinamikan aitzinarazi zituen Ehrenfried Pfeiffer-en liburu nagusia Lurraren emankortasuna. Howard eta Fukuokarengan ere berdin, fundatzaileentzako gai funtsezkoa zen. Bioan ari ziren aitzindarien ideia sinplea zen: lurzoru sanoa, lurzoru emankorra, elikadura sanoa, ondorioz jendea sano.
Landareak ondo elikatzetik haratago, fundatzaileek gogoeta egin dute lurraren emankotasunaz: nondik dator fertilitatea, nola mantendu... Baina honetan agronomiatik haratago goaz. Parentesi artean esateko, niretzako agronomia ez da naturaren zientzia bat. Zergatik? Hori da Fukuokaren intuizioa eta hori da BRFaren atzean dagoen zientziak erakutsi duena: soroak ez dira objektu naturalak, baso eraisketen emaitza baizik, lehendik zegoen natura basaren eraldaketaren emaitza. Soroaz gogoeta egitea natura direlakoan... hanka sartzetik hurbil ibiliko gara. Oihanean datza gakoa.
Planetaren eta lurzoruaren emankortasunera itzulita, agrobiologiaren fundatzaileak saiatuko dira natura imitatzen, izan konpostaketa, pilan bezala zabalean, eta abar. Nekazaritza kimikoaren alderantziz, ez dituzte lurzoruko gai kimikoak lehenetsiko lurzoruko bizia baizik. Lurzorua elikatu landarea elikatzeko. Lehenetsiko da ekosistema, landarea izaki biziduna baita, lurzoruko izaki askorekin batera bizi dena, eta guztien ikuspegi globala atxiki nahi dute. Ondorengo urratsean datoz kabalak, animaliak ez dira sartzen fundatzaileen lehentasunetan, ez bada konposterako duten interesagatik.
Fundatzaileak gauza batek mugatzen ditu emankortasunaren bilaketan, nire ustez: humusaz eta basoaz daukaten ikuspegia hein batean xarmazkoa dela gehiago [frantsesez “enchantatoir” dio Bessonek; “enchanté” xarmatua edo sorgindua edo liluratua esan genezake] zientifikoa baino. Howardek aipatu du oihana bere konpostaketaren eredutzat: niretzako nekez lotu daitezke konposta eta laborantza-abelazkuntza, polikultura eta basoa... Oihanean humusa ez da sortzen erbien edo basurdeen gorotzetatik, hori da gutxienekoa, emankortasuna orbeletatik, eroritako adarretatik eta lurzoruak dauzkan izakietatik sortzen da. Horregatik idatzi dut hor “jauzi kognitibo” bat dagoela.
Humusa? Zientzialariek emango digute erantzuna, humusa baino pedogenesia dela interesatzen zaiguna, lurzoruak nola sortzen diren, eta hortik azken denborotan sortu da BRF teknika. Substantziaz baino gehiago prozesuaz. Gaur badakigu lurzorua sortu egiten dela, eta horretan basoa dela funtsezkoa, egurraren ligninagatik, basoetatik sortu lurrak mila urteko emankortasuna eduki lezakeela, eta aldiz belarkaren lastotik sortuak gehienez ehun.
Uste dut zuri irakurri dizudala Howarden ideia hau: Europan gure lurzoruak agortu ditugula eta gaur gure soroek daukaten emankortasuna munduko besteei ostua dela, koloniei ebatsia.
Eta zuzen ari da. Europako alorrak nekatuta daude, ez genituen ondoegi artatuko eta gainera abere asko mantendu behar dute. Hori Howarden garaian ezaguna zen Ingalaterran. Nola elikatzen ditugu aziendak? Urrundik ekarritako soiaz bazkatuz. Ongarria behar dugunean, hura ere kanpotik, lehen “guanoa” ekarri genuen tonaka eta tonaka, gero gerokoak. Konponbiderik bertan ez dugu aurkitu.
Howard baten beste ideia bat, industrialismoarekin nekazaria lapur edo gaizkile bihurtu dela.
Hori gaur zertan mamitzen den jakiteko, Mundua Monsantoren arabera filma ikusi behar da. Denek ikusi beharko lukete. Hor dira Indiako baserritarrak, lehenik Iraultza Berdearekin eta gero Monsantoren iraultzarekin, sartzen dira OGM eta pestizidekin, ezin dira aurrera atera, zorretan sartzen dira, bitartean bertako haziak galarazten dituzte, zor handiagoetan itotzen dira, lehertzeraino, askok beren buruak hiltzen dituzte...
Howard Iraultza Berdea baino lehenagoko egoeraz ari zen. Ordurako nekazariek arazoak zituzten N-P-K ongarriak erosteko. Betiko simaurketak utziarazi eta abono kimikoetan sartuta, hasierako etekinen ondoren azaltzen zitzaizkien gaitzak landareetan, uztak gutxitzen hasten, eta abar. Kontua da N-P-K mentalitateak lurra ez baina landarea elikatzea dakarrela, pixkanaka zurrupatzen zaio aberastasuna lurrari eta landare-uztatan esportatzen dela. Ez da gehiago “agri-kultura”, lur-langintza, lurraren hustiapen hutsa baino. Horregatik dio Howardek sistemak laboraria lapur bihurtu duela jakiak sortzeako baino dirua irabazteko erabakia hartu duenean.
Estatu Batuetan sistema honek erakutsitako pobretzea ere aipatu zuen Howardek, lurzoruaren higatzeagatik sortutako Dust Bowl edo Hauts Ekaitz haien arrazoiez [1930eko hamarkadan sekulako hauts erasoak jasan zituzten AEBetan, antzinako zelai zabaletan nekazaritza intentsiboak eragindako higaduraren ondorioz]. Ordurako ikusten ziren nekazaritza sistema horren ondorioak, Howard bezalako gizon batek ondo argitu zituen zergaitiak, urte gutxitan lurraren emankortasuna suntsitu zutela... Guzti hori aspaldikoa da, baina harrigarria da berdin segitzen dugula mundu osoan, bestelako laborantza egiten duten minoriek salbu. Zergatik da, zure ustez?
Baina zergatik aldatu behar zen? Sistema industrial kapitalistak agintzen du, industrialismoak. Industria ez da berez txarra, baina badago eskala eta kontrol behar bat, nagusien eta langileen artean, kapitalaren eta langileen arteko harremanena, teknikaren eta enpleguaren artekoa, kutsadurarena, merkatuarena, garraioarena... Konplexua da, egia. Baina aldaketarako arrazoirik ez da ikusten kapitalismo ultraliberala bere nagusitasuna sakontzen ari denean mundu osoaren gainean. Helburu bakarrak hustiatzea eta etekina ditu, bestelako irizpiderik ez du.
”Les oubliés du XXIe siècle ou la fin du travail” deitu filmean, uste dut Arte katean eman zutela, esplikatzen dira kapitalismoaren aro ezberdinak eta azken 20 urteotan gertatu diren aldaketak. Ez dago hori geldiaraziko duen indar ideologikorik ez sozialik, zuzenean hormaren kontra goaz. Sinestun naizen momentutik, Jainkoak bakarrik salba gaitzake hodamenditik. Gauzak ulertzeko ez dago sinestun izan beharrik, baina aurre egiteko nondik atera indarrak? Historiaz pesimista naiz, baina naturaz eta Jainkoaz optimista, horra.
Nekazaritza ekologikoaren fundatzaileak erromantizismoari eta Ekialdeko filosofiei loturik ikusten dituzun bezala, zuk mundu judeo-kristauak sortu duen kultura eta filosofia aldarrikatzen dituzu zure liburuan.
Judeo-kristautasunak humanismoa sustatu du, naturaren zientziak sustatu ditu, baina filosofia greziarra ere bai, arrazionalismoa, naturaren legea (“la loi naturelle”). Naturaren autonomia aldarrikatu du. Natura eta gizakia banatzen ditu baina elkarrengandik urrundu gabe, horretan asko gustatzen zait Joan Paulo II.aren “Sinesmena eta arrazoia” entziklika. Modernitateak separatu egiten zituen. Joan Paulo IIak erakutsi duenez, zientziak autonomia dauka baina zientzia bera ez da egia, protokolo bat da, gauzei begiratzeko modua, filosofiarekin lotu behar da, eta hau ere ez da osorik autonomoa, filosofiak ez du gizakia salbatzen. Fedeak eta teologiak artikulatu dezake multzo osoa, zuzen pentsatu eta zuzen bizitzeko.
Lege naturala eta arrazoia sustatuz judeo-kristautasunak jendeei, izan sinestun edo ateo, elkarrizketa ahalbideratzen die. Kristautasunaren eta beste erlijioen kritika ere egin du posible, esanaz “arrazoinaren eremua, lege naturalaren eremua, denenak dira”. Errebelazioa jaso ez dutenak, izan Txinan edo Frantzian, ez dira infernura joango, hori Jainkoaren esku dago. Ongia egin duena, bere kontzientzia entzun duena... Lege naturalak bere baitan darama gutako bakoitzak daramagun kontzientzia. Ongia egiteko kontzientzia denok daukagu gure baitan.
Lege naturalaren gai hau funtsezkoa da nekazaritza organikoaz eztabaidatzeko, eta esan behar da judeo-kristautasunak sustatu duela hori. Hala segitu behar du aurrerantzean.
Luze mintzatuak gara dagoenekoz.. Goazen, nahi baduzu, ondorioetara: zehaztu konklusioak.
Begira, nire tesia egina dago, liburua laster izango da kalean [lehendik egileak Internetez irakurgai ipini du tesia osorik], eta niri interesatzen zaidana aurrera begirako ikerketa plana da. Nekazaritza biologikoaren gai nagusia da natura kultibatzea hura errespetatzeko maneran. Ez bakarrik elikadura on eta sanoak ekoizteko, baita ere nekazari mundu biziago bat eraikitzeko, bizitzeko atseginagoa, biztanle gehiagorekin, festa eta barre gehiago egingo duena. Tesian aipatu nuen hori eta norbaitek esan zidan ez zela seriosa, baina niri hala iruditzen zait, lanaz gain badira gauzak bizitzan. Horretan nekazaritza ekologikoak itxaropena dakar.
“Culture de vie” deitzen diot nik, alegia, naturarekin elkarlanean aritu biomasa eta bioaniztasuna handitzeko. Ezagutzen dugu bioaniztasuna eta biomasa lotuta daudela, zenbat eta handiagoa ekosistemaren konplexutasuna orduan eta handiagoa perturbazioei –eguraldiaren gorabeherei, gaixotasunei, eta abar– aurre egiteko ahalmena, eta handiagoa ere biomasa, bizi kantitatea, edukitzekoa. Nekazaritzak, beraz, ez ditu soroak bakarrik landu behar, baizik eta inguruko eremuak ere bai.
Fukuokak ireki zizkion ateak ideia horri. Soroaren ondoan basoa eduki, zura baliatzeko, etxerako egurra egiteko, baina baita BRF bidez lurra ongarritzeko ere, adaxka birrinduek lurzorua eguzkitik eta euri zaparradetatik babesteaz gain lurreko bizia sustatzen dutelako. Natura kultibatzea, naturarekin elkarlanean aritzea fruitu eta material biodegradagarri gehiago eman ditzan.
Nekazaritza biologikoa niretzako da modu bat ausnartzeko garapen teknologiko ekologikoa nola gauzatu. Elikaduraz ari bagara, seguruenik sustatu behar ditugu ehiza, arrantza edo landare basak biltzea, jateko eta sendatzeko usatu ditzakegunak, mendeetako ezagutza ez dugu galdu behar. Lehengai biodegradagarrietan ere bide luzea daukagu egiteko, plastikoak ordezkatzeko adibidez, biokimikan, ingenieritza ekologikoan. Kutsatutako lurzoruak bere onera ekartzeko mikroorganismoak landu.
Baina gai are funtsezkoagoa niretzako, eta oraingoz garatzeko bazkiderik aurkitu ez dudana, zera da: ekosistemen ezagutza sakon batetik abiatuta saiatzea zehazten zein gai diren zein une eta gune geografiko zehatzetan naturak ondoen asimilatzeko modukoak. Eta horrela, edozer erein edo landatu baino lehen jakin ahal izatea naturak ondo bereganatuko dituela eta are natura bera aberastuko dutela.
Aldiz, gaur egun azti-berrien (“aprentis de sorcière” dio frantsesez] logikan bizi gara. Sintesizko materialak sortzen ari gara eten gabe eta horiek gero zuzenean naturan bertan testeatzen ditugu. Pestizidekin gertatzen dena sintomatikoa da: merkaturatzen diren pestizida gehienak hamar-hamabost urteren buruan debekatu egiten dira, eragindako kalteak nabarmenak direnean. Hortik atera beharra daukagu, ikerketa independientea behar dugu, filosofia eta zientzietan adituen elkarlana. Hor sartzen ditut nin erlijiozko gaiak ere.
Gure kultura birfundatu behar dugu. Ari da jende interesgarria horretan. Adibidez, Marc Balmès-en “L’énigme des mathematiques” aholkatuko nioke gaiotaz interesatua den edonori, ausartuko direnei abisatuta irakurtzen zaila dela. Aristoteles eta zientzia modernoa erkatzen saiatu da, errealaren matematizazioarekin. Zer
Botere sindikalaren inguruko bigarren azterlana argitaratu du Ipar Hegoa fundazioak. 2016an argitaratu zuen lehena eta, beraz, orain 2016 eta 2023 arteko eboluzioa ikus daiteke. Ondorio nagusien berri emateko prentsa agerraldia egin dute ostiral honetan LABeko koordinatzaile... [+]
Burlatan, Nafarroan, bi familia euren etxeetatik kaleratuak izateko arriskuan daude. Iruñerriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak azaldu duenez, familia bat putre-funts batek bota nahi du, alokairu kontratua berritzea ukatu diolako; beste familia, berriz, etxejabeak bota... [+]
WordPress-en formularioak sortzeko Ninja Forms pluginaren euskaratzea utzita zegoela ikusita, Iametzak bere gain hartu du itzulpena eguneratzeko lana.
Urte berria hasi dugu, baina etxebizitza arazo oso potoloa bihurtu zaigula aspaldi honetan, hori ez da berria. Hala ere, azkenaldian zabaldu diren datuak ikusita, 2025a mugarri bat markatzekotan dela esan daiteke, eta iragar ezinak diren ondorio sozial eta politikoak antzeman... [+]
Joan den asteartean, hilaren 31n, Boli Kostako presidente Alassane Ouattarak iragarri zuen bertan behera utziko zituela Frantziarekiko harreman militarrak. Horren ondorioz, datozen asteetan 1.000 bat soldadu frantses atera beharko dira herrialdetik.
Espainiako Estatistika Institutuak erreferentziazko indize berria argitaratu du urtarrilaren 2an. Horren arabera, alokairuen prezioak gehienez %2,2 garestitu ahalko dira urtean. Indize hau 2023ko maiatzaren 25ean indarrean sartu zen Etxebizitza Legearen ondorio da, eta data... [+]
Hiru funtzionariok jipoitu zuten Robert Brooks, eskuak bizkarrera lotuta zituela. Hurrengo egunean hil zen, eta autopsiak dio asfixia izan zela heriotzaren kausa.
Gipuzkoako Fiskaltzaren ustez, 40 urteko irakasle hondarribiarrak 9 eta 17 urte arteko hamaika adin txikikori sexu gehiegikeriak egin zizkien 2011 eta 2021 urte artean. 2021ean kartzelatu zuten, bere sei ikaslek salaketa jarri eta gero.
Askok espero zuen moduan, Nazioarteko Pilota Federazioak Euskadikoa onartu ostean eskubide osoko kide gisa, Espainiako kirol-erakunde, alderdi politiko edota hedabideek erabakiaren aurkako oldarraldia hasi dute, nork beretik presioa eginez. Ostegunean, Espainiako Pilota... [+]
Baionako eta Donostiako epaitegiak margotu ostean, ostegun gauean Eibarko epaitegian pintaketa egin dute zenbait ekintzailek. "Oldarraldia gelditu" idatzi dute eta pintura berdea jaurti diote eraikinari. Abenduan, CCOO sindikatuaren egoitza ugari margotu dituzte, baita... [+]
FERMIN MUGURUZA 40. URTEURRENA
Noiz: abenduaren 21ean.
Non: Bilbo Arenan.
-------------------------------------------
Urtero janzten da festa giroz Bilbo abenduaren 21ean. Sagardoa eta taloa protagonista, San Tomas eguneko azoka eguna da. Aurten, gainera,... [+]
Kanboko Marienia eremuan etxebizitzak eraikitzeko proiektua badu Bouygues Immobilier agentziak. "Elkarlanaren bidez" zein "indar harremana" mantenduta, proiektua ezeztatzeko borroka eramateko determinazioa plazaratu dute adierazpen bateratu... [+]
Goldatz talde feministak antolatua, ortziralean, urtarrilaren 3an, Jantzari dokumentala proiektatuko dute Beralandetan (17:30ean) eta biharamunean, urtarrilaren 4an, Berako bestetako tradizioak aztergai izanen dituzte Maggie Bullen antropologoarekin leku berean (10:30).
NASAren Parker zunda 6,1 milioi kilometroko distantziara arte gerturatu da Eguzkiaren azalera, bere misioaren lehen gerturatzean. Hala, Eguzkitik inoizko gertuen egon den objeku artifiziala bilakatu da. 692.000 kilometro orduko abiaduran igaro da, eta jasotako datuak funtsezkoak... [+]
Boroa industrialdean hil zen 41 urteko I.P.C langilea, abenduaren 30ean biltegiko inbentarioa egiten ari zenean. ELA eta LAB sindikatuek, eta Jaurlaritzako Segurtasun Sailak eman dute istripuaren berri.