“Zintzotasuna bilatzen dut ilustrazioan”

  • Gu iritsi aurretik amaitu zaio azken Moleskinea. Alde egin dugunerako esku artean zuen berria
Dani Blanco

Zer moduzkoa izan da etxera buelta?


Ona, egia esan, Bilbon eta Bartzelonan bizi ostean ez nuen uste hain ondo eramango nuenik. Hemen ordu gehiago eskaini diezazkioket marrazteari. Bartzelonan diru gehiago behar nuen bizitzeko, eta denda batean lan egiten nuen, baina orain gurasoen etxean bizi naiz eta horrek ere baditu bere abantailak. Etxean badut marrazteko txoko bat eta Artelekun ere espazio bat daukat. Marrazten ematen dut denbora gehiena, marraztu dezakedanean ondo nago.


Nola egin zenuen topo ilustrazioarekin?


Marraztea beti izan dut gustuko. Baina Arte Ederretan pinturan espezializatu nintzen, nahiz eta ilustrazioak erakarri ninduen. Uste dut jendeak eskatutako enkarguek eta atera zaizkidan proiektuek egin nautela ilustratzaile. Lehenengo enkarguekin batera hasi nintzen “ilustratzailea naiz” esaten. Kerobiakoek haien diskoen azalak ilustratzeko eskatu zidaten eta orduan hasi nintzen pentsatzen baietz, posible zela ilustratzaile izatea, aukera bat izan zitekeela. Formatu txikia asko gustatzen zait: arkatzarekin moldatu ahal izatea, traste gehiago behar ez izatea. Gutxitasun hori, txikitasun hori. Horretaz gain, beti gustatu izan zait irakurtzea, asko gozatu dut irakurriz eta liburuetako munduak imajinatuz, eta irakurtzeak sorrarazten didan irudimen hori guztia papereratzeak plazera ematen dit. Irakurtzeak beti bultzatu izan nau marraztera. Mihise handiek beldur pixka bat ematen didate; iruditzen zait, hain azalera handian zerbait oso ona egin behar dela, hainbeste leku alferrik betetzeak beldurra emango balit bezala.

Hainbat modu daude ilustrazioa ulertzeko. Zein da zurea?


Niretzako, ilustrazioa ez da dekorazio soila, gehiago da. Irakurtzen duzunaren gainean egiten duzun hausnarketa da, eta gogoeta hori nork egiten duen, emaitza erabat desberdina izango da. Norberak bere ikuspuntua gehitu behar dio idazlearen testuari. Bakoitzak bere esperientziatik hitz egin behar du, ilustratzaile bakoitzak bere diskurtsoa du, gauzak azaldu nahi ditu, ez da apaingarri soila, ez da bakarrik ipuinean agertzen den hori marraztea, interpretazio bat egin behar da. Ilustratzaileak ere kontatu egiten du. Testuek irudimenerako tartea uzten digutenean, ilustratzaileok beste pauso bat gehiago ematen dugu, gure erantzuna ematen diogu testuari, eta ikusleak edo irakurleak baditu bi abiapuntu, istorio beraren bi interpretazio diferente, eta berak hirugarrena sortu beharko du.

Testu bat jasotzen duzun momentutik aurrera, zeintzuk dira hartu behar izaten dituzun erabakiak?


Proiektuaren arabera. Proiektua librea baldin bada, norberak aukeratu ditzake formatua, tamaina, maketazioa, konposizioa... Hori guztia. Beste batzuetan argitaletxeak esaten dizu zein den maketatzeko era, zer espazio daukazun, zer formatutan aterako den eta zenbat ilustrazio behar dituzten. Eta ilustratzaileak moldatu behar du muga horietara. Baina hori dena baino garrantzitsuagoa da irakurtzen jakitea, testuari entzuten jakitea, testuak berak esaten baitizu zer arkatz erabili behar duzun, edo tinta erabili behar zenukeen, koloretan edo zuri-beltzean izan behar duen edo collage-a doakion. Erabakiak testuarekin batera hartzen dira, irakurtzen joan ahala jasotako informazio eta sentsazioetatik. Marrazten hasi aurretik buruan irudikatzen dugu. Askotan argitaletxeek jarritako mugak ere erronka dira ilustratzaileontzat, eta muga horiek gauza berriak irakasten dizkizute. Enkarguzko lanetan jartzen dizkizuten muga horiek betiko erak utzi eta beste teknika batzuekin saiatzera eraman zaitzakete, gauza berriak bilatu behar izatera. Askotan, ipuinak berak jartzen dizkizun trabak akuilu bilakatzen dira.

Eskura eramaten dituzu beti boligrafoak eta lan-koaderno txikiak, zer da koadernootan biltzen duzuna?


Koadernoetan lasai aritzen naiz, mugarik eta presiorik gabe. Intuizioz egindako marrazkiak dira gehienak, pentsatu gabe marrazten dut, eta gero hortik sortzen dira istorio berriak. Gutxi gorabehera bi edo hiru hilabete inguru behar izaten ditut koaderno bat betetzeko, eta eguneroko lana dago hor. Oso lagungarriak dira norbere lengoaia propioa bilatzeko.

Koaderno horiek bata bestearen atzetik hartzen badituzu, zer garapen ikusten duzu?


Badaude hainbat gauza errekurrenteak direnak, adibidez, paperezko barkutxoak, etxeak... Giza-irudiak beti agertu izan dira nire lanetan. Aldaketa edo garapen nagusia forman eman dudala esango nuke. Hala ere, marrazki bat forma eta eduki aldetik onena ez bada ere, zintzoa baldin bada, pozik gelditzen naiz. Zintzotasunari garrantzi handia ematen diot. Gainera, koaderno horiek horretarako daude, ikasten zoazen bitartean esperimentatzeko, eta zure burua bilatzeko, zu nor zaren jakiteko. Askotan gure koadernoek gehiago hitz egiten dute gutaz guk geuk baino. Ez du zentzurik esperimentazio koadernoetan gezurtia izateak, zintzoa ez izateak. Garapena ezinezkoa litzateke. Nire garapenik handiena marrazketa-koaderno hauekin lanean hasi nintzenetik gertatu da. Bartzelonan ez nuen marrazteko nahi adina astirik, hemen bai. Lanak sentiarazi nau ilustratzaileago. Azken batean, etengabeko entrenamendua da hau niretzat.

Zeri deitzen zaio lengoaia propioa izatea ilustrazioan?


Batzuek estilo propioa deitzen diote, beste batzuek ahotsa... Ilustratzaile bakoitzak bere sinbologia propioa sortzen du, bakoitzarentzat irudi jakin batzuek esanahi pertsonala hartzen dute. Badago sinbologia unibertsal bat, baina hemen edo hemendik 15.000 kilometrora bizitzeak desberdin hurbiltzen gaitu objektuetara, paisaietara... Eta berdin gertatzen da pertsona batetik bestera dagoen distantziarekin ere, norberak modu bat du mundura hurbiltzeko eta mundu hori errepresentatzeko, eta horrek egiten zaitu berezi. Trazoak asko esaten du norberari buruz, baita erabiltzen dituzun koloreek eta egindako konposizioek ere. Horren guztiaren batura litzateke lengoaia propioa. Eta lengoaia batek barne koherentzia behar du, edozein artetan. Irudia eta estetika garrantzitsuak dira, estetika propioa bilatzea. Baina gehiegi urduritu gabe, lengoaia propioa ez baita bat-batean sortzen, eraiki egin behar da, eta bidean aldaketak gertatzen dira, saiakerak, itzulinguruak...


Zure koadernoetako ilustrazioak txiki-txikiak eta zehatzak dira. Zer bilatzen duzu txikitasunean?


Txikiak eta zehatzak dira, eta tintaz egiten ditut zuzenean. Tinta ariketa gisa erabiltzen dut. Azken finean, nire koadernoak ariketa liburuxkak dira, eta ez dut arkatzik erabiltzen, nahiago dut bat-batean lan egin, zuzenketarik gabe, eta hortik ikasi. Funtzionatzen duen lehenengo trazoaren bila egiten dut lan. Hori da nire bilaketa, eta horregatik erabiltzen dut boligrafoa zuzenean. Eta txikiak zergatik? Ez dakit, baina eroso sentitzen naiz txikitasunean. Irudi txiki bat egiten dut, eta hurrengo batean haren ondoan beste bat, eta gainean beste bat... eta orri bakoitzaren konposizioa osatuz joaten naiz. Irudiak elkarren artean komunikatzen hasten dira, elkarrizketak sortzen dituzte. Paper zurian bakarrik zegoen ilustrazioa gauza bat ari zen esaten, baina beste pertsonaia batzuekin inguratzen dudanean marrazki bera beste gauza batzuk esaten hasten da. Eta ni konturatu gabe gauzak deskubritzen joaten naiz. Askotan gertatzen zait lagunen batek koadernoren bat ikusten uzteko eskatzea, eta harekin batera koadernoari begira ari naizela, gauza berriak, istorio berriak ikusten ditut, eta askotan barrez lehertzen bukatzen dut.

Enkarguetarako lan egiteaz gain zure mundu propioa garatzeko egiten duzu lan. Nola deskribatuko zenuke zure mundu propio hori momentu honetan? Zerekin ari zara orain lanean?


Aldaketa-momentu batean nago, trantsizioan, eta badakit horrekin ezin dudala urduritu, onartu egin behar dudala. Aldaketak ari dira gertatzen, eta erosoago sentitzeko modua bilatu beharra daukat. Zintzotasunaren bila nabil, eta proiektu berriei ekiteko gogoarekin, eta editorialetatik lanik ez badago, ba, anaiari ipuinak eskatuz, lehiaketetara aurkeztu... Mugitzeko gogoarekin. Ofizio honetan zentratzea erabaki nuen eta energia asko eskaintzen diot, eta kanpotik enkargurik ez badago neuk jartzen diot lana nire buruari. Orain, esaterako, erakusketa bat prestatzen ari naiz etxearen ideiaren inguruan. Etxeak esanahi asko ditu: batzuetan, etxea familia da, odolezko familia hori; baina egoerak eraman zaitzake beste familia mota batzuk sortzera beste hiri, beste egoera batzuetan... Edo etxea karga izan daiteke, edo ametsa... Ez naiz esperientzia propiotik bakarrik ari, ingurura ere begiratu dut ilustrazio horiek sortzeko. Etxea arrastaka daramaten pertsonaiak marraztu ditut, etxea kristalezko bola baten barruan duten pertsonaiak... Jendeari galdezka ere aritu naiz, ea beraientzat etxea zer den. Banuen lagun bat Bartzelonan, atzerritarra, eta esaten zuen gauza asko aldatzen zirela bakoitza etxetik urruntzen zuen distantziaren arabera. Nik sei ordura neukan, baina berak askoz ere arazo handiagoak zituen momentu batetik bestera etxera itzultzeko, eta horrek sentiarazten zion ezinegonaz hitz egiten zidan.

Enkarguzko lanetan zer moduz moldatzen zara?


Eroso, gustura. Idazlearen testua ondo barneratzen saiatzen naiz. Enkarguetan ere zu zara lan hori egiten ari zarena, zuri eskatu dizute, zu beste filtro bat zara eta zugandik pasa behar du lan horrek, ezin duzu desbinkulatu, eta horregatik da garrantzitsua ilustratzaile bakoitzak bere mundu propioa garatuta izatea. Ahal den neurrian zure egin behar duzu testu hori, azken batean, testu hori irakurtzean sentitu duzuna zeurea da, eta zeuretik abiatu behar duzu.
Normalean idazleen testuetatik abiatzen zarete ilustrazaileak, eta ez alderantziz. Interesgarria litzateke alderantzizko prozesua? Liburuetan ere lehenengo idazlearen izena azaltzen da beti, eta azpian eta txikiago ilustratzailearena. Itzaleko lana da zuena?
Bai, badirudi liburua beti idazlearena dela. Egia da idatzitakoa idazlearena dela, baina gurea ez da 2. mailako sormena, nik ez dut hala ulertzen. Dena den, ez zait asko inporta lana zeinena den, biena den ala idazlearena bakarrik, faltan botatzen dudana heziketa da, ohar gaitezen irudia ere hor dagoela, eta irudiak ere kontatzen duela, eta abiapuntu berri bat izan daitekeela istorioari ekiteko. Liburu bati irudiak jartzen bazaizkio soberan ez daudelako da. Badaukatelako zer kontatua. Inork ez du dirua alferrik xahutzen. Heziketa behar da. “Ze marrazki politak”, hori askotan entzuten dugu, baina ez diogu marrazki horrek esaten digunari erreparatzen. Mezu asko daude irudiek bakarrik esaten dizkigutenak. Nik uste heziketa dela falta zaiguna.

Zer eskaintzen dizu autoedizioak?


Asko ikasi dut autoeditatuz. Editore txiki baten lana egiten du norberak, eta interesgarria da. Zerorrek pentsatu behar duzu formatuan, maketazioan, koloreetan, aurkezteko moduan... Iruditik aparte, hartu beharreko erabaki asko daude, eta horrek asko erakusten du. Gainera, halako abentura batean sartu baino lehen galdera bat egiten diogu denok gure buruari: “Zer esan nahi dut?”. Askotan galdera horri erantzun gabe jarduten gara lanean, eta autoedizioa egiten duzunean asko pentsatzen duzu horretan: zer da kontatu nahi dudana? Zer ekarpen egin nahi dut? Eta tandemean lan egitea ere oso interesgarria da, gustuko idazle batekin edo beste irudigile batekin erabakiak hartzen joatea. Aparteko mundua da, oso polita. Banaketarena da alderdirik zailena. Hemen ez dakit nola funtzionatzen duen, hemen ez naiz saiatu, baina liburu-dendetan askotan zigilu bat behar izaten da saldu ahal izateko, enpresa gisa funtzionatu beharra daukazu, beraiek ere, gauzak kontrolpean izateko behar dituztelako zenbait ezaugarri, eta autoeditatutako lanak merkaturatzea ez da erraza. Baina badaude denda alternatiboak, tabernak, arte galeriak... halako lanak onartzen dituztenak, eta norberak editaturikoa norberak zabaldu behar izaten du normalean. Horrek baditu alde onak, ze girotan mugitu nahi duzun erabakitzeko aukera ematen baitizu: ze liburu-denda gustatzen zaizkizun, zure lana non erakutsi nahi duzun... Zirkuitu alternatiboetan oso ekimen interesgarriak aurki litezke.

Gainerakoan, nola ematen du bere burua ezagutzera zu bezalako ilustratzaile gazte batek?


Aukera bat argitaletxeetara joan eta editorearekin zita eskatzea da, zure lana aurrez aurre erakusteko. Book-a izatea beti da interesgarria, book bat antolatzea norbere proposamenarekin. Nik, askotan, pdf formatuan bidali izan dut nire book-a argitaletxeetara, Internet bidez. Bukatutako proiektuak bidali izan ditut eta baita ilustrazio-proposamen diferenteak ere (album ilustratuetarako proposamena, testu-liburuetarako proposamena... betiere norberaren erregistroaren barruan, baina aldea egoten baita) argitaletxeak etorkizuneko proiektuetarako kontuan hartzeko. Nora bidaltzen duzun, book-a aldatu behar duzu, ez da gauza bera prentsarako proposamen bat edo argitaletxe bati egingo zeniokeena. Curriculuma da book-a: hartzaileari interesatuko zaiona aurkeztu behar diozu. Aurkitutako argitaletxeen zerrenda osatzen joan naiz etxean, eta guztietara bidali izan ditut nire proposamenak: batzuek erantzuten dute, beste batzuek ez, batzuek esaten dizute aurrerago deituko dizutela... Eta egia da, aurrerago kontuan hartu izan naute. Bidaltzen duzun unean ez duzu jakiten erantzuna nondik etorriko zaizun, ezta erantzuna jasotzerako zenbat denbora pasako den ere. Baina argi dagoena da ezin dela geldirik egon, bideak bilatu behar dira, idaztea gustatzen zaion jendea aurkitu eta elkarlanak proposatu... Enkarguek mugimenduan harrapatzen zaituzte. Gainera, geldi dagoena ez da ikasten ari.


Ilustratzaile lanetik bizi nahi zenuke?


Oso zaila da, badakit badagoela ilustraziotik bizi den jendea, baina tira, momentu honetan ez nau asko kezkatzen. Orain ez naiz handitan zer izan nahi dudan erabakitzen ari. Orain marrazten ari naiz.
Nortasun agiria
Maite Gurrutxaga Amezketan sortu zen 1983an. Arte Ederrak ikasi zituen Bilbon, eta Bartzelonan amaitu zituen ikasketak. Karrera amaitu ondoren ilustrazioko ikasketak egin zituen Bartzelonan bertan, Escola de la Dona-n. Han lotu zitzaion erabat ilustrazioaren munduari. Kerobia taldearen azalak eta Joseba Sarriona-ndiaren Gau ilunekoak liburua ilustratu ditu, eta album ilustratuak sortzeko Etxepare saria irabazi zuen Mikel nebarekin batera. Horretaz gain, hainbat lan argitaratzeko autoediziora jo izan du. Duela urte eta erdi itzuli zen Amezketara eta hurrengo geltokiaren bila dabil, Moleskineak eta boligrafoak poltsan.
Autoerretratua
Umetan, printzesak, txirristak eta baserriak marrazten omen zituen Maite Gurrutxagak etengabe. Orain, bere mundua hiru objekturekin marraztu beharko balu etxea marraztuko luke lehenik; jendea gero, jende xehe eta txikia; eta arkatzak eta papera azkenik. “Printzesak desagertu ziren” dio, eta begiak txirrista, beste fantasia batzuetara irristatzen da

Azkenak
2024-10-02 | Leire Ibar
Emakumeenganako diskriminazio sexista %18,5 igo da azken bi urteetan

Honakoa dio Arartekoak argitaratu duen ikerlanak. Jarrera matxisten inguruko azterketak Euskadiko nerabe eta gazteetan jarri du fokua. Diskriminazio gehien gertatzen diren espazioak kalea eta sare sozialak dira.

 

 


Montse Borda. Pinturaren artisaua kobazuloan
“25 urtez astebururo fabrikan ari naiz, baina horrek astegunetan tailerrean egotea ahalbidetzen dit”

Iruñeko Arrosadia auzotik pasatzen naizen aldiro sartzen dut burua Santa Marta kaleko tailerrean. Hor da Montse normalean: potetxoan pintzela sartu, trapu batean ia pintura dena kendu eta pintzela mihisean igurzten, begiztan. Bere espazio-denboran sartu naiz gaur eta... [+]


2024-10-02 | Julene Flamarique
Lan-baldintza “miserableak” salatu zituzten langileak kaleratu ditu The Champions Burgerrek

Iruñerriko Laneko Autodefentsa Sareak The Champions Burger jardunaldian langileek pairatzen dituzten lan-baldintza kaxkarrak salatu zituen aurreko astean The Champions Bugerrek langileak esplotatzen ditu lelopean.


2024-10-02 | Inma Errea Cleix
Ez da sexua

Aldarri eta kanpaina, lege, arau, plan eta aurrekontu, babes-mekanismo eta zigor-makinaria oro gorabehera, etenik gabe jarraitzen dute kasu gogorrek eta jokabide zitalek betetzen albistegiak, tantaka zein zaparradan, eta gizon-desmasiak salatzeko protesta-ekintzek,... [+]


2024-10-02 | Itxaro Borda
Tupperware

Ikasi berri dugu Earl Tupper jaunak Floridako Orlandon, 1947an, sortu zuen mila koloretako ontzi enpresa peko errekara doala, desagertzeko zorian dela, preseski. Badirudi plastikoak konkurrente larriak dituela, adibidez, linean egiten diren salerosketena edo erabilpen bakarreko... [+]


2024-10-02 | Hiruki Larroxa
Gizonen anaidia akabatzeko premia

Gisèle Pélicot-en kasuak bortxaketetatik haratago dagoen arazo bat erakusten du: gizonezkoon konplizitatea indarkeria matxistaren aurrean. Kezkagarria ez da soilik erasoa, baizik eta, gertatutakoa jakinda, egoera ez salatzea erabaki zuten gizonen isiltasuna... [+]


2024-10-02 | Cira Crespo
Euskaldunen eraztuna

Gaur egun, gure munduan eraiki diren hierarkia guztiak mundu mailako kolonizazio prozesu baten emaitza dira. Menderatze-hierarkia global horiek elkarren artean txirikordaturiko beste hierarkia zehatzagoek osatzen dituzte, hau da, klasekoek, etnikoek, estetikoek, eta baita... [+]


2024-10-02 | Jesús Rodríguez
Amerika Kopa eta elefantea gela erdian

Directa-ren ikerketa batetik abiatuta ezagutu dugu iruzurra. Bartzelonan egiten ari den belako Amerika Koparen antolatzaileek argitaratutako audientzia eta bisitari kopuruak faltsuak dira. Gaia garrantzi sozial eta politiko nabarmena izaten ari da, faltsututako datu horiek izan... [+]


Enarak beti itzultzen dira

Maule, 1892. Zaraitzu ibarreko zortzi emakume espartingile Zuberoako hiriburutik etxera abiatu ziren, baina bidean, Larrainen, elurteak harrapatuta, hotzak hil omen zituen denak. Zortzietatik zazpiren izenak iritsi zaizkigu: Felicia Juanko, Felipce Landa, Dolores Arbe, Justa... [+]


Gorputz hotsak
“Lehen, itsuak etxean gorderik zituzten”

Sortzez Hazparnekoak (Lapurdi) ez badira ere, berrogei urte baino gehiago daramatzate Étienne Arburua haltsuarrak eta Cathy Arrotcarena hoztarrak Hazparnen bizitzen, eta urteak dira elkar ezagutzen dutela. Itsuak dira biak, eta larunbatero Angelura (Lapurdi) joaten dira... [+]


Eta klimaren konponbidea baso eta paduretan ere balego?

Urriaren amaieran Calin (Kolonbia) egingo den Biodibertsitateari buruzko COP16 biltzarra mugarri izan daiteke, lehen aldiz ekosistemen galera jarri nahi delako CO2 isurien eta berotze globalaren arazoen mailan. Baina noiz utzi zion horrela izateari?


2024-10-02 | Moon of Alabama
Gerra hurrengo fasera iritsi da

Irailaren 17ko astean, Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk erabaki zuen Hezbollah-rekin Libanon zuen misil trukea beste maila batera eskalatzea, eta erabateko gerra hastea.


2024-10-02 | Jonathan Cook
Israelgo tortura zentroak ez dira berriak, urriaren 7ko indarkeria eragin zutenak dira

Ez bazara gai ikusteko palestinarren belaunaldi ugariri Israelek egindako gehiegikerien eta Hamasen krimenen arteko lotura kausala, ez duzu arrastorik ere giza izaerari buruz.


Eguneraketa berriak daude