Darko Drijevic (Montenegro) ilustratzaileak irabazi du Barakaldoko Nazioarteko Umore Grafikoaren Lehiaketa. 300 parte-hartzaile baino gehiago lehiatu dira hamargarren edizioan. Bigarren saria Leandro Ezequiel Martinezek (Argentina) jaso du, eta hirugarrena Nikola Listesek (Kroazia). Eskuinean, irabazlearen marrazkia.
Iñaki Ruiz de Egino artistaren Caligcromías erakusketa uda osoan izan da ikusgai Urdazubiko (Nafarroa) San Salvador monastegiko klaustroan. Orain, eskultore donostiarrak bi pieza handi paratu ditu leku horretan: 450 kiloko Kuboaren jaiotza izenekoa eta 3.000 kiloko Altxa zaitez izenekoa. Horrez gain, monastegian beste hainbat obra behatu daitezke urtarrilaren 2ra arte, 50 urteko pintura Euskal Herrian izeneko erakusketan, tartean daude Jose Luis Zumetaren margolanak.
Xabier Makazagaren El manual del torturador español liburuaren (Txalaparta, 2009) aurkako kanpaina salatu dute Euskal Herriko 104 liburuzainek: “Kezkatuta gaude zentsura-kasu honengatik, eta salatu egin nahi dugu, aurrerantzean politikoak arlo profesionaletan sar ez daitezen. (...) Liburutegi publikoetako funtsek eta zerbitzuek ez dute inongo zentsura ideologiko, politiko edo erlijiosori loturik egon behar, ezta presio komertzialei ere. Txalapartak Interneten jarri du liburu osoa, doan deskargatzeko moduan.
Fernando Beorlegi(Campanas, Nafarroa, 1928-Eibar, Gipuzkoa, 2008) margolariaren atzera begirako erakusketa jaso du Lizarrako (Nafarroa) Gustavo de Maeztu museoak, Gogoaren pintzelkada garratzak izenburupean. Bere seme Mikel Beorlegiren hitzetan, “hamaika ismo erabil daitezke haren lana sailkatzen saiatzeko, baina oso zaila da. Unearen arabera aukeratzen zuen errealitateaz zuen ikuspegia nola islatu”. Erakusketa otsailaren 28ra arte izango da zabalik.