argia.eus
INPRIMATU
Eta wolframioa gerran sartu zen
Nagore Irazustabarrena Uranga @irazustabarrena 2010ko abenduaren 23a
Bigarren Mundu Gerra
Alemaniar Panther tankea Bigarren Mundu Gerran. Naziek wolframioa behar zuten tankeen, ontzien nahiz hegazkinen blindajea hobetzeko eta jaurtigaiak gogortzeko. Horrek, azkenean, Espainia frankistaren eta AEBen arteko harremanak baldintzatu zituen.www.deviantart.net
Madril, 1943ko martxoa. Alemaniako enbaxadore Hans Adolf von Moltke Francoren Industria eta Merkataritza ministro Demetrio Carcellerrekin bildu zen eta zera esan zion: “Guretzat wolframioa gizakiarentzat odola bezain garrantzitsua da”.

Wolframioa edo tungstenoa metal estrategikoa zen, fusio puntu altuena duen elementua baita. Bigarren Mundu Gerran blindajerako eta jaurtigaiak gogortzeko erabiltzen zuten. Txina zen munduko ekoizle nagusia, baina 1941ean Alemaniak SESB inbaditu zuenetik Asiatik Europarako garraioa etenda zegoen, eta Europa bertako ustiapenetara jo behar izan zuten alemaniarrek. Europako wolframioaren %95 Iberiar penintsulan erauzten zenez, nazien arma industriarentzat nahitaezko bihurtu zen gobernu frankistarekin hornikuntza adostea. Eta orduan Espainiaren eta AEBen arteko “wolframioaren gatazka” piztu zen, Joan Maria Thomas historialariak La batalla del wolframio. Estados Unidos y España de Pearl Harbor a la Guerra Fría (Cátedra, 2010) lanean jaso duenez.

AEBetako Gobernuak Espainiari petrolioaren salmentaren gaineko enbargoa ezartzea erabaki zuen, eta bi herrialdeen arteko tentsioa areagotu egin zen. AEBek hainbat baldintza ezarri zuten enbargoa altxatzeko: Espainiako uretan atzemandako itsasontzi estatubatuarrak askatzea, Hitlerren alde borrokatutako soldaduak zigortzea... Baina baldintza nagusia Alemaniarako wolframio esportazioak etetea zen.

Roosevelt presidenteak hauxe esan zuen: “Egungo Espainiako erregimena higuingarria da estatubatuarren demokraziari eta gobernu egokiari buruzko ideientzat”. Carlton Hayes historialariak, garai bertsuan, zera esan zuen memorando batean: “Estatubatuar gehienek Espainia errepublika demokratiko bihurtzea nahi dute”.

Baina gatazkaren oinarriak ekonomikoak ziren, ez ideologikoak. Eta, hala, baldintza ekonomikoak konpondu ahala, estatubatuarren iritzia ere aldatu zen. Hayesek berak geroxeago esan zuenez, “Espainia funtsean herrialde demokratikoa dela onartzen dut, demokraziak askotariko adierazpideak izan baititzake”. AEBek Francoren diktaduraren amaiera ez bultzatzea erabaki zuten, besteak beste, 1783an, Bergaran, Elhuyar anaiek isolatutako elementu kimikoari esker. Edo haren erruz.