argia.eus
INPRIMATU
Aurrekontu antisozialak eta insolidarioak
Juan Mari Arregi 2010ko abenduaren 23a
Euskal gehiengo sindikala (ELA, LAB, STEE, EHNE, HIRU) kalera atera da joan den astean Gasteizen, eta gauza bera egingo du aste honetan Iruñean, gobernuen eta foru aldundien aurrekontuak salatzeko, azken urteetako antisozialenak eta insolidarioenak direlako. CCOO eta UGT, beren aldetik, murrizketa sozialen kontra manifestatu ziren.

López eta Sanz-en gobernuak patroi berak –Merkatuak– eta Estatu berak –Espainiakoak– lotzen ditu. Bakoitzak bere politika inposatzen die. Horrela, euskal gehiengo sindikalaren arabera, gobernuen 2011ko aurrekontu-sailetan 2010ean baino askoz gutxiago bideratuko da osasunera, hezkuntzara eta etxebizitza politikara, zehazki 182, 168 eta 18 milioi euro, hurrenez hurren. Murrizketa horiez gain, babes sozialaren egungo sistemari eragingo dien beste batzuk ere mahai gainean daude jadanik. Aurrekontu horiekin langabezia gehiago egongo da 2011n, zerbitzu publikoaren kalitatea eskastuko da eta beharrezko babesik gabe utziko dira krisia jasaten ari diren pertsonak. Bitartean, kapitala babesten da. EAEko enpresariek, opor fiskalengatik, ez dituzte itzuli 750 milioi euro, Lópezen gobernuak politika sozialerako bideratzen duen kopuruaren bikoitza. Iruzur fiskalak eta paradisu fiskalek euskaldun askoren babesleku izaten jarraitzen dute.

Gure nazio subiranotasunaren errespetutik hasita, beste eredu ekonomiko berria behar da. Euskal Herrian erabaki behar dira aurrekontuak, eta ez Madriletik edo Paristik inposatzen diren joko arau eta mugen arabera. Eredu ekonomiko berria behar dugu, herritarrek, gehiengo sozialaren zerbitzura egongo diren aurrekontuen eta politika fiskalaren eraketan parte hartu dezaten. Enpresari eta bankari handiek gobernuak aholkatzen segitzen duten bitartean, hauen politikaren emaitzak antisozialak eta insolidarioak izaten jarraituko dute.