argia.eus
INPRIMATU
Zenbat izar dago unibertsoan?
Joxerra Aizpurua Sarasola 2010ko abenduaren 14a
unibertsoa
Gure historian ikerlari ugari saiatu da unibertsoan dauden izarren kopurua ezagutzen, baina denek porrot egin dute. Hala ere, bi astronomo estatubatuar, Pieter van Dokkum (Yale Unibertsitatekoa), eta Charlie Conroy (Princeton Unibertsitatekoa), Hawaiin dagoen Keck behatokiko teknologiaz baliatu dira galaxia eliptikoetako izar kopurua zenbatzeko.

Zortzi galaxia eliptiko zahar aztertu dituzte, hau da, unibertsoaren historian oso garaiz sortu zirenak eta guregandik 50 eta 300 milioi argi-urte bitarteko distantziara daudenak. Abenduaren hasieran eman dute aurkitutakoaren berri Nature aldizkarian.

Gure galaxian 400.000 milioi izar daude gutxi gorabehera, eta aztertutako galaxia eliptikoetan bost edo hamar aldiz gehiago dagoela adierazi dute ikerlariok. Horiez gain, eguzkiaren masaren %10 edo %20 duten nano gorri ia ukiezinak daude; horien kopurua gure galaxiako izarrena baino hogei aldiz handiagoa izan daiteke. Baieztapen horrekin batera beste hau ere egin daiteke: izar gehiago baldin badago, planetak ere ugariagoak izango dira, eta gure Lurraren antzeko planetak existitzeko aukerak ere handiagoak izango dira.