argia.eus
INPRIMATU
Egunean 90 zentimorekin bizirautea
Juan Mari Arregi 2010ko abenduaren 14a
Urrunekoa eta gure kontsumo gizartean ia ezinezkoa iruditzen zaigun arren, milioika pertsona daude munduan egunean euro bat baino gutxiagorekin “bizirauten” dutenak. Milioika lagun horiek landa guneetan bizi dira, ozta-ozta, munduko populazioak landatarra izaten jarraitzen baitu, hiritarra baino. 3.100 milioi pertsona, hau da, biztanleria osoaren %55, landa guneetan bizi da, bereziki Afrika, Asia eta Hego Amerikan. Horietatik 1.400 milioi muturreko pobrezian bizi dira –egunean 0,90 eurorekin bizi dira–, eta 1.000 milioi inguruk gosea pasatzen du: gosea pasatzen duten hamar lagunetik zazpi landa gunean bizi da. Datu horiek eman ditu Nekazaritzaren Garapenerako Nazioarteko Funtsak idatzitako Pobrezia landa gunean 2011 txostenak.

Hori da munduko egoera. Sistema ekonomiko injustu, diskriminatzaile, insolidario, terrorista eta hiltzailean bizi gara, eta izen bat du: kapitalismoa. Sistema honek babes politiko handia du munduan: planetako gobernu gehienak. Gobernu horiek, Espainian aire kontrolatzaileen kasuan bezala, esaten dute ez dutela xantaiarik onartzen eta Estatuari pultsua botatzen dionak, galdu egiten duela. Badaude, ordea, beste sektore batzuk, hala nola “Merkatuak” (banka handia, inbertsio eta pentsio funtsak, paradisu fiskalak...), estatuei xantaia egin eta etengabe pultsua botatzen ari zaienak. Eta merkatuok ez dute galtzen, irabazi egiten dute, herritarren eskubideak eta laguntza sozialak bortxatuz. Kapitalismoa, beraz, etengabe ari zaio estatuari pultsua botatzen eta miseria, pobrezia, gosea eta heriotza probokatzen planetaren zati handi batean, eta beti irabazten du. Ez badugu sistema kapitalista hau geldiarazten, planetaren erdia hilko du.