argia.eus
INPRIMATU
Leire Olaberria, urrezko txirrindularia
IƱaki Zubeldia 2010ko abenduaren 09a
Dani Blanco
Ikaztegieta herri txikia eta apala da, baina badugu pozik eta harro egoteko motiborik: Leire Olaberria txirrindularia, gure herriaren izena Txinan, Polonian eta beste hainbat tokitan ezagun egin duen neska. Garai batean, atletismoan marka bikainak egin bazituen ere, atletismoa utzi egin behar izan zuen eta pistako txirrindularitzari lotu zitzaion 26 bat urterekin. Eta ordutik hona bere marka guztiak hobetu besterik ez du egin. Irabazitako guztiak aipatzea zaila da, baina azken bi urte hauetan poz handiak eman dizkio Euskal Herriko txirrindularitzari: Beijing-go Joko Olinpikoetan brontzezko domina lortu zuen puntuazio proban, Espainiako erlojupeko proba absolutuan txapeldun 2010ean, aurtengo udan, Mallorkan egindako pistako txapelketetan, 5 urrezko domina eta 2 zilarrezko lortu zituen, eta azkenik, duela hilabete inguru, Polonian jokatutako Europako txapelketetan, urrezko domina lortu zuen, Omnium izeneko lehiaketan (sei proba desberdinez osatua: scratch, 500 m abiaduran irtenda, jazarpena, puntuazioa...)

Citius, altius, fortius” latinezko esamolde bat da eta “azkarrago, altuago, indartsuago” esan nahi du. Hauxe da Joko Olinpikoetako lema edo goiburua, Aro Modernoko Joko Olinpikoetan, Atenasen 1896an, Pierre de Coubertin baroiak esan zuena. Leirek badirudi gogoan hartu duela esamolde hori eta bere buruari ezarri dion apustua horixe dela: beti hobetzen joateko ahaleginak egitea. Eta lortu dituen garaipenak hori baieztatzera datoz.

Gizonezkoetan aipatu, goraipatu eta ahoz aho zabaltzen dira honelako balentriak, baina emakume batek lortzen dituenean askoz indar mediatiko eskasagoa izaten dute eta ez dute hainbesteko aipamenik merezi izaten. Hobeto esanda, merezi bai, baina ez zaie hainbesteko meriturik aitortzen. Baina Leire Olaberriak egin dituenak ez dira ahuntzaren gauerdiko eztula eta nik ahots ozenez goraipatu nahi ditut gure herritarraren garaipen horiek. Ikaztegieta bezalako herri txiki batentzat ohore handia da horrelako kirolari bikain bat edukitzea, munduko onenekin lehiatu eta irabazteko ere kapaz dena.

Osasuna eta zortea izan dezazula, Leire, goi-mailako txirrindulari horien artean lehiatzeko eta garaipen gehiago lortzeko. Ea Olentzerok zorte hori eta garaipen batzuk ekartzen dizkizun opari.
Aupa, Leire!