argia.eus
INPRIMATU
Kutxa publikoen harrapaketa
Juan Mari Arregi 2010ko abenduaren 09a
“Merkatuek” –banka, pentsio funts eta finantza erakunde handiak– inoiz ez bezala kontrolatzen dute politika, Espainiako eta Frantziako Estatuena, baita Europa osoarena eta munduko zati handienarena ere. Gobernuek indarrik gabe eta mendean harturik ikusten dute nola ari diren egiten historian izandako kutxa publikoen harrapaketa multimilioidunena. “Merkatu” boteretsuen menpe dauden gobernu horiek egunero gero eta gehiago errenditzen dira hauen esanetara. Eta finantza krisi hau sortu zutenak –liberalenak, Estatuaren interbentzioaren kontrakoenak– dira orain, euren galerak herritarren ongizatearen kontura sozializatu nahi dutenak.
Jada “erreskataturiko” herrialdeak edota mehatxupean daudenak, erreskate hori urte askoan ordaintzera beharturik aurkitzen dira, zergak igoz eta prestazio eta eskubide sozialak murriztuz edo kenduz. Hori da “erreskate” deitu izan zaien horien atzean dagoena: Grezia, Islandia, Irlanda... eta etorriko direnak. Argiago: “erreskateak”, Alicia Stürtze historialariak dioen moduan, banka pribatuaren onurarako kutxa publikoen harrapaketa multimilioiduna baino ez dira, eta harrapaketa hori da, hein handi batean, langile gehienoi endosatu nahi diguten defizitaren eragile, gutxi batzuk itsuski aberasten diren bitartean.

Gobernuek izen-abizenekin seinalatu beharko lituzkete harrapaketa horren erantzuleak. Esan dezatela zein diren merkatu horiek eta atzean ezkutatzen dituzten espekulatzaileak. Eta haiengana jo dezatela. Ongi etorria izango litzateke EAJk proposatutako espekulazioaren kontrako paktua, ekonomia nazioarteko finantza merkatuen espekulazio mugimenduetatik babesteko. Dena den, beldur gara hauteskundeetako marketin itxura hutsa ez ote den izango.