Aldean egokitu zait bertako hauteskunde bezperatan ibiltzea. Alderdietako lehia izango genuela inguratuko gintuen ia gai bakarra pentsatzen nuen. Oker nenbilen, aspaldiko bozketarik txatxuenaren aurrean geundelakoan itzuli ginen. Ibili garen entrepresetako jendearen artean ez genuen inongo aipamenik entzuten, eta gure jakin-nahiaren galderei, ezaxolazko keinuz erantzuten zieten gehienetan. Asper-asper eginda sumatu ditugu bisitatutako bazterrak, jokoan legokeenaren emaitza, edozein izanda ere, deus on berririk ekartzeko kapaz ez balitz bezala.
Eta zerbait esateko gauza ziren ale sueltoek, CIUren garaipen ziurrak ez zituen batere berotzen, deus aldatzeko gauza ez bailiran. Sekulako abstentzioa gertatuko zela zirudien, gu behintzat aski garbiki itzuli ginen hori ondorioztatuta. Baina hara non, emaitzek besterik erakutsi digute eta parte-hartzeak gora egin du. Hangoa ikusirik, PSEk guztiak eta bi egingo ditu hemen ahal dela bereari eusteko, eta hori gertatu dadin, ezker abertzale osoaren parte-hartzea eragotzi behar du kosta ahala kosta. Badaki, jakin, eltze hori ezingo duela egosi bere nahierara ezker abertzalea barruan bada, eta konjeladorean atxikitzea izango du bere estrategiaren oinarri ia bakarra.