"Iritzi publikoaren bataila irabazi ezean, euskarak ez du etorkizunik izango"

  • Iñaki Martinez de Luna (Gasteiz, 1950) Soziologia doktorea da eta EHUn Elikadura eta Kultura eta Gizarte-ikerkuntzarako Teknikak ikasgaiak ematen ditu. Azkenaldian soziologo baino soziolinguista gisa ezagunagoa egin da; besteak beste, Hiznet Hizkuntza Plangintza Graduondoko zuzendaria da. Euskararen normalizazioan, herritarrekin egin beharreko pedagogia lana azpimarratu du.
Iñaki Martinez de Luna
Josu Txabarri
Zarata mediatikoz beteriko garai nahasiotan, merkatu logiketatik urrun eta irakurleengandik gertu dagoen kazetaritza beharrezkoa dela uste baduzu, ARGIA bultzatzera animatu nahi zaitugu. Geroz eta gehiago gara, jarrai dezagun txikitik eragiten.
EHUko fakultatean elikaduraz eta kulturaz aritzen dela jakiteak harridura sortu digu, gasteiztarra soziolinguistatzat baikenuen: “Soziolinguista ni? Etiketa hori zintzilikatu didate, eta ni harro eta pozik, baina ez da nire hautua izan. Soziologoa naiz formazioz eta ofizioz, eta gero euskararen militantea. Bat egin dute bi gauza horiek, eta etiketa horri ez diot ezetzik eman inoiz”.

Euskaltzale gehienek garai batean baino jarrera soziolinguistiko helduagoa daukatela idatzi duzu.


Bidea egin dugu, hainbat urtetako eskarmentua daukagu. Beti adibide bat jartzen dut; 1978-79 ingurua izango zen, Deustun ikasi nuen, euskararen inguruan zebilen auzoko talde batean esaten zen: “Bost urteko epea emango dugu jende guztiak euskara ikas dezan eta epe horretan ikasi ez duena bidali egingo dugu”. Hori zen soziolinguistikari buruz geneukan ezagutza maila. Horrekin batera zihoan, ikaste hutsarekin bazetorrela erabilera, eta dena bideratuta zegoela. Begira nondik abiatzen ginen. Zorionez-edo, hori oso atzean geratu zaigu. Orain badakigu zer den hizkuntzaren berreskurapena. Ez dugu asmatu oraindik...

... formula magikoa?


Horixe! (barrez). Baina konsziente gara horrek eskatzen duen ahaleginaz, dituen zailtasunez... bada zerbait. Gaur egun euskalgintzaren ezagutza maila altua da eta horretaz hitz egin dezaket. Unibertsitatean ematen nituen eskolak, hitzaldiak euskalgintzan... Lehen lau gauzatxo esatearekin nahikoa zenuen, jendea harrituta eta liluratuta geratuko zen entzundakoarekin, deskubrimendua zelako. Gaur egun prestatuta joan behar duzu zerbait esatera.

Erantzun egiten dizute.


Defraudatu egiten dituzu. Ikastaroren bat ematen baduzu, ariketen bitartez ikusten duzu jendeak zer maila daukan. Hizneten bertan ikusten da jendearen maila: honi erantzuteko, ostra! Alde horretatik euskalgintzak pauso ikaragarriak egin ditu.

Euskalgintza formatu bai, baina iritzi publikoaren bataila irabazi behar dugula diozu.


Aitzindaritza oso aurrean dago, ondo jantzita dago erronkei aurre egin ahal izateko, baina hizkuntza gizarte horren zati da, eta hizkuntzak bizirauteko behar du gizarteak hizkuntza horren gorabehera guztiak bere egitea. Orain dela urte batzuk euskalgintza ez zen bezala, gizartea ez da konsziente hizkuntzaren berreskurapena zer den, zein nekeza den, zein inplikazio behar den... Gizartea ez bada konsziente hizkuntzaren arriskuez, bada, egoera ez da ideala.


Iritzi publikoak kontrakoa ez baizik eta euskararen aldeko jarrera duela hartuko al dugu kontuan?


Kaleko jarrera asko aldatu da azken hogei-hogeita hamar urteetan. Duela urte batzuk euskara jakitea miresgarria zen jende gehienaren aurrean, adibidez Gasteizen: “Badakizu euskara? Nolako zortea daukazun!”. Gaur egun ez da halakorik, eta gainera, errotu den diskurtsoa ondokoa da: hizkuntza inposatutako kontua da, halabeharrez ikasi behar da, gogoz kontra bada ere. Lanerako exigitzen dizute eta hori dela-eta askotan diskriminazio tresna bezala erabiltzen da. Hori zen duela ia hamar urte piztu zen diskurtsoa, eta pentsaezinak diren giroetara ere hedatu da, hala nola, militanteak ez baina euskaltzaleak direnengana.


Hori sinistera ere iritsi gara, derrigortasuna, alegia.


Diskurtso hori euskaltzaleak ez ziren giroetan sortu zen, baina horraino hedatu da. Iritzi publikoaren bataila hor dago, bestela euskarak ez du etorkizunik izango. Azken finean, gizarteak uste badu ez duela ahaleginik egin behar egoera gutxituan dagoen hizkuntza horren alde, baizik eta “rollito” onarekin ibili behar dela... bada orduan bai, nagusia den hizkuntzaren alde egingo dugu beti denok eta kito. Horrela ez dago egoera deserosorik inorentzat, ezta? Baina nora doa hizkuntza planteamendu horiekin? Kontua da jendea formatzea, eta beraiek jabetzea hizkuntzaren eguneroko borroka, trintxeretako borroka, zein garrantzitsua den. Jende askok ez daki hori, eta oraindik pentsatzen du seme-alabak eskolara bidaltzearekin nahikoa dela.

Jendeari lagundu egin behar zaio gogoeta egiten, bestela, batetik, inposizioaren diskurtsoa, eta bestetik, pragmatismo ekonomizista nagusitzen dira. Hausnarketa piztu behar da parametro berrien eskutik, eta parametro horietako bat da hizkuntzen ekologiarena, berdintasunarena... Diskurtso hori filosofikoki oso borobila da. Gertatzen dena da, filosofia askorekin bezala, egunerokotasunean ez daukala indarrik.


Zer esan nahi duzu horrekin?


Sinistuta ere, konbentzimendu handia izanda ere, begira zenbat gose dagoen munduan. Zer egiten dugu gosearen kontra? Ezer ere ez. Ekologia dela-eta, zein da gure eguneroko jarduna? Ordenagailua gauean martxan utzi pelikula jaisteko, kotxea hartu zeren bestela gehiago itxaron behar dut autobusa hartzeko... Gauza bat da konbentzimendua eta beste bat konbentzimendu hori praktikara eramatea. Hizkuntzen ekologiaren diskurtsoa oso konsistentea da berez, baina aplikatzerakoan ez dago nondik heldu, euskarriren bat behar da ondo heltzeko.

Dena dela, orain enpresa munduan dabiltza kontu horiek lantzen eta polita da.


Eta aurkitu al dute euskarria?


Filosofia abstraktu potente hori sistemaren muinean, hau da, ekonomian, txertatzeko aukera izanez gero, orduan bai. Enpresetan hizkuntzen ezagutza eta erabilera gero eta ohikoagoa denez, ea nor den kapaza esateko, “euskara ez, e!”. Gogorra da; txinera, alemana eta beste onartu behar badituzu zergatik ez euskara? Kontua da hausnartzea zein hizkuntza zertarako, zein baldintzetan... Nola aurkitu oreka inongo hizkuntzarik kaltetu gabe.


Funtzio banaketaz-eta ari zara?


Adibidez. Kontua da jada diskurtso hori, hizkuntza guztiek eskubidea dutela-eta onartua dela enpresa munduan eta lan ildo interesgarria izan daiteke. Gainera, mundu horretan dabiltzan euskara teknikariek oso formazio sendoa dute, ikuspuntu horretatik baldintza oso onetan gaude.

Bestalde, Topagunearentzako egin dudan gogoetan diskurtso berria proposatzen dut, ez euskararen aldeko diskurtso bakarra, orain arte izan den bezala, hau da, gehienbat identitatean oinarritutakoa. Euskalgintza abertzaletasunaren planteamenduetan mugitu izan da. Horrek balio du, niri balio izan dit, baina ez du balio jende guztiarentzat.

Badiozu, ordea, nortasunaren kontzeptuak balio izan digula euskara erabiltzerakoan motibazioa izateko eta horren ordezkorik ez dugula aurkitu. Bada besterik?


Hizkuntzen ekologiarena, bada. Gainera, osagarriak izan daitezke, nola kudeatzen den abertzaletasunean eraikitako diskurtsoa. Adibidez, irakurria dut artikulu polita zeina iristen den erdaldunak aipatzeraino. Alegia, erdaldunak ere erakarri beharko ditugula. Bai, baina nola? “Gure hizkuntzak, euskarak, bakarra izan behar du”, eta horrelakoekin erakarriko ditugu erdaldunak? Hori baztertzailea da. Horregatik diot, askori, zorionez, nortasunean sortutako indar hori beharrezkoa zaigu, balio digu, baina abertzale sentitzen ez direnekin zer egingo dugu?

Diskurtso integratzaileagoa behar da, ideologien gainetik doana eta horretarako hizkuntzen ekologiaren diskurtsoak balio du. Gainera, diskurtso abertzalea eta hizkuntzen ekologiarena barneratzen baldin badituzu, bada bi motibo hizkuntzaren alde egiteko. Bakarra denean, motiboa bai, baina ahulagoa da. Bi motibo dituzu, eta euskal gizartean istilurik ez sortzeko aukera bakarra, zeren bestela hizkuntzaren gorabeherekin istiluak sortzea oso erraza da.

Gasteizen adinekoei hitzaldiak eskaini dizkiezu hizkuntza aferaz. Inposizioaren diskurtsoa barneratuta zutenak “tolerantzia lezioa eman diguzu” esanez hurbildu zaizkizu gero. Zenbaiten kontzientzia zirikatzea lortu duzu.


Aurreiritziak dauzkagunean hainbatetan ezagutza faltagatik izaten da. Egoera ezagutu eta gero hasten zara ulertzen, eta behin egoera ulertuta pieza bakoitzak bere lekua dauka. Txarrena ezjakintasuna da, horrekin ez goaz inora, zeren denak dira aurreiritziak, aldekoak edo kontrakoak, baina astoen pare, itsu-itsuan. Gainera, ezjakin zarenean, klitxeen bidez argudiatzen duzu, “bai!”, “ez!”.
Klitxeak, besteek emanak.

Bai, bai, noski. Horregatik da oso inportantea ezagutzea eta ulertzea. Horrela bestearen planteamendua ulertzeko, eta agian, onartzeko ere gaituago zaude. Hori da gaur egungo erronka, gizarteak euskara bere egin behar du eta ezjakintasunean ez du bere egingo. Herrietan gertatzen ari dena da: “Baina badago euskara elkartea herrian”. Baina zuek kultur elkartekoak zarete, zuek euskaltzaleak zarete, hizkuntza guztion kontua da, ez euskara elkartearena.


Zuk geroko batean ikasi zenuen euskara. Ezjakintasuna gainditzeaz, iritzi publikoa formatzeaz hitz egin duzu. Nola konbentzitu zintuzten zu euskara ikasteko, edo nola konbentzitu zenuen zeure burua?


12 urterekin udalekutara joan nintzen Sitgesera [Kataluniara]. 25 arabar ez euskaldun geunden eta 75 katalan. Katalanek katalanez egiten zuten, Arabako baskitoek gaztelaniaz egiten genuen. Jantokian-eta laguntzen genuen eta hangoek katalanez egiten zidaten. Nik frantses pixka bat banekien, ulertzen nien eta jarraitzen nien. Behin ez nion ulertu eta: “Baina ez zara katalana?”, “Ez, euskalduna naiz”, “Orduan euskaraz jakingo duzu”, “Beno... zerbait...”, “Esan zerbait euskaraz”, “Txakurrak kanpora!”. Tutik ere ez nekien. Horrek pentsarazi zidan.

Garai hartan horrek funtzionatzen zuen, beraz.


Nekane Jausorok eta biok lan bat egin genuen euskaldunberriei buruz. Aztertu genuen euskaldundu diren batzuek zergatik pausoa ematen duten eta hitz egiten hasten diren, eta zergatik beste batzuek, nahiz eta maila ona lortu erabiltzeko jauzia ez duten ematen.

Unibertsitatera 25 urterekin joan nintzen eta euskaldunekin ibiltzea erabaki nuen. Orduan, irakaskuntzan, euskaltegietan, ez zegoen erabilerarako pausoa emateko estrategia planifikaturik; mintzapraktikako saio batzuk izaten ziren, gehienetan derrigorrezkoak ez zirenak. Askotan esan izan dut iruzurra egiten zela. Ikasten hasten zen guztiari jakinarazi behar zitzaion, gaitasun maila bat lortu behar zela, baina maila batetik aurrera astean horrenbeste ordu praktikatu egin behar zela. Hori ez zen esaten. Nork bere buruari iruzurrik egin ezean, zintzo aritu behar zuen, berdin amarekin, lagun koadrilarekin edo lanean, euskara praktikatzen.
“Euskalgintzako interes kontrajarrien arteko ika-mikak baretzea lortu da”

Euskalgintza sasoiko dagoela diozu, baina koordinazio beharrean.


Ez dakit hitza koordinazioa den. Behintzat lortu da interes kontrajarrien arteko dinamikak hurbiltzea edo ika-mikak baretzea. Hori lortu da, eta inportantea izan da. Beste pauso bat faltako litzateke, gogoeta partekatua eta estrategia partekatua. Agian oraindik pauso batzuk falta direla egoera idealera iristeko? Adibidez, Topagunearen inguruan dagoen dinamikan, uste dut, badagoela heldutasun nahikoa puntu horretara iristeko. Oso pozik nago han antzemandako giroarekin, jarrerekin, interesarekin.

Orain euskalgintzan egosten ari den gauzarik inportanteenetakoa al da Topagunearen hausnarketa?


Garai batean egiten zena ez dut ezagutzen eta ez daukat konparatzeko aukerarik. Alabaina, XXI. mende hasiera hau berezia da, aldaketa egoera da eta parametroak ez daude garbi inon. Euskalgintzarentzat ere oso abagune polita da jauzi kualitatiboa egiteko, planteamendu eta dinamika berriak abian jartzeko, gizarte mugimendu bezala. Euskararen aldeko gizarte mugimenduaren lehen pausoak ondokoak izan ziren: kontzientzia hartu, oinarrizko lanketak planteatu, inoiz eskaini ez ziren euskarazko zerbitzuak herri mailan antolatu, aisialdiko hainbat kontu, sentsibilizazio saioak... Baina oraindik mugimendu horrek ez du bere egin hizkuntzaren aldeko lidergoa bere osotasunean, alegia, diskurtsoa sortu, komunikazioa landu gizartean... estrategia eta instrumentu guztiak baliatuta. Uste dut hori dela orain eman beharreko jauzia.

Orain arte lidergoa non egon da? Askotan administrazio publikoan, agian beste aukerarik ez zegoelako. Gero hori politizatu egin da eta boterea eta kontraboterea sortu dira. Orain dialektika hori ari da ezabatzen, baretzen edo bideratzen. Ez nuke esango botererik eta kontrabotererik behar ez denik, batzuetan bai, besteetan ez. Egin beharreko galdera da: Une honetan hori behar da ala ez, denok konpartitzen dugun helbururako?

Azkenak
2025-03-20 | Elhuyar
Autismoak: normaltasuna zabaltzeko aukera bat

Berrogei urte dira Euskal Herrian autismoaren inguruko lehen azterketak eta zerbitzuak hasi zirela. Urte hauetan asko aldatu da autismoaz dakiguna. Uste baino heterogeneoagoa da. Uste baino ohikoagoa. Normalagoa.


2025-03-20 | Euskal Irratiak
Iparraldeko euskalgintzak Senpereko Larraldea etxea galduko du

Euskalgintzak Senpereko Larraldea etxea faltan botako du. Uda gabe, Bertsularien lagunak, bertan gelditzen den azken elkarteak, lekuz aldatuko du eta etxea hetsiko dute. Euskararen, euskal kulturaren eta arteen ohantzea izan da Larraldea, urte luzetan Andoni Iturrioz mezenasak... [+]


2025-03-20 | Iñaki Inorrez
Euskaraldia ez! Euskal Oldarraldia bai!

Badakizuenok badakizue, beste gauza asko bezala, euskararen aldeko borrokan ere politikoek, eragile batzuek eta hedabideek beraien antzezlana saldu nahi digutela, benetakoa balitz bezala.

Lehen urtean pozik jaso nuen, "Euskaraldi" hau. Zer edo zer zen, ezer ez zegoela... [+]


Euskararen zapalkuntza sistematikoa

Euskarak, mendez mende, zapalkuntza sistematikoa jasan du, eta oraindik ere borrokan dabil egunerokoan bere leku duina aldarrikatzeko. Hizkuntza baten desagerpena ez da inoiz berez gertatzen; planifikazio politiko eta sozialak eragiten du zuzenean. Euskaldunoi ukatu egin izan... [+]


2025-03-20 | Sustatu
‘Eta erasotzailea ni banaiz?’ ziberjazarpena ikuspegi berri batetik

Puntueusek eta Cyberzaintzak elkarlanean ikusentzunezko baliabide pedagogiko bat sortu dute gazteentzat eta haiekin lan egiten duten profesionalentzat: irakasle, guraso eta hezitzaileentzat. Ikusentzunezko honen bidez, ziberjazarpena ezohiko ikuspegi batetik... [+]


BSHko lantokiko sarbidea itxi dute langileek euren etorkizuna negoziatu nahi dutela aldarrikatzeko

Kamioiak ez sartu ez atera. Horrela eman dute goiza BSHko Eskirozko lantokian. Parez-pare langileak aurkitu dituzte protestan. Hilkutxa batekin, elkarretaratze formatuan lehenbizi eta Foruzaingoak esku hartu behar zuela jakin dutenean eserialdia egin dute erresistentzia pasiboa... [+]


Ekologismoaren kontrako oldarraldia AEBetan: Greenpeace 660 milioi euro ordaintzera zigortua

Dakota Access oliobidearen kontrako protestengatik zigortu du Ipar Dakotako epaimahai batek erakunde ekologista, Energy Transfer Partners enpresak salaketa jarri ostean. Standing Rockeko sioux tribuak protesten erantzukizuna bere gain hartu du.


2025-03-20 | Estitxu Eizagirre
EH Bizirikek manifestazioa deitu du larunbaterako ‘Euskal Herria ez dago salgai!’ lelopean

Sareak nabarmendu du Euskal Herri osoko eragileak daudela bertan eta deialdiak 140tik gora atxikimendu jaso dituela: "Horrek islatzen du zein den gaur egungo errealitatearen urgentzia, lurraren defentsaren beharra eta auziarekiko dagoen konpromezua".


2025-03-20 | ARGIA
Arratzua-Ubarrundiako EH Bilduko zinegotziek dimititu egin dute, Solariaren proiektuarekin “eskuak lotuta” dituztelako

Koalizio abertzaleko hiru ordezkariek ohar baten bidez euren "frustrazioa" adierazi dute proiektu fotovoltaikoa ezin gelditzeagatik: "Egoera horren aurrean, ez gara legegintzaldia amaitzeko indarrez sentitzen". Proiektu honi ez! plataformak salatu du EH Bilduren... [+]


2025-03-20 | El Salto
Kataluniako erreferendumean gomazko balak jaurti zituzten lau poliziari ez diote amnistia emango, eta auzipetu egingo dituzte

Lau agenteak lesio-delituengatik ikertzen ari dira eta horrek galarazten du 2024ko amnistia aplikatzea. Polizia horietako batek, ustez, gomazko bala batekin begi bat zartatu zion Roger Español kataluniarrari.


2025-03-20 | Euskal Irratiak
Arrazismoaren kontrako giza-katea egingo dute Baionan larunbatean

Arrazismoaren aurkako nazioarteko eguna kari, larunbat honetan 16 alderdi, kolektibo eta elkartek deia luzatu dute, Baionako Marengo eta Pannecau zubien artean giza kate bat osatzeko. Aniztasuna, elkartasuna eta giza eskubideen errespetua aldarrikatzera deitu dute,... [+]


2025-03-20 | Gedar
“Ertzainek aita jipoitu zuten nire alboan, 65 urte ditu eta elbarria da”

Ertzaintzak martxoaren 13an Bilbon zauritutako bi pertsonaren testigantza jaso ditugu. Athleticen partidaren ostean larriki zauritu zituzten aita-semeak, borra-kolpeka, eta atxilo eraman zuten haietako bat. Furgonetatik ikusi zuen ertzainek nola egin zuten tiro jendearen kontra,... [+]


Israelen genozidioa salatzeko protesta andana antolatu dute

Palestinarekin Elkartasuna plataformak osteguna, ostiral eta larunbatean eginen ditu protestak, Israel genozida. Palestinar erresistentzia aurrera! lelopean. Gernika-Palestina-k ere manifestazio nazionala antolatu du larunbaterako Donostian. Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak... [+]


Eguneraketa berriak daude