argia.eus
INPRIMATU
Dabilenaren alderdi sentikorrena
  • Nabil ::Egunsenti bat lez

    autoekoizpena

    iraupena :: 41’05’’

    prezioa ::8 €

Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2011ko urriaren 05
Nabil taldearen bultzatzaile nagusiena Unai Egia ipurterre lekeitiarra da: aurten Nabilen bigarren diskoaz gain, Mitosia taldearen lan bikoitza ere egin du, eta orain gutxi utzi dio Txapelpunk taldean jotzeari; ibilbide luzea dauka. Nabilen bigarren diskoa askoz landuagoa da, eta Egiaren alderdi sentibera azaleratzen du oraingoan ere. Hala, iraganean iltzatuta daukan metalaren oinarria eta gaur egun barruak eskatzen dion pop-rocka parera jartzen saiatzen da disko honetan. Tarteka, aztarna heavyak dituen metal melodikoa egiten du; eta beste batzuetan Ken Zazpiren tamainako melodia eta intentsitatea duten piezak. Baina badira mota askotako ñabardurak ere. Euskaraz egin du kanta guztietan eta sentimenduekin, naturarekin eta sentsazioekin lotutako pieza biluziak dira ia guztiak.

www.myspace.com/nabilspace
"Nabil sortzean lau zatitan banatzea erabaki nuen: Ura, Lurra, Airea eta Sua"

Erromantiko hutsa zara, ezta? Alderdi hori erakusten duzu Nabilekin. Mitosia taldeak konpentsatzen du hori?


Nabilekin biluzik sentitzen naiz, barrukoa kanporatzen dut abestietan. Mitosiaren hitzak garratzagoak eta dibertigarriagoak dira. Nabilen familia, haurtzaroko oroitzapenak, maitasuna… lantzen ditut; eta Mitosian heriotza, gai sozialak, filmetan oinarritutakoak…

“Zerua”, “izarrak”, “izpiak”, “txinparta”, “olatuak”, “solstizioa”, “hondartza”, “ura”, “sua”, “kea”, “haizea”, “hotza”, “euria”, “txingorra”... Naturak leku garrantzitsua dauka zure bizitzan? Inspirazio garrantzitsua da?


Bai. Nabil sortzean lau zatitan banatzea erabaki nuen: Ura, Lurra, Airea eta Sua. Bere begiei itsasertzean egindako gogoeta zen eta Egunsenti bat lez basoan oinarritutako diskoa.

Lan honek jauzi kualitatiboa dakar. Ideiak askoz landuago zenituzten?


Beti esan ohi da hori, baina lan hau helduagoa, borobilagoa, zuzenagoa eta indartsuagoa da. Bestela, elementuak berberak dira: ahots melodikoak, gitarra rockeroak, akustikak… Eta Xanperekin grabatzeak ere zerikusi handia du emaitzean.


Aurten Nabilen disko hau eta Mitosiaren disko bikoitza kaleratu dituzu. Egunsenti bat lez, sasoitsu zaude?


Egia esan, urte intentsoa izan da. Gainera, Txapelpunk taldean ibili naiz orain dela pare bat hilabetera arte.


Zure pop nahiak eta metal oinarriak bat egiten dute Nabilen. Zein da garaile?


Abesti oso desberdinak daude lan honetan: metal ukituak, pop-rocka, bakarlari itxurakoak, instrumental bat... Ez da inor garaile atera, abesti guztiek dute garrantzi bera.


“Goiza arratsaldearen zain, hau gauaren zain eta urteak joan ziren”. Zuk, argi eta garbi, ez duzu denbora galdu nahi, ezta?


Beti nago konposatzen. Beharrizan hori daukat etengabe. Beti nago melodiak asmatzen ensaiatzen eta zuzenean jotzea ere maite dut.