argia.eus
INPRIMATU
Biktimak bake prozesuaren beharrean
Xabier Letona Biteri @xletona 2010ko abenduaren 09a
gernika
ESTATUAREN BIKTIMEN onarpenarekiko urrats esanguratsua eman zen joan den astean. Ñabardura eta desberdintasun handiekin bada ere, Eusko Legebiltzarrak onartu egin zuen Unesco Etxeak Estatuaren biktimei buruz Eusko Jaurlaritzarentzat egindako txostena. Baina bistan da asko falta dela: izenak, kaltetuekiko aitortza pertsonala, justizia bideak, kalte-ordainak, torturatuak... ETAren biktimei azken urte luzeetan erakunde publikoetatik egin zaien aitortza hori alegia.

Bide egokiaren zantzua da, zalantza barik, baina oraindik ere biktimen gaiaren sakonera iristeko bide garrantzitsua falta da arrazoi askorengatik. Nagusiki, oraindik ere adostu behar delako nor den biktima, zein mailatan eta biktimekiko onarpenaren azken helburuak zeintzuk diren finkatu behar direlako: sufrimenduaren onarpena, justizia, memoria eta berradiskidetzea (elkarbizitza, bizikidetza...).

Biktimen gaia ezin da garatu irabazle eta galtzaileen ikuspegitik, behintzat euskal gizartea gutxieneko kontsentsu berri baten inguruan berreraiki gura bada, elkarbizitza eta bizikidetza benetan helburu badira bederen. Eta helburu horiek nekez beteko dira, aldi berean bake prozesu bat aurrera eramaten ez bada. Azken 50 urteetan izan den gatazka bortitzaren ondorioak bideratuko dituen bake prozesu bat, gatazka politikoari irtenbidea emango diona eta, giza eskubideak oinarri, eskubide urraketak izan dituzten pertsona guztiak aintzat hartuta.

Gaur gaurkoz, ordea, hori da saihestu gura dena: motibazio politikoa duen gatazka bortitza izan dela –dela oraindik ere– onartzea, eta horrek kolore askotako biktimak ekarri dituela. Egia da ETA oraindik bizirik dagoela, eta ez gaudela bake prozesu formal batean –eta akaso geroago ere ez–. Egia da oraindik giza eskubideen urraketak bizirik direla eta, egia esateko, une honetan gehiago Estatuaren aldetik ETAren aldetik baino. Egia da testuinguru horretan Estatua eta bere defendatzaileentzat, gaitza dela biktimen gaia bake prozesu baten testuinguruan kokatzea. Baina bide hori egin egin beharko da, ez da beste biderik, biktima guztien sufrimendua onartzen bada, eta buruan elkarbizitza eta berradiskidetze soziala baldin badugu behintzat.
Alde bakoitzak bere denbora behar du egokitzeko eta hori onar dakioke Estatuaren aldeari, baina argi izanda irabazle eta galtzaileen diskurtsoak ez duela etorkizunik, euskal gizartearen zati oso handi batek –gehiengo handiak seguruenik– ez duela onartzen eta diskurtso horren gainean ez dagoela elkarbizitzarako aterperik eraikitzerik.

MEMORIA
klabea da pertsona eta gizartearen garapenerako, memoria pertsonala eta memoria kolektiboa. Memoria pertsonala bakoitzak garatu eta moldatzen du, bere pertzepzioen moldaketaren arabera. Baina kolektiboa desberdinen artean egin behar da, eta horretarako gatazkaren ikuspegi desberdinek beren memoriaren berrazterketa kritikoa egin beharko dute, nonbaiten gutxieneko kontsentsu batera behintzat iristeko. Eta, biktimekiko bederen, gutxieneko kontsentsu hori printzipio honen gainean egiten da: moralki sufrimendu guztiak dira berdinak. Hori da Hego Afrikan Desmond Tutu artzapezpikuak Egia eta Berradiskidetzearen batzordean printzipio moduan finkatu zuena.

Agi denez, ezker abertzaleak egin beharko du iraganaren azterketa kritiko hori. Baina beste horrenbeste Estatuaren hariak bideratu dituzten indar politikoek, funtsean PPk eta PSOEk. Eta seguruenik hemen ere beharko dugu Egiaren gisako batzorderen bat, gatazkak eta bake prozesuak bizi izan dituzten beste herrialdeetan moduan, biktimen inguruko gutxieneko kontsentsu hori egituratzen lagunduko duena. Funtsean, herritarrok jabetu beharko dugu elkar bizitzaren benetako beharraz, gure politikariak eta instituzioak ere norabide horretan bultza ditzagun.

Frankismoak garaile eta garaituen gizartea eraiki zuen, baina horren ondorioak larriak izan ziren espainiar gizarte kohesioarekiko. Zeresanik ez euskal gizarteari dagokionez. Euskal Herrian, bukatu gabeko trantsizioa burutzeko ordua da. Zein den kontsentsuaren esparrua, zein lehia politikoarena, hori da finkatu behar dena.