argia.eus
INPRIMATU
Bahea
2013ko maiatzaren 07a

Ana Telletxeak Noticias de Gipuzkoan esanak: "Hizkuntzaren bestelako alderdiak –antzinatasuna, lehenagoko hedadurak, ahaidetasunak, bizi-baldintzak...– edozein kasutan, balioak dira, baina gure hizkuntzaren eskubideak errespetatu daitezen eskatzeko ez dugu inolako pedigririk aurkeztu beharrik. Hizkuntza eskubideak hizkuntza guztientzat berdinak beharko lirateke –nolanahikoak direla–, guk ez dugu besteek baino justifikazio handiagoa eta pisuzkoagoa eman beharrik euskarak errespetua, zaintza eta miresmena jaso ditzan".

 

Jose Luis Alvarez Txillardegik Garan esanak: "Badakigu, edo jakin egin behar genuke, hiru faktorek markatzen dituztela euskararen mugak:

1-Ezaguera maila minimotik behera, ezinezkoa dela euskarak beharrezko maila lortzea. Alegia, erdaldun elebakarren maila jaitsi behar dela, derrigorrez. Eta horrek prezio politikoa duela.

2-Ez dela egia, faltsua dela, euskaldunon leialtasuna txikia dela. (...)

3-Euskaldunon kontzentrazio geografikoa (hau da, gizarteko anisotropia) guztiz beharrezkoa dela erabileraren kota jasotzeko. Nahiz honek, berriz ere, prezio politikoa izan. Euskararen bakartasuna, edo nagusitasuna, lortzeak ondorio politikoak izango ditu. Eta badakigu. Belaxkakeriek ez daramate inora kasu hauetan. Egia ikusi behar da, eta garbiki esan herriari: politikari maltzurrak eta ezjakinak salatuz".

 

Iñaki Beobide Jarrai antzerki taldeko zuzendari ohiak Berrian esanak: " “Profesionalak diren talde horietako batzuek erdaraz prestatzen dituzte antzezlan guztiak. Hori da dirua irabazi behar dutelako, hortik bizi nahi dutelako; horretara behartuak daude, horretan sartuak daudelako”.".