argia.eus
INPRIMATU
Aurtengoz amaitu da ozono-zuloa
Joxerra Aizpurua Sarasola 2010ko abenduaren 09a
ozono-zuloa
Ozono-zulo izenaz ezagutzen duguna urtero Antartikan eta abuztutik azarora bitartean gertatu ohi da.

Irailean bi aipamen egin genituen ozono-zuloaz Argian. Batean ozono-mailaren eboluzioa azaltzen duen webgunearen helbidea eman genuen, eta bestean azken urteetan ozono-zuloaren joera gero eta txikiagoa izatea dela azaldu genuen.

Aurten zer gertatu da? Esku artean ditugun datuen arabera, arestian aipatu joera indartu egin dela esan dezakegu. NASAk argitara emandako diagraman ikus daiteke, batetik, 2006. urtean izan zuela zuloak hedadurarik handiena: 26 milioi kilometro koadro. Aurten, zuloak hemeretzi milioi kilometro koadroko hedadura baino ez du izan. Diagramaren beheko aldeak, berriz, erakusten du aurten neurtutako ozono kantitate txikiena 127 Dobson unitatekoa izan dela, 1994. urteko minimo historikoa (92 Dobson unitate) baino dezente handiagoa.

Joera ikusita optimistak izateko arrazoiak daudelakoan gaude. Datorren urtera arte...