Ezin zaio ukatu betiko ezker abertzaleari, behin eta berriro, motibazio abertzaleak berbizteko eta, neurri batean, biltzeko daukan gaitasuna. Erreformulaziorako talentua du. Gai dira herri honetan historikoki dagoen gogo-nazionalarekin konektatzeko. Mezu garbia darabilte aldarri nagusian: independentzian. Hainbesteri, tartean beren lehengusu txikiari ere, hitzez hitz ahoskatzea kostatzen zaion terminoa aireratzen dute ozen. Hitz hori erabiltzeko ez daude koiuntura ezberdinen menpe. Komeni den, komeni ez den, korapilo taktikoen gainetik salto egiten dute harro. Gustatzen zait hori. Nortasun adierazpentzat jasotzen dut nire baitan.
Fase berrian sartu da mugimendu abertzalea. Bi kontzeptu ditu oinarritzat: independentzia eta sozialismoa. Lehenaz hitz egin dut gorago. Bigarrena garatzeko eta garai honetara ekartzeko aukera ederra dauka orain. Hau da, sozialismoa, herrigintza eta gizartegintzarekin lotzea. Ezker izaerari adiera ezberdina eta konplexurik gabekoa eskaini diezaioke ausart eta sortzaile baldin badabil. Merezi du komentzionala ez izatea honetan eta gizartearen ekarpena eta gogoeta jasotzeko mekanismoak asmatzea. Ilusioa ber bi.