argia.eus
INPRIMATU
Silvio Berlusconi
Garbine Ubeda Goikoetxea @garbineubeda 2010ko abenduaren 01
Garbiñe Ubeda
Izena aipatze hutsak salmonelosiaren efektua du niregan. Barrenak pozoitzen dizkit. Goitik eta behetik eginarazten dit. Propultsioz ateratzen zaizkit hondakinak. Birus inbasiboetarako tolerantzia eskasekoa ni.

Bere balentria guztien artetik ez dakit zein den gehien nardatzen nauena, zein ahoberokeriari emango ote niokeen okaztagarriena izatearen meritua, hain baitu mardula zerrenda. Hainbestekoa baita bere profila.

Hasteko eta behin, aipamen berezia egingo diogu abokatu gisa duen etorriari; bere afera sexualak –eta pederastia– justifikatzeko baliatu izan duen defentsari: “Hobe neska ederrei begiratzea homosexual izatea baino”.

Auzitegi Konstituzionalak inmunitatea indargabetu zion egunean, bere zintzotasuna frogatzeko eta bidenabar epaileen politizazioa salatzeko erakutsi zuen arrazonamendu estoikoari: “Oposizioak deskribatzen duenari jarraitzen bazaio, gobernuburua munstroa da. Baina ezin du horrela izan, ez bakarrik apaina naizelako, baizik eta gainera ezin jatorragoa naizelako”.

Bere sokakoak ez direnentzat gordetzen duen politeziari: “Ezkerrak ez du gusturik. Gure emakumezko hautagaiak askoz ere ederragoak dira, parlamentuan erreparatu besterik ez dago. Ez dago konparatzerik”.

Jakina, kanpo inbertsioa erakartzeko asmatu duen publizitateak ere merezi ditu puxtarri lodikote batzuk: “Italian inbertitzeko pisuzko beste arrazoi bat emango dut: hemen idazkari izugarri ederrak ditugu... neska benetan liluragarriak”.

Eta, noski, lan prekarietateari aurre egiteko bururatzen zaizkion irtenbideek, batik bat emakumezkoek pairatzen dutenari begira jarrita: “Aita naizen aldetik –neska gazte bati esana–, Berlusconiren semearekin ezkontzea aholkatzen dizut, edo, behinik behin, antzeko arazorik ez duen besteren batekin”.

Nabarmentzekoa, halaber, historiako gertaera esanguratsuak berrinterpretatzeko darabilen optika eta umore kutsakorra: “Mussolinik ez zuen inor hil, aurkari guztiak oporretan erbestera igorri zituen”.

Edota nagusikeria zer den ondotxo dakiten agintarientzat, aipa dezagun beldurrik gabe Sarkozy, sortu duen eskola: “Errumaniarrak Italian sartu eta nahi dutena lapurtzen eta atrakatzen dute”.

Izan ere, bertako ezkertiarrak eta nazioarteko prentsa, konplot paranoikoan beti, kontrakoa frogatzen ahalegintzen diren arren, dibinoa dugu Berlusconi, “Jainkoak bere graziaz ukitua”, parerik gabekoa: “Ez dago lider politikorik, Europan nahiz mundu osoan, orkatiletara heltzen zaidanik”. Politikan bezala, baita negozioei dagokienez ere: “...edo izatez gerotan, Bill Gates”.

Uler nezake sentimendu antipolitikoa hain errotua duen herriak politikaren esperpentoa inork baino hobeto gorpuzten duenari sinpatia izatea. Uler nezake ustelkeria eta saldukeria fisiologiaren partetzat daukanak itsu-mutu-gor egitea azaleratu diren eskandalu eta prozesuetan, edo horietariko askotan. Uler nezake komunismoaren mamuari beldurra dionak “hura uxatu dezakeen bakarrari” konfidantza egitea. Uler nezake sistema faliko hau aldatzearekin bat ez datorren matxistak disimuloa alde batera uzten duen aiton lizun lotsagabea mito bilakatzeraino gurtzea. Baina autoestima soufle perfektuak baino haizatuago duen honek intsultatu eta gutxietsi dituenak (homosexualak, italiar pedigree garbia ez dutenak eta bereziki emakumeak) oraindik ere bere partiduan, bere alde, bere eskupekoekin gustura ikustea, hori ez dut sekula ulertuko.

Giorgio Gaber kantautorearen hitzak nirera ekarrita, ez da Berlusconi beldurtzen nauena. Berez, nire baitan eta ororen baitan dagoen Berlusconik izutzen nau.