Elorrioko alkate Niko Morenorekin (ANV-EAE) bake eta normalizazio prozesuaz eta datozen hauteskundeez egin du berba ARGIAk. Datorren astean kaleratuko den elkarrizketaren aurrerapena da hau.
Zer balantze egiten duzu legealdiaz?
Legealdia oso mediatizatua izan da. ETAk su-etena bertan behera laga zuen unean, baita ANVren ilegalizazioa izan zenean ere. Egoera politikoa nahaspilatu egin zen eta horrek ondorio gogorrak ekarri zizkion ezker abertzaleari. Udaletako errealitatea zaildu egin zen eginkizun politikoak aurrera eramateko. Dena dela, Elorrioko udal lanetan emaitza baikorrak lortu ditugu.
Nola ikusten dituzue datozen maiatzeko Foru eta Udal hauteskundeak, ezker abertzalearen egungo egoeratik?
Hauteskundeei begira guk hauxe esaten dugu: gero eta denbora gutxiago geratzen da, baina une honetan oraindik oinarrizko edukietan jardun behar dugu. Orain arte egindako ibilbidea eta emandako urratsak akordio estrategikoen ildoan izan dira, Gernikako Akordioa da horren emaitza. Gutxieneko demokratikoak adostea eta hainbeste eragile politiko ipintzea horien inguruan ados jartzea oso garrantzizkoa da.
Hauteskundeetan nola itzulikatuko den hori? Oraindik ez dakigu, subjektu elektoralak finkatu gabe daudelako. Nafarroan oraindik hor dago osatzeko. EAEn ez dakigu oraindik nola formulatuko den. Ezker abertzalearena da botila hutsik agertzen den aldea.
Artean, azpimarratu nahi dut ezker abertzalearentzat oso garrantzizkoa izan direla kaleko presentzia eta azken aldian izan diren manifestazioak, bai torturaren aurkakoak, bai hauteskundeei begira egindako agerraldiak. Kalean gu bakarrik ez egotea, beste alderdiak ezker abertzalearekin batera normaltasunez agertzea eta aritzea oso garrantzitsua da. Euskal gizartearentzat, ezker abertzalea EA, Aralar, Alternatiba –eta batzuetan EAJrekin– egotea, errebindikazioak elkarrekin plazaratzen ikustea baikorra da. Zentzu horretan jendarteari indar metaketa edota polo subiranistaren kokapen fisikoa eta bisuala zein den transmititu nahi diogu.
Gizarteak sinetsi behar du sukaldeko lana egiten ari garela, akordio zabala egiteko aukera dagoela, baita akordio bat baino zer edo zer sakonagoa ere bai. Hauteskundeak hor daude, eta guk parte hartzeko arrazoiak jarri ditugu mahai gainean.