argia.eus
INPRIMATU
Oroiminari jarriak
Jexux Mari Irazu @jexuxmariirazu 2010ko azaroaren 24a
Jexux Mari Irazu
Dani Blanco
I
Azaroa zeren hazi?
Goitik dena dator gazi
hauxe falta zen, memoriari
oroitzea galeraz
II
Alzheimerraren eztena
justu kontrako eskema:
Oroiminaren hasiera da
gogoratu nahi ez dena
 
III
Ukatuak, omenduak
bizia emanak, kenduak...
Zauria ireki egin behar du
aitortzaren ukenduak
IV
X jauna iraganaz
kezkaz eta tripak janaz...
Damu zalantzez hizketan, damu
gehiago hil ez izanaz
 
V
Azaroaren hamarra
denboralearen garra
berea eske itsasoa ta
memoriaren indarra.
VI
Memoriaren Egunean
neu ere begirunean.
Ahaztu gabe oroitzekoak
justu biharamunean.
 
VII
Alde bakarreko grinak
begi bakarreko minak
igual arrazoi izango dute
denak ez dira berdinak.
VIII
Joseba Arregi zena
tortura oihu ozena
gero Meliton ta konpainiak
dute biktima izena.
 
IX
Ehunka, ez bost ta ez zazpi
hotzikararen argazki
Durangon ere ikusiko da
“Gernika ez zutela aski”.
X   
Zenbat gorpu ta arima
behar ditugunak mima
baina lehenbizi argituta zein,
noren ta zeren biktima.
 

Doinua: “Oihaneko pagoak blai”.

Bidali zure sortak bertsoak@argia.eus helbidera. Aukeratuak orri honetan argitaratuko ditugu.