argia.eus
INPRIMATU
Lilura estasi
Jakoba Errekondo 2010ko azaroaren 16a
Sasafraren (Sassafras sp) hostoak.
Sasafraren (Sassafras sp) hostoak.Muffet-CC By Sa

Musika dotorea egiten da zurarekin, zurezko tresnekin. Baita txar askoa ere. Musika egiten du zurak. Ebanoa (Diospyros generokoak), kaobak (Meliaceae familiakoak), Dalbergia generoko zuhaitz jendea... Zur onenak ditugu musika tresnetan. Txistu beltzetan adibidez. Zailduz hezitako esku finduek leuntzen dute musika borobilduko duen zura. Ondo leuntzeko aukera ematen duen zura da onena instrumentuetarako. Zur hauek egur trinkoetatik datoz, uretara bota eta hondora joaten diren horietatik. Aipatutako Dalbergia generoko espezie batzuetako enborrek metro kuboko 1.250 kiloko pisua izan dezakete. Harrapazank! Urak berak baino %25 gehiago. Tokitan daude gure egur trinkoak, ale bakanen batzuk asko jota uraren 1.000 kilo/m3 paretsuko izan daitezkeen artea (Quercus ilex), ezpela (Buxus sempervirens), hagina (Taxus baccata), maaltza (Pyrus sp), artelatza (Quercus suber), gorostia (Ilex aquifolium)... eta musikagintzarako batik bat erabili izan dugun Acer campestre astigar arruntaren 600 inguru kiloak. Zur trinkoak beteagoak dira eta finago leuntzen dira, eta leunean, nonbait, musikaria musikari, musika hobeto ontzen da, bikainagoa. Kirikoketa jotzaileren bati galdetu beharko diot, edo genero ugariagoa den bertsio modernoagoko txalapartariren bati: dolareko patsolaren leunak musikaren borobilean zenbaterainoko garrantzia duen... Kirikoketa urte garai honetako estasiaren adierazle zaharrenetakoa dugu. Dolareko sagardogintza lanak amaituta, sagar-jotzaileek etxeko larrainean, sagarra jo eta txikitzeko erabiltzen zuten sumilekin hura zanpatzeko patsola joaz dolareko lanen doloreak kirikoketaz eta kantuz goxatu eta dantzetan gozatzera ematen dira. Muztio gozoa eta lagunak gozo, elkarren liluran lotzen dira. Patsolaren haritzak (Quercus sp) sortutako estasia eta musika tresnetan erabiltzen hasi berria den Kanadako sasafra (Sassafras sp) zuhaitzaren egurrak sortutakoak, berdinak ote? Sasafratik lurrin gozoak sortzen dira eta mina kentzeko aproposa da. Bere olioa da, estasia deitzen den drogaren oinarrizko MDMA (3,4-metilendioximetanfetamina) sortzeko gaia. Lilura estasi.