argia.eus
INPRIMATU
Gurdiari tiraka
Urtzi Urrutikoetxea @urtziurruti 2010ko azaroaren 17a
Urtzi UrrutikoetxeaDani Blanco
Euskal auziak udagoienean hartu duen bizkortasuna ikusita, ez dirudi lar zuhurra, idaztetik argitaratzera bizpahiru aste egonik, gaiari heltzea. Irailaren bostetik ia astero iritsi dira albisteak: ETAren agiri edo elkarrizketak, independentismoaren sektoreen eta sentsibilitateen birkokatzeak eta urratsak, jeltzaleen sukalde lanak, PSOE eta PSEren tentuzko pausoak –baina pausoak, ahalik zarata gutxien egin nahita ere–, eta susmoak eta zalantzak, ilusioa eta mesfidantza... gaur El Paisen elkarrizketa eta Zapateroren keinu txikiren bat, bihar beste urrats bat atzera ezker abertzalea hauteskundeetatik kanpo egongo dela esateko. Eta batek baino gehiagok idatzi duenez, gidoia idatzita dagoen sentipena. Edo horretarako gogoa, agian.

Loiolako Hegiak
en argi adierazten du Arnaldo Otegik, aurreiritzirik gabeko bitartekariekin eta parez pareko egoeran, Estatuaren aurreko eztabaida erraz irabazteko gai dela ezker abertzalea. Funtsean herritarren hitza aintzatestea eskatzen baitu, hitz hori euren proposamenarekin bat ez baletor ere. Bistan da, egoera aldatu gura duenak gutxi du galtzeko. Baina unionistek errespetatuko ote lukete, Espainiatik bereizi eta euskal estatua sortzeko galdeketa? Eskozian ez dago zalantzarik, eztabaida termino horietan dago. Groenlandian ere bai. Amerikako Estatu Batuek ere, Gerra Hotzean aski probestuta, nahiago lukete puertorricoarrek beren bideari helduko baliote gaur egun. Baina Espainiaren trauma da bere lurralde hautsia, inperioaren gainbeheran lau mende daramatza eta ezin jaiki.

Dagoena bere horretan geratzeaz konforme, beraz. Status quoa nahi duenak gauzak ez mugitzea du helburu. Jesus Egigurenek aitortzen dio Imanol Muruari, dagoenarekin gustura daude. Gatazka politikoa, dagoenarekin gustura ez gaudenon auzia da.
Estatutua ospatu behar dela, euskara ez dela politizatu behar... hitz hutsalak dira, dagoenari eustea helburu duenaren hitzak. Espainiarrek ez zeukaten autonomia-estatutuen beharrik, ez eta euskararen koofizialtasunik, behartuta onartu zituzten haiek. Zintzoak izatera, esango lukete autonomiarik ez dela behar, euskararen aitorpena ere kalteko dutela. Baina dagoenari eusten diote, horren alternatiba independentzia dela jakitun. Norbaitek ez bazuen horren berri, Auzitegi Konstituzionalak argi utzi du Espainiak ez duela emango autonomia gehiagorik, hain gutxi federalismorik. Lortzen dena, abertzaleek gurditik tiratzen dutelako izango da, beti bezala.