Belaunaldi baten errautsak

  • Errautsak antzezlana aurkeztu berri dute Le Petit Théâtre de Painek, Artedramak eta Dejabuk elkarlanean. Luhusoko Harri Xurian muntatu eta estreinatu ostean azaroan Euskal Herria zeharkatuko dute, oholtzatik oholtzara belaunaldi oso baten ametsen errautsak banatzen.
Ainhoa Resano
Odei hil da. Lagun talde bateko zazpigarren kidea. Haren gorpua barnean duen kutxa ikus daiteke oholtzaren erdian. Haren lagunak, berria jaso eta gutxira, traje zurrunez jantzita joango zaizkio, begiak beltzez kristaldurik. Belaunaldi bereko sei lagunek azken agurra emango diote, oholtzako airea apurka eta kantatik kantara beteko duen festa gorabeheratsuaz. Azkenean ez dugu jakingo Odeiri buruz mintzo diren, edo haien gaztetako ametsen, ideien eta oroitzapenen errautsez.

Ainara Gurrutxaga, Ander Lipus, Manex Fuchs, Miren Gaztañaga, Urko Redondo, Ximun Fuchs. Oholtzatik oholtzara ikusi ahal izan ditugun aktoreak denak. Igor Elortzak eta Unai Iturriagak inprobisazioari esker idatzi dituzte antzezlaneko hitzak. Bada antzerkiaz gain elkartzen dituen gauza ugari: belaunaldi berekoak dira, eta haien mamuak gonbidatu dituzte oholtzara, festa betean. Ximun Fuchsen esanetan hori bera izan zen Errautsaken hazia: “Zer egin dugu gure ametsekin? Erraten ahal da Euskal Herria dela kasik Europako azken lekua non 70eko hamarkadako ideologia transmititu zaion gure belaunaldiari. Iraultzan sinesten da kasik oraindik. Espainian eta Frantzian gure belaunaldikoak zinikoak dira, beharbada izanen dute ekologismotik zerbait. Gure belaunaldiak zer atxiki du jaso duen horretatik? Izan ere, bada distantzia bat ideia horiek izatearen eta errealitateko bizitzaren artean”.

Hari horretatik uztartuko dira pertsonaien behinolako gogoak, asmoak, harremanak eta porrotak. Pertsonaia bakoitzak badu bere perfila: hipotekatuta bizi dena, gaztaroan bezala geratu dena, euskaldun bidaiaria, herritik mugitu gabe geratutakoa, euskaldun perfektua… Hala ere, denok izan dezakegu bakoitzetik zerbait. “Guztietan ezagutzen dugu gure burua nonbait, baita publiko bezala ere”.

Antzezlanean gorpua dagoen kutxa erabiltzeko modua zuzenean dago lotuta Lekeitio inguruko Kaxarrankarekin, eta haren sinbologia erabiltzeaz gain Odei bera metafora ere bat izan liteke. “Zer da 35 urte ditugularik errausten dugun gure belaunaldiaren ondasun hori, zer abandonatzen du gure belaunaldiak?”.

Gogoetarik badago Errautsaken hondoan, baina oroz gain teatroa da, bizia eta dinamikoa. Ximunen ustez, ez dute eskainiko erantzunik. “Ez dugu aski distantziarik, hainbat ate ixten dira eta gero berriz ireki. Azkenean pailazoarena egiten dugu, hori baita gure lana”. Pailazoa edo are, bufoia, Manexek dioenez: “Gure buruaz trufatzen gara. Zernahi gisaz, distantzia bagenu ere, demagun 40 urte barru, orduko gazteek pikutara bidaliko gintuzkete. Jendeak gure krudeltasunari esker irri egiten badu, horrek ekarriko du erantzun sorta bat”.

Bost euskalki eta batua, koadrila berean

Ximun Fuchsek aktore lana betetzeaz gain antzezlana zuzendu ere egin du. Berak antzeztutako Juglarea, puta eta eroa bakarrizketa etortzen ahal zaio gogora ikusleari, kutxa baitzen orduan ere oholtzaren ardatza. Manexek iradokitzen duenez, teatroa mugimenduan dagoelako da teatro, bilakaeran dagoelako. “Badira seguru beste antzezlan batzuen arrastoak ere”. Juglarean Ximunek hiru bakarrizketa bildu zituen, bakoitza euskalki batean. Errautsaken kasuan sakondu egin da teatroa eta euskararen arteko harremanean, pertsonaia bakoitzak bere euskalkia baitu. Ximunek dioenez, hasieran batua eta zuka hitz egiten saiatu ziren. “Zerbait falta zuen hitzak, azken finean bakoitzak beretik ematea. Hartu dugun bideak batetik dakar metafora kutsua indartzen dela, ez delako horrelako koadrila asko egongo Euskal Herrian. Nire ustez publikoaren entzumena behartzen du horrek. Bestetik indar berezi bat: azkenean hika egiten dugu denok eta horrek hurbiltasuna ematen dio lanari”.

Mendebaldekoa, erdialdekoa, nafar-lapurtera, nafarrera, zuberera eta batua lagun talde berean. Manexek oroitzen duenez haiek bizi izan dute antzeko egoerarik: “Iparraldeko ikastoletan baziren zuberotarrak, nafarrak, lapurtarrak… baita bizkaitarrak ere, errefuxiatuen seme-alaba anitz baitzen. Batzuetan baziren ikasten genituen hitz berriak, baina ez dugu sekula izan hizkuntza arazorik”.

Funtsezkoa izan da, nolanahi ere, Igor Elortzaren eta Unai Iturriagaren lana, aktoreek inprobisazioetan sortutakoari forma ematerako orduan. Ximunek aitortzen duenez gidoi moduko bat egina zuten aurretik, aktoreen lanean oinarriturik. “Laster konturatu ginen ez garela oso idazle onak. Horrelako lagun talde bat elkartzen delarik, haien artean errateko moldeak egoten dira, istorio komun bat antzeman behar zen mintzatzeko moldean. Hurbiltasunak dakarren goxotasuna, zirtoak…”. Antzezlanaren arimarekin jarraitzearren, beren belaunaldiko bertsolariak bilatu zituzten lan hori egiteko. “Iparraldeko teatro moduek badute moldeetan eta publikoarekiko harremanean loturarik bertsolaritzarekin”.

Eta kantua ere ez dabil bertsotik urrun, aktoreek doinuz lotuko baitute akzioa. “Kantuak haria dira antzerki guztian. Horrek biltzen gaitu oraindik, horrek permititzen du talde bat berriz eraikitzea, eta aldi berean memoria lan hori egiten da: badira kanta tradizionalak, eta bestetik Kortatu, Hertzainak, Itoiz, La Polla… haiek kantatzean guztioi etortzen zaizkigu oroitzapenak”.

Teatro moduak

Estetika eta lengoaia propioen bidean urteetako lana egin duen aktore taldea zuzendu du Ximun Fuchsek. Lipusek eta Gaztañagak Antzerkiola Imaginarioarekin besteak beste, Babiloniako Loreak antzezlana taularatu zuten duela urtebete eskas. Redondok eta Gurrutxagak Dejabu panpina laborategiaren baitan hainbat ikuskizun sortu dute, azkenak Gizona ez da txoria eta Azken portu. Fuchs anaiak Antton Lukuren eskutik murgildu ziren antzerkigintzan, Ximunek zortzi urtez kolaboratu du zuzendari modura hark bultzatutako eskola antzerkietan, eta Manexek Lipusekin batera sortu zuen Aulki hutsa. Ez dirudi erraza ibilbide pertsonal sakona duten aktoreak uztartzeak, baina Ximunek dioenez erabaki kontua da: “Arriskurik ez bada plazer gutxi aktorearentzat. Aitzinatzen ez den aktorea gibelera doa. Eta aitzinatzeko behar dira mundu berriak deskubritu. Hori egiten saiatzen gara. Zuzendaritza marrazkia da, koadroa, baina aktoreek egiten dute antzerkia”.

Ximunen esanetan Errautsaken antzezteko moldean badira bi ardatz: naturalista bata, eta modernoagoa bestea. “Denak gara mozorrotuak gorbatarekin. Horren sinbolika da orain helduak garela, gizarteratuak, jende normalak… benetan hori onartzeko zailtasunak ditugun arren (kar kar)”. Hortik tiraka teatroaren ohiko moldeetatik hartu dute aktore-koroaren  erabilera, eta hura hausteko eta kontrakotasunak nabarmentzeko modua.

Antzerkia ikusteko ohitura dugunok ohituegiak gaude agian, horretara ohitzerik baldin bada, euskara artifizialean taularatutako arima eskaseko lanak ikusten. Errautsakek hortik ateratzea lortuko du beharbada, baina Manexek ezin hobeto laburbiltzen du oinarrian dagoena: “Talde ezberdinak elkarrekin lan egitean bada Euskal Herrian euskaraz antzerkia egitearen gogo eta balorez beteriko asmo intelektual anitz, baina aldi berean, badugu ostatuko mozkor zale zenbaiten arteko konplizitate hori taula gainean, badugu plazer astapito bat elkarrekin lanean”.
“Errautsak” irakurtzeko moduak
Antzezlanak berez kontatzen eta iradokitzen duenetik harago, bada lerro arteko irakurketa ugari ere: euskaraz sortua da, euskalkia aintzat hartuz, testuaren kalitatea bilatuz baina, era berean, sormen prozesutik abiatuta eta ez testu itxi batetik. Lengoaia propioen bila dabiltzan taldeak elkartu dira lanerako, Harri Xuri bezalako espazio batean lan egin dute… iraultza betean ez bada, iraultza nahian hazitako Errautsakeko belaunaldi horrek agian bere buruari trufa eginez baino ezin du bere aburua serio hartu, baina ekintzen bidez mintzatzeko gaitasunik badu oraindik.

Garaian garaikoa, izan ere belaunaldi bakoitzak bere moduak topatu behar baititu. Hori bai, Errautsak oholtzan harrapatzeko adi egin beharko zaio so egutegiari: azaroan emanaldi ugari eskainiko dute, ostera bolada batez desagertzeko. Otsailean bueltatzeko asmoz, ez baitira agenda errazekoak. Oraingoz, pertsonaiekin batera ostatu, kanposantu, plaza eta frontoietan gaua zeharkatzeko hitzorduak topatuko dituzue hemen: www.errautsak.com.

Azkenak
Analisia
Nostalgiari ‘sold out’

Gauzak ez dira izatez errazak, eta, izango da batagatik edo besteagatik, baina, azken boladan, mingainari behar baino gehiagotan egin diot kosk bi kontu hauengatik: sold out-aren kultura eta FOMOa –azken hori agian azaldu behar da, ez baita hainbestetan esana: esperientzia... [+]


Zedarriak Foroari erantzuna
Defentsan inbertitzea

Zedarriak Foroak Euskadi eta Europar Batasuna, oparotasunaren eta lehiakortasunaren patu partekatua txostena aurkeztu zuen urtarrilaren erdialdean. Bertan, EAErako gomendioak jasotzen dira, Draghik eta Lettak Europako Batasunerako aurkeztu dituzten txostenak erreferentziatzat... [+]


2025-02-17 | Euskal Irratiak
Migranteen kontrako polizia operazio bat salatu dute Baionan

Hamasei migrante atxilotu zituzten otsailaren 6an Baionan, etorkinen eskubideen aldeko elkarteek salatu dutenez. Dirudienez, Baionako prokuradoreak eman zuen agindua. Operazioa autobus geltokiaren eta Pausa harrera zentroaren artean gauzatu zuen poliziak, tartean, adingabekoak... [+]


Musika eta dantzaren bidez, elkartasuna adierazi diote Palestinari Donostian

Kulturatik elkarteak antolatuta, Musika eta dantza Palestinarekin ekitaldia egin dute Alderdi Ederren gaur eguerdian. Palestinako herriari elkartasuna adieraztea eta jasaten ari diren genozidioaren bukaera eskatzea izan da helburua. Donostiako Udalaren Musika eta Dantza... [+]


Komunitateaz (I)

Konturatu orduko, 119 arkume jaio dira etxean, eta hamahiru ardi baino ez zaizkigu gelditzen erditzeko. Aurrerakoak diren urruxak jada izendatuta dauzkagu; horrek, inplizituki, esan nahi du hiltegira eramango ditugunak zeintzuk diren badakigula. Bereizte ariketa horretan... [+]


2025-02-17 | Nagore Zaldua
Amorrotxa, odol urdineko ameslaria?

Trebea, burutsua eta iheskorra; olagarro arruntak, izenak hala adierazten ez badu ere, aparteko trebetasunak ditu. Itsas molusku zefalopodo haragijale honek txundituta gauzka, bere ezaugarri eta ahalmen bitxiekin. Ornogabe guztien artean adimentsuena da, besteak beste.


2025-02-17 | Jakoba Errekondo
Intsektuen negupasa

Hotza gogor ari du. Ez denean, baina aurtengo neguan lurralde batzuk ederki jotzen ari du. Eta intsektuek nola irauten dute, udaberriarekin indarrean berragertzeko? Kaleko galdera izan dut bart. Hortik intsektuen adimendu eta buruargitasunera koxka ttikia dago. Berritu ditugu... [+]


2025-02-17 | Garazi Zabaleta
Xüxenka
Hurbileko laborari txikiek kudeatutako saltoki kolektiboa Maulen

Mauleko Euskalduna ostatuak urteak daramatza Zuberoako etxe ekoizle txikien produktuekin lanean, eta hiriburuko ostatu parean eraikin bat erosi zutenean proposamena egin zien laborari horiei berei: zergatik ez ireki hurbileko ekoizleen saltokia bertan? “Motibatuta zegoen... [+]


Harrera premia aurreikusiz Zumeta margolaria

Irakurlea dagoeneko jakitun dateke Euskal Herrian askatasunaren alde egon den eta dagoen gatazka politikoaren ondorioz urte luzetan kartzelan, erbestean edota deportazioan bizi behar izan duten euskaldunak, etxerako bidean, beren bizitza berregiten hasteko izaten dituzten... [+]


Trump-ek distentsio nuklearra eskaini die Errusia eta Txinari

Bi herrialdeekin arma nuklearrei buruz hitz egin nahi du AEBko lehendakari Donald Trumpek, ostegun honetan bere bulegoan kazetariei jakinarazi dienez.


Sexu jazarpena leporatu dioten EHUko irakaslea eskoletatik kanpo utzi du errektoretzak

EHUko Errektoretza Taldeak hedabideetara igorritako ohar baten bidez jakinarazi du neurria: "Unibertsitateak baieztatzen du salatu duten irakaslea jada klaseetatik at dagoela eta ez dela fakultatera joango kasua argitu arte".


AHT Hego Euskal Herrian: 15.000 milioi euroko inbertsioa Irunera abiadura handian iristeko?

Abiadura handiko trenaren aurkako manifestazioa egingo dute Iruñean larunbat honetan AHT Gelditu plataformak deituta, 12:00etan Diputaziotik abiatuta. Castejon eta Iruñea arteko trenbidearen eraikuntza lanek aurrera jarraitzen dute eta Espainiako Garraio... [+]


Emeadedei + Mahl Kobat
Gutaz ari dira

EMEADEDEI + MAHL KOBAT
NOIZ: otsailaren 2an.
NON: Zuiako gaztetxean, Murgian.

----------------------------------------------------

Iazko irailaren 20an izan genuen lehen aldiz musika kolektiboaren berri, sortu berri zuten sare sozialeko profilean: “Hemen da Hil da... [+]


Eguneraketa berriak daude