Iñigo Uriz / Argazki Press
EZKER ABERTZALEAK proposamena luzatu die Aralar eta EAri Nafarroako Legebiltzarrerako koalizioa osatu eta elkarrekin aurkezteko. NaBai beste era batera osatzeko, EAJrik gabe, pentsa dezake askok. Eta ezetz, hori ezinezkoa dela iritziko dio beste askok, Batzarre eta EAJrik gabe hori ez litzatekeela NaBai. Eta, zalantzarik ez, ez litzateke sorrerako NaBai, baina izan zitekeen beste NaBai bat. Edo beste zerbait, kontua ez baita NaBai bai ala ez, baizik eta ea nola egituratu Nafarroan abertzalea eta aurrerakoia den hautes eskaintza indartsu eta zabala.
Eta bide bi izan daitezke horretarako, beti ere ETArik gabeko eszenatokian pentsatuz. Lehenengo eredua Galiziako Bloke Nazionalistarena (BNG) da: esparru ideologiko zabalaren abaroan, nafarrei eskaintza abertzale aurrerakoia luzatzea. Saski horretan, Batasunatik EAJra arteko sentsibilitateak bildu litezke, eta aurrera begira PSNren aliantza bilatu –baina baita Nafarroako Ezker Batua eta Batzarrerena ere–, nafarren gehiengoak eskatzen duen bezala, eskuin nabarrista espainiarzalearen alternatiba egituratzeko.
Bigarren eredua ohikoagoa da, terminologia klasikoa erabilita honakoa: zentro-eskuineko indar abertzaleek osa dezatela eskaintza bat elkarrekin, eta zentro-ezkerrekoek beste bat. Zelanbait esanda, eta brotxa lodia erabiliz, EAJ eta Hamaikabatek osatuko lukete lehena eta Aralar, Batasuna eta EAk bigarrena. Gaurko egoeratik begiratuta, bigarren eskaintza hau litzateke nagusia, eta lehena honen osagarri. Eta eredu honetan ere, aurrekoan bezala, ezinbestekoa litzateke PSN eta beste sektore aurrerazale batzuen aliantza bilatzea, une honetan Nafarroan dagoen behar taktiko premiazkoena bideratzeko, hau da, UPN Gobernutik kanporatzea.
Baina, eta ezker abertzalearen igandeko eskaintzara itzulirik, ez dirudi orain denik eredu hauen ebazpen unea. Jakina da politikaren munduan ezin dela aterik itxi azken unera arte, baina denak adierazten du datozen udal eta foru hauteskundeetan NaBai-k egungo eskaintzari helduko diola eta ezker abertzaleak bere bidea egin beharko duela, legeztatua edo legez kanpo. Legeztatua bada, bere indarra neurtzeko aukera izango du; legez kanpoko egoeran, NaBairekiko oposizio tinkoa eginez edo, pragmatismoz, bere botoari malgutasuna emanez.
Edozein kasutan, eta beti ere bake prozesua arrakastatsua balitz, aurrera begira egungo NaBairen osaketa da jokoz kanpo dagoena, ez baitio erantzuten ez abertzaleen batasunari ezta ezker-eskuin ereduari ere. Herritarrok desio dugun eszenatoki malgu eta normalizatu batean, abertzaleen artean ere ezker-eskuin paradigma –nola izendatu bestela?– litzateke konfrontazio politikorako eredurik naturalena. Hori bai, aldi berean eredu bietatik praktika soberanistarako tarteak partekatuz eta elikatuz. Alde horretatik, orainean baino, ezker abertzaleko proposamenaren potentziala etorkizun hurbilean dagoela dirudi: 2012ko hauteskundeak, 2013koak... hemendik eta ordura arteko harreman esparrua elikatu eta zaintzen jarraitzen bada bederen.
Logikoa da ezker abertzaleak, era batera edo bestera, datozen hauteskundeetan egoteko ahaleginari eustea. Badaki potentzial handia duela. Baina beretzat arriskutsua ere izan daiteke horretan indar gehiegi xahutzea, esperantza horren kudeaketa hauteskundeetako giltza duenaren eskuetan jartzen delako. Oreka gaitza hauteskundeetan ere indar erakusketa egin nahi eta ezin duenarentzat. Baina azken bi urte hauetan, pazientzia eta antolaketaren bideak emaitzak eman dizkio ezker abertzaleari. Bide horretan jarraituta, emaitzok bototan islatzea denbora kontua besterik ez da.