argia.eus
INPRIMATU
Unai Azkarate - Azkaiter Pelox
Banuen gogoa abesti akustikoak rock formatura egokitu eta taldean erakusteko
Iker Barandiaran @IkerBarandiara 2013ko maiatzaren 07a

“Orainaldia harrapatu ezinezko harribitxi bat baino ez da izaten, benetan iheskorra izaten da”. Horregatik beti zaude makina bat proiektutan sartuta?


Urte osoa Azkaiter Peloxen kantutegiari talde izaera ematen pasa dugu, abesti akustikoak rock formatura egokitzen eta kontzertuak prestatzen. Beraz, proiektu honetan nahiko zentratuta gaude oraingoan. Mahaster Riverri dagokionez, parentesian dago kide bat musikal batean lanpetuta dagoelako.


Zer oroitzapen dituzu Bergaran, Lainon, eta Orion, Kalakarin, egindako kontzertu hauetaz?


Oso onak. Bergarakoan, Laino skate parkea kontzertu areto bilakatu genuen; eta Kalakariri dagokionez, urteak dira gure proiektuen diskoak han aurkezten ditugula. Jendeari esan genion grabatu nahi genuela eta oso ondo hartu zuten.


“Zein polita den ulertzea esaten ez dena”. Zure hitzak interpretatu behar dira, ezta?


Bai, asko gustatzen zait abestien interpretazioak entzulearen arabera anitzak izatea; nahiago izaten dut zeri buruz hitz egiten den esan eta bakoitzak uler dezala.

Hainbat abesti lehenagotik berreskuratu dituzu. Buelta erdi eman eta haizea hartu dezaten?


Aspalditik neukan Orratzen dantzen menpean rock formatuan aurkezteko gogoa. Horrez gain, diskoa zuzenean denez, aspaldi sortutako beste abesti kuttun batzuk berreskuratzeko lizentzia hartu dut.

Harrituta gelditu naiz bonuseko hip-hop-a entzutean. Halako erregistroekin ere ausartzen zara? Eroso ikusi duzu zure burua horretan?


2009ko udan Orioko skate pistan ezagututako Bernat Ramon disko jartzaile kataluniarrarekin sortu genuen abesti hori, haren estudioan. Horrez gain, Laino skate parkeko inaugurazioan beste rap batean kolaboratu genuen, eta hitzak idazterakoan hori da aintzat hartu dudana. Estilo askotara nago zabalik eta egia esan behar badut, gero eta erosoago ikusten dut nire burua abestiak konposatzerakoan.