argia.eus
INPRIMATU
Frantziako deszentralizazioaz
Mikel Asurmendi @masurmendi 2013ko maiatzaren 07a
Pays egituraz

Pays delako egitura bitartez sortu ziren Garapen eta Hautetsien Kontseiluak. Pays egitura desagertzen bada, ez ditugu halako instituzioak ukanen. Iparraldeko Auzapezen Biltzarra bildu da, egitura berri bat muntatu behar dela pentsatzen dugu gehienok, eta gogoeta prozesua abiatu dugu jadanik.
Paueko Kontseilu Nagusia (Departamendukoa) Bordelera (Akitania Erregiora) eramaten bada, boterea gero eta urrunagoa izanen da, herriko politika bideratzea gero eta nekezagoa izanen da. Tokian tokiko politikan eragitea galtzen badugu, gauzak zailagoak bilakatuko dira. Instituzio berezia behar dugu Euskal Herriarentzat. Anartean, Pays bezalako egiturak atxiki behar ditugu, bestela Frantziako politika orokorrean sartuko gaituzte.

Iparralderako instituzioaz

Europa egiten ari da eta ari gara. Akitaniako eta Hegoaldeko [Euskal Autonomia Erkidegoa] bi gobernuak ari dira anartean. Agian, etorkizunean tokiko erakunde azkar bat gauzatuko da. Nik Europako egituran erregio mailako instituzio bat ongi ikusiko nuke. Gero badakizu, hori lorturik ere, borrokatu behar dugu tokian tokiko politikak zure esku izateko.

AHT (Abiadura Handiko Trena) edo TGV hizpide

LGV (Abiadura Azkarreko Trenbidea) egin nahi dute merkantziak garraiatzeko. Euskal Herriarentzat ez dut ikusten burdinbide berria beharrezkoa. Badugu aski bide. Nik ditugun trenbideak hobeto antolatuta, lasai moldatu gaitezkeela pentsatzen dut. Akitaniako presidente Alain Rousset ados da AHT edo LGV delakoa egitearekin, baina kasu eman behar du. Konparazione, Kotte Ezenarro alderdi kidea du, Paueko Kontseiluan eskualdeko kontseilari nagusia da. Ezenarro ez da ados. Beraz, jarrerak kontrajarriak dira alderdi guztietan. Nire ustez, lurretan egiten diren obren eragina handiegiak dira, eta gainera trenbide berriak egiteko behar den sosa erokeria da.

Mugaz Gaindiko Zentroaz. (Euskadi eta Akitaniako gobernuek Hendaian ireki berri duten bulegoaz)

Patxi Lopez eta Alain Rousset alderdi bereko kideak izanda [PSOE eta PS] errazago da horrelako zentroak irekitzea. Herriarentzat ongi da ekimena. Bitarteko guztiak beti on dira bi aldeetako harremanak azkartzeko. Beste gobernu bat osatuko delarik instituzio gisako hauek hor izanen dira ere.