argia.eus
INPRIMATU
BBVAren “kirola”
Juan Mari Arregi 2021eko ekainaren 30
BBVAk duela gutxi hitzarmena sinatu zuen NBArekin lau urtetarako. Urtean 25 milioi euro inbertituko ditu babesle gisa. Modu berean, Espainiako Futbol Liga Profesionaleko babesletza berritu du, 43 milioi euro ematen ditu horrengatik. Orotara, euskal jatorriko bankuak urtean 70 milioi euro inbertituko ditu bi kirol erakundeak patrozinatzeko. Francisco Gonzalez BBVAko presidentearen arabera, kirol erakunde horiek eta bankua “gizarteari adiskidantza eta esfortzua bezalako baloreak transmititzeko tresna izan litezke, horrelakoak ere bai baitaude BBVAn, kirolaren bankua”. Esaldiok zinikoak dira, zeren eta BBVAren “kirola” Santander bankuak 1 Formularekin praktikatzen duen bera da. Botin-en bankuak 50 milioi euro inbertitzen ditu urtean 1 Formulan, baina inbertsio horren euro bakoitzeko beste bost irabazten ditu. Santanderrek denboraldi honetan 250 milioi euro eskuratuko ditu, 2014ra arte inbertituko duena urtebetean berreskuratuz.

Hori da Santander bankuko Botinen benetako “kirola”. Hori da, baita ere, BBVAko Francisco Gonzalezen benetako “kirola”. Espekulazioaren “kirola” da, errentagarritasun handiko sektoreetan inbertitzearena, enpresa txiki eta ertainei iturria ixten dien bitartean, ez direlako hain errentagarri eta seguruak. Joan den astean BBVAk Turkiako Garanti bankuaren %24,9a erosi zuen 4.200 milioi eurorengatik, bere kontrola bost urtean izango du BBVAk eta etekin handiak lortuko ditu horrekin. Beraz, BBVAren “kirol baloreak”, banka handiarenak bezala, lukurreria eta etekin maximoa dira, eta bere enplegatu askoren prekarietatea. Horrela baino ezin da ulertu 2009an Santanderrek 8.943 milioi euro irabazi izana eta BBVAk 5.736 milioi euro. Aurtengo urtarriletik irailera BBVAk 3.668 milioi euro irabazi ditu jadanik, hori da bere benetako “kirola”!